Berrikuntza, ikasleen eskutik. Euskadira iritsi da  FIRST LEGO Leaguea, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna sustatzen duen nazioarteko desafioa. Ezagutzen al duzu? 

Datorren larunbatean,  abenduak 12, sormenez eta berrikuntzaz gainezka egongo da Euskaltelen egoitza. Sei eta 16 urte bitarteko bostehun bat ikaslek erantzungo diote aurtengo FLL Euskadi desafioari: hondakinen kudeaketari, alegia.

Dibertituz heztea du helburu nagusi lehiaketak. Ikasleek zientziaren eta teknologiaren zirrara sentitzea da kontua. Nola? Bada, gaur egungo gai edo arazo batekin lotura duen desafio bati aurre eginez. Egungo zientzialariek ikertzen eta konpontzen dituzten arazo berak ikertu eta aztertu behar dituzte parte-hartzaileek.

Hondakinen kudeaketa

Aurtengo desafioak  (Trash Trek)  hau du helburu:hondakin gutxiago sortzea, edo hobeto tratatzea sortzen direnak. Hiru alderdi hauek hartu behar aintzat arazoari ekiteko:

  • Proiektu zientifikoa: sormenaz baliatzen dira ikasleak konponbide berritzaile bat asmatzeko.
  • Robotaren jokoa: robotak diseinatzen, eraikitzen eta programatzen dituzte parte-hartzaileek,  LEGO MINDSTORMS teknologia erabiliz, beren kasa zenbait lan egin ditzaten.
  • FLL balioak: integrazioa, aurkikuntza, errespetua eta talde-lana. Taldeko lanaren oinarritzat besteekiko errespetua sustatzea da ardatza.

Europako eta AEBko lehiaketetan aurkez ditzakete beren proiektuak irabazleek. Orain arte egin diren zazpi lehiaketetan, bederatzi euskal taldek hartu dute parte nazioarteko faseetan. Patente bat ere erregistratu dute!

Euskadi, berrikuntza-erreferentzia

Innobasqueren Berrikuntza Eskolak antolatzen du FLL Euskadi, zientzian, teknologian eta berrikuntzan Euskadi erreferentziazko lurralde gisara aurkezteko. Bestalde, berrikuntza sustatzen du gazteen artean, etaekintzailetza etakultura zientifiko-teknologikoa bultzatzen.

Hau du bereizgarri nagusia Euskadiko FLLk:  zenbait enpresa, teknologia-zentro, unibertsitate eta organismo publikorekin elkarlanean egiten dela.

Horrez gain, nazioarteko desafio hori Euskadiko testuinguru sozioekonomikora egokitzen da. Esku-hartze garrantzitsua dute gazteek gure gizartearen garapenean.

Horregatik, hitzaldiak, bisitaldiak eta erakusketak oinarri dituen trebakuntza-programa berezi bat eskaintzen zaie parte-hartzaileei. Euskaltelek, ALBOAN eta ZTErekin elkarlanean, "Hondakin elektronikoen kudeaketa" hitzaldia eskaini zuen, galdera hau ardatz harturik: "Nola fabrikatuko edo ekoitziko zenukete mugikor ekologikoago bat?". Bridgestone, Indumetal, Ausolan, Tecnalia eta Gaiker IK4-ko zenbait profesionalek ere hartu zuten parte saioetan.

Txikle erabiliak produktu berriak egiteko aprobetxatzea, badmintoneko bolanteak berrerabiltzea…, bada aurten ere proiektu interesgarririk. Emaitza eta ondorioak, datorren larunbatean, Derioko gure egoitzan (Bizkaia).