Bai, bai, badakigu aste batzuk falta direla oraindik oporretarako, baino gero eta gutxiago falta da udarako. Nabaritzen da, ezta? Terrazak jendez lepo, ihesalditxo bat hondartzara arratsaldez, sekula bukatzen ez diren hitzorduak kuadrillarekin... Baina, itxaron pixka bat, askoz gauza gehiago daude eta. Bete-betea dakarkizugu ekaineko agenda. Ez badituzu huts egin nahi hitzorduak, lan-antolatzaile bat instalatu beharko duzu mugikorrean! Akabo bestela.

Musikarik onena, muturreko kirolen erakustaldiak eta lehiaketak, segurtasun informatikoa... Udako indar guztia beharko duzu ekaineko ekitaldiez jo eta ke gozatzeko. Merezi du, baina; beraz, jaso ondo hitzorduak, eta hasi antolatzen!

Musikarik onena

Azkena Rock Festival. Ekainaren 22an eta 23an, gitarra-riffak eta bateria-soloak entzungo dira Gasteizeko bazter guztietan, Mendizabalan hasi eta Andre Maria Zuriaren plazaraino. Hemen da Azkena Rock Jaialdiaren 17. edizioa. Horixe da udako jaialdietan lehenengoa. Ez da, ez, edonolako programa aurtengoa. Hartu lekua lehenbailehen. Oraindik ez dakizu nortzuk diren etortzekoak? Begira: Lehenik eta behin, egin agurra Van Morrison handiari: Gloria kanta ospetsuaren sortzailea! Nahikoa da hura ikusteko aukera izatea Azkenara hurbiltzeko. Chris Robinson The Black Croweseko liderra ere berriz izango da gurean, Brotherhood taldearekin oraingoan. Prest izan zure mugikorra Urge Overkillek eskainiko dizkigun bi une gogoangarriak grabatzeko: Saturation mitikoa, eta Tom Pettyri egingo dion omenaldia (iaz zendu zen Petty). Eta horrela, gelditu gabe, asteburu osoan. Eman begiratu bat gure sare sozialei: lehiaketa bat antolatu dugu aste honetarako, eta bi VIP sarrera irabaz ditzakezu. Stay tuned!

BBK Music Legends. Ekaina amaitzeko, beste jaialdi ospetsu bat daukagu: BBK Music Legends, azken bi urteetan Sondikako Ola zentroan kokatua. Entzun arretaz nor datorren aurten, ez sinestekoa baita: Steve Winwood, Jeff Beck, Mavis Staples, Wilko Johnson, Glenn Hughes eta John Cale mitikoa, bai,The Velvet Undergrounden sortzaileetako bat, Lou Reedekin batera. Ez du itxura txarrik, ezta? Bada, horiez gainera, Siniestro Total, Dead Bronco country punk rockeko talde ezaguna, eta Motxila 21 rock inklusiboko taldea.

Muturreko kirola

Lakanterapro. Hilaren 22an eta 23an nazioarteko skate-rik onenaren agertoki bihurtuko da Getxo. Algortako La Kanterako pool ospetsuan, kirol honetako profesionalik onenak elkartuko dira asteburu horretan; zilipurdi eta jauzi ikusgarriak, zuzeneko musika, barbakoak, sua eta fan-zone gogoangarri bat asteburu osoan zehar. Getxoko txapelketa nahitaezko hitzordu bihurtu da munduko skaterrik onenentzat. Ikustea besterik ez dago zenbat diru dagoen jokoan: 45.000 euro saritan, Women, Masters eta Pro/Am kategoriak kontuan harturik! Hauek guztiek esan dute dagoeneko Getxon izango direla: Rune Glifberg, Oskar Rozenberg, Brad MccLain eta iazko irabazleak: Nicky Guerrero eta Yndiara Asp. Beraz, ez huts egin gurpil gaineko ikuskizun mundial hau!

Redbull jauziak. Atsedenaldi bat behar baduzu musikak eragindako adrenalina guztiaren ondoren, Red Bull Cliff Diving lehiaketaren 3. edizioa duzu hilaren 30ean. Adi, hala ere, ikusmena behintzat ezingo baituzu erlaxatu. Salveko zubitik egindako jauzi benetan ikusgarriak ikusiko dituzu. 27 metroko altueratik!

Segurtasuna

Euskal Hack. Nahiago badituzu jarduera seguruagoak, zoaz Donostiako Euskal Hackera hilaren 22an eta 23an. Zibersegurtasunarekin eta hackingarekin loturiko komunitatearen topalekua da, eta makina bat kontu interesgarriren berri emango dizute han; besteak beste, alderantzizko ingeniaritzaren eremuko azken ikerketak, kriptomoneten aurkako malwareak, segurtasuna smart cityetan eta drone bidezko hackinga. Ederra, e? Hartu lekua lehenbailehen.

Eta ekitaldiak hor bukatzen direla uste baduzu, oso oker zaude. Gustu guztietarakoak daude ekainean. Ez ahaztu hilaren 16ko Bilboko Gau Zuri magiko eta ikusgarria. Ikusten duzunez, era guztietako jarduerak dituzu topera gozatzeko urteko gure hilabeterik kutunenetako bat. Beste kirol- edo kultura-ekitaldiren bat gomendatu nahi badiguzu, idatzi iruzkin bat!