Bazenekien lehenengo Euskal Encounteren, Urretxukoan, konexio-abiadura segundoko 64 Kb izan zela? BECen, Euskalteli esker izan dugun 60 Gbps baino milioi bat aldiz motelagoa. Ez da erraza irudikatzea, ezta? Informatikaren jarraitzaileen eta haien Commodore Amiga ordenagailuen bilera hura zera bihurtu da orain: gure inguruko informatika-profesionalen eta -zaleen topaketarik handiena, zaharrena eta azkarrena.

Topaketako 5.024 ordenagailu-postuak denbora errekorrean esleitu ziren orain ere, 15.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu baitute egun horietan Openguneko jardueretan. Baina horretaz guztiaz gain, nabarmentzekoa da zer garrantzi duen euskal partyak ekintzaile teknologiko berrien mintegi gisa, eta hori etorkizuneko euskal industriak duen talentu-beharren isla da.

José Miguel García Euskaltel Taldeko kontseilari delegatua harro agertu zen segundoko 60 Gb-eko “zifra ikaragarria” eta “abangoardiako teknologia” jarri zituelako parte-hartzaileen esku etxeetan ezarri aurretik. Eta adierazi zuen “Euskaltelentzat aukera izugarria” dela partyko parte-hartzaileekin aritzea, “Espainiako telekomunikazio-teknologiak bultzatzen dituzten pertsonak” direlako.

Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzaren Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizartearen zuzendariak ere berretsi zuen Euskal Encounterren enpresa-izaera eta euskal industriaren garapenerako duen balioa. Adierazi zuenez, partyak “ezin hobeto” biltzen ditu Basque Industry 4.0 estrategia garatzeko behar diren osagaiak: talentua, konektibitatea eta zibersegurtasuna.

Euskal Encounterren protagonismorik handiena izan duten gaietako batzuk izan dira horiek, baina ez bakarrak. Lau egunez, parte-hartzaileek hitzaldietan, tailerretan eta prestakuntza- eta entretenimendu-jarduera ugaritan parte hartu dute, eta, robotikaren, droneen, 3D inprimagailuen eta errealitate birtualaren azken aurrerapenak egiaztatu eta esperimentatzeko aukera izan dute, besteak beste.

Horri guztiari aisialdiko hainbat jarduera gehitu behar dizkiogu, hala nola bideo-jokoen txapelketak, cosplay lehiaketak, dantza-lehiaketak eta edukien influencer-enak. Errekorrezko Euskal Encounter bat izan da, zeina Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu baitu Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin SPRIren bidez.