Ba al dakizu zure autoan 15 kilometro egin ostean ihes-hoditik ateratakoa jasoz gero 2 kilo CO2 inguru jasoko zenukeela? Bai: Donostiatik Oiartzunera joateko soilik, 2 kilo C02. Orain, pentsatu zenbat jendek erabiltzen duen autoa lanera edo unibertsitatera joateko, eta saiatu kalkulatzen emisioak zenbatekoak diren. Ikaragarria, ezta?
Bada, gure hondar-aletxoa jarri nahi dugunez ingurumenaren eta mugikortasun jasangarriaren alde, gure garraio publikoaren zenbait aplikazioren bilduma egin dugu, Euskadin eroso-eroso mugi zaitezen. Oso errazak dira erabiltzen… eta doan! Beraz, hartu gogoan zein behar dituzun, eta gozatu bidaiaz!
Araba
- TranVit. Ez da aplikazio ofizial bai, baina duela urte batzuk ekin zion lanari Iñigo Ortegak, eta App hau sortu zuen. Tuvisaren autobusen eta tranbiaren ordutegiak ematen ditu. Oso ondo dator; izan ere, jaiegunetan edo obrak egiten ari direnean geltokietan eta ibilbideetan dauden aldaketen berri ematen du. Eta webgunean esteka bat daukazu ibilbidea antolatzen lagunduko dizuna, tranbia eta autobusa, biak, konbinatuta. Android bertsioa dago.
Bizkaia
- Bilbobus. Bilbon ibiltzekoa bazara, aplikazio honekin esku-eskura izango duzu hiriko autobusei buruzko informazio guztia. Gertuen dituzun geltokiak edo bila zabiltzanak non dituzun esaten dizu aplikazioak; zer konexio dauden lineen artean lineen artean; autobusa iristeko zenbat denbora falta den; eta autobusen geolokalizazioaren berri ere ematen du! Android eta iOS sistemetarako dago erabilgarri, eta doan gainera.
- Bizkaibus. Bizkaian ibili behar baduzu, Bizkaibusen aplikazioak zure uneko kokalekua hartzen du erreferentzia gisa, eta gertuen dituzun geltokiak zein diren esaten dizu, bai eta autobusa iristeko zenbat denbora falta den eta linea bakoitzak zer ibilbide egiten duen ere. Pentsa ezazu Barakaldoko Herriko Plazan zaudela, eta Portura joan nahi duzula: App-ak esango dizu nola joan oinez mapan bilatutako geltokira, eta norabideari buruzko azalpenak ere emango dizkizu. Oso praktikoa da, eta doakoa, gainera. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.
Gipuzkoa
- Donostibus. Donostiako hiri-autobusen aplikazioak oso informazio osatua du. Linea guztien ibilbideen planoak ditu, bai eta autobusen irteera-orduak ere; iritsieren denbora erreala esaten du, eta audio formatuan gainera; gainera, Mugi txartela kargatzeko aukera ematen du, eta gertuko geltokiak non dauden ere esaten du. Eta, gainera, QR kodeak ditu: autobusa iristeko zenbat denbora falta den esaten dizute. Doakoa da, eta Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.
- Lurraldebus. Herriarteko linea honek Gipuzkoako eskualde guztiak eta hiru hiriburuak konektatzen ditu. Konpainiaren zerbitzu guztien berri ematen du denbora errealean, eta autobus-geltoki bakoitzera zer ordutan iristen den ere esaten du. Horrez gain, herri batetik bestera joateko bidaia antolatzeko aukera ematen du App-ak, eta linea guztien ordutegiak kontsultatu ditzakezu. Aplikazioa doan da, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago; zure Android mugikorrean edo zure iPhonean deskarga dezakezu.
- Mugipuzkoa. Gipuzkoako txartel bakarraren webgunea da hau; ibilbideak antolatzeko aukera oso interesgarria du, trena eta autobusa konbinatzen dituena. Bai, adibidez, Donostiako Miramon pasealekuan zabiltza, eta Errenteriako Touring hiribidera joan nahi duzu: zenbait aukera ematen dizkizu, autobusez, trenez edo bietan joan zaitezen. Eta... lurraldeko beste autobus-operadoreen informazioa ere badu. Oso praktikoa da, eta Androiderako eta iOSerako bertsioak deskargatu ditzakezu.
- EuskoTren. Hiru aukeren artean hauta dezakezu App honetan: trena, Bilboko tranbia edo Gasteizkoa. Online baldin bazaude, App-ak zure kokapena identifikatzen du, eta gertuen duzun geltokia zein den esaten dizu, eta bilaketak egiteko aukera ematen: geltokiak eta geralekuak hauta ditzakezu, egunaren eta orduaren arabera. Eta bilaketak gogoko gisa gorde ditzakezu. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.
- Moveuskadi. Ez da aplikazio bat, baizik eta web-tresna bat, Eusko Jaurlaritzarena, baina merezi du begiratzea Euskadin barrena bidaiatzera bazoaz, autoa partekatu nahi baduzu edo bizikleta bat alokatu nahi baduzu. Ezin praktikoagoa da.
- NaviGo. Androiderako doako aplikazio bat da, aukera ematen duena garraio publikoko erreserbak egiteko munduko 100 herrialdetan baino gehiagotan. Garraio publiko guztiak biltzen ditu: tranbia, metroa, autobusa, trenak, bizikletak, oinez egiteko ibilbideak... “Dena batera” eskaintzen duen aplikazio bat da (Android).