Martxoaren 21a Basoen Nazioarteko Eguna da, eta, ospakizun hori aprobetxatuz, Euskadiko basorik ederrenen hautaketa txiki bat prestatu dugu. Zein diren, non dauden, nola irits zaitezkeen eta haietan zer aurkituko duzun kontatuko dizugu.

Basora joanez emango diogu hasiera udaberriari Euskaltelen. Izan ere, naturaz gozatzeko, kirola egiteko, animalia- eta zuhaitz-espezie berriak ezagutzeko eta deskonektatzeko aukera ematen digute toki paregabe horiek.

Otzarretako pagadia

Gorbeiako Parke Naturalean dago Otzarretako pagadia, Gasteiztik kilometro gutxira, eta Euskadiko toki bisitatuenetariko bat da.

Ehun urtetik gorako pagoak dira inguru ikusgarri horretako protagonistak, goroldioz estalitako sustrai ikusgarriak dituztenak eta zuzen-zuzen hazten direnak gorantz.

Zubizabala errekak bi zatitan banatzen du pagadia, eta are fantasia eta misterio handiagoa ematen dio inguruari bere murmurioari esker. Eta, hain zuzen, erreka horren ondoan dago pago "instagrameatuena", bere sustrai ugari eta koloretsuek nabarmentzen dutena.

Gainera, handik gertu Saldropo hezegunea bisitatzeko aukera izango duzu: aisialdirako espazio natural zabal bat da (3hektarea), ibilbideak nahiz bazkari eder bat egiteko egokia.

Altubeko pagadia

Ez da hain ezaguna, baina Gorbeiako Parke Naturaleko pagadi hau ere oso ederra da.

Baso honetan, pagoekin batera haritz eta pinuak ere badaude, eta koniferoen sailak ere bai. Handik igarotzen da, gainera, Baia ibaia. Bisitari gutxiago dituenez, bakea eta isiltasuna dira nagusi.

Ibilbide berezi baten abiapuntua ere bada: Burbona mendien bidea.

Mendi-lepoek banatzen dituzten hiru gailurreko (mendebaldekoa, ekialdekoa eta erdikoa) mendi bat da Burbona.

Upoko pagadia

Upoko pagadia Galdakaon dago, Upo mendiaren hegoaldeko magalean, San Sigismundo baselizaren ondoan.

Arrigorriagatik, Ugao-Miraballestik edo Lekubasoko urtegia zeharkatuta irits zaitezke pagadira.

Pagadi gaztea da, ez oso hostotsua, baina gaur egun galtzen ari diren mota honetako mendi-inguruetako baso autoktonoen izaera mantentzen duena.

Balgerriko basoa

Ordunteko mendietan dago Bizkaiko pagadi handiena: Balgerri.

Hara iristeko, Karrantzako Lanzas Agudasera joan behar duzu (400metro inguruko altitudea).

Baso honetan, pagoez gainera, haritzak, altzak, lizarrak, gaztainondoak, zumarrak, urkiak, gorostiak, pinuak eta haginak ere badaude. Izan ere, Euskadiko biodibertsitate natural handieneko tokietako bat da, eta babestuenetariko bat ere bai. Gainera, zuhaitzak eta flora dira arreta-puntu nagusiak, inguru honetan ia ez baita bizi animalia-espezierik.

Iratiko basoa

Naturaz betetako 17.000hektarea, hainbat motatako zuhaitz eta animalien bizilekua: pagoak, sahatsak, haritzak, izeiak, urkiak, iratzeak, goroldioak, oreinak, basurdeak, orkatzak, okil beltzak eta okil gibelnabarrak. Nafarroako Pirinioen bihotzean dago Iratiko basoa.

Baso honetan Tristuibartea, Lizardoia eta Mendilatz natura-erreserbak daude, eta baita Irati ibaia eta Irabiako urtegia ere.

Ibilbide ugarik zeharkatzen dute, eta plan bikaina da naturaz gozatzeko. Bi sarbide nagusi dituzu hara iristeko: mendebaldetik —Orbaizetatik— eta ekialdetik —Otsagabiatik—; Otsagabian interpretazio-zentro bat dago, behar baduzu informazioa eskatzeko.

Izkiko basoa

Badakizu Izkiko Parke Naturalean dagoela ametz arrunten Europako baso handiena?

Izkiko Parke Naturala Arabako Mendialdeko Kuadrillan dago, Arabako hego-ekialdean.

Izki ibaiaren arroko lur hareatsuetan dago basoa, kareharrizko horma handiak dituzten mendi ikusgarriek inguratzen dutela (esate baterako, Muela mendia).

Aberastasun geologiko handiko eremua izanik, abeltzaintza-jarduera ugari egiten da inguruan, eta, hala, behi eta behorren bizilekua izateaz gainera, basurdeak, orkatzak, basakatuak eta okil handiak ere bizi dira han .

Urkiolako baso naturala

Bizkaiko hegoaldera joango gara Urkiolako Parke Naturaleko baso natural zabaletan barrena ibiltzera.

Urkiolan euria eta lainoa ohikoak direnez, pagoak dira espezie nagusia (haietako asko kareharrien gainean haziak); zehazki, pagadi azidofiloak eta pagadi kaltzikola harritarrak, baina artadi kantauriarrak ere badaude.

Baso artean parke naturalaz goza dezakezu, eta haren barruan dago Urkiolako santutegia ere, eta mendizaleek maite dituzten mendilerro eta sakanak eta Mari euskal mitologiako jainkosaren haitzuloa.

Pagoetako basoak

Gipuzkoan, Pagoetako Parke Naturalaren iparraldean, Pagoetako basoak daude.

Zuhaitzik gabeko lurrak estaltzeko 1956tik aurrera egin zituzten basoberritzeetan dute jatorria batez ere. Espezie autoktonoak eta exotikoak hautatu zituzten, eta hagina nagusitu zen oihanpean.

Duela urte batzuk, zazpi kilometroko ibilbide zirkular berri bat gaitu zen han, haginen basoa ezagutzeko bereziki pentsatua.

Añarbeko basoak

Gipuzkoako eta Bizkaiko harizti nagusiak eta pagadi zabal batek osatzen dute Añarbeko basoa.

Añarbe fauna basati aberatseko tokia da: basakatuak, katajineta, erbinudea, azkonarra, , hontz ertaina, izokina... Babes berezia merezi du, desagertzeko arriskuan dauden animalia- eta landare-espezie batzuk ugaltzen, gordetzen eta elikatzen baitira han.

Garai batean egur-ikatza ateratzeko erabiltzen ziren Añarbeko basoak, eta, hala, txondorren arrastoak gordetzen dira.

Omako basoa

Beste mota bateko baso batekin amaituko dugu: Omako basoa.

Omako baso margotua Kortezubiko auzo batean dago, Santimamiñeko haitzuloetatik gertu.

1984an jaio zen Agustin Ibarrola eskultore eta margolariaren sormenetik: pinuen gainazala margotu zuen irudiak osatuz, hainbat arbola, plano eta perspektibaren bidez.

Kolore ugari eta natura bizia elkartzen dituen ikuskizuna da, familian gozatzeko eta interpretatzeko aproposa.

Hemen duzu informazio zehatza nola iritsi jakiteko eta baso artistiko honetan zer lan ikus ditzakezun jakiteko.

Benetan askotarikoak eta interesgarriak dira Euskadiko basoak. Tira, hautatu eguna, jantzi arropa erosoa eta atera pago, haritz, arte eta pinu artean aire garbiaz gozatzera.

Irudia: Turismoa Euskadi, Gorbeia Parkeia, euskadi.eus, Karrantza, navarra.es, Izki Parkea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoa Etorkizuna Orain, Errenteria Udala.