Itsaslabar malkartsuetatik eta itsas herri txikietatik harago, Euskadi itsasoari begira bizi da. Bertako hondartzak euskaldunen bizitzaren parte dira urte osoan, baina udan euskal bizitzaren eta aisialdiaren gune nagusi bihurtzen dira. Mundu guztiaren inbidia dira hareatzak. Euskadiko 10 hondartza onenak hautatu ditugu, haien aniztasuna eta kalitatea ezagut dezazun.

Hautatutakoek badituzte zenbait ezaugarri berdin: sarbide errazeko hondartzak dira, herri edo hiribilduetatik hurbil daude, berezko edertasuna dute eta kalitatezko ura.

Guztiak ikusgarriak dira, eta, ezagutzen ez badituzu, uda honetan bisitatzea espero dugu.

1. Itzurungo hondartza (Zumaia-Gipuzkoa)

Itzurungo hondartza 270metro luze da, eta urre-koloreko area nabarmentzen da han. 150metroko altuerako kareharrizko itsaslabar ikusgarriz inguratuta dago. Zumaiako herrigunetik oso gertu dago. Berezitasun gisa, nabarmendu behar da “flysch” izeneko fenomeno geologikoa duela; hau da, mendeetan zehar itsasoaren indarrak higatutako arroka gogorren geruzak, arroka bigunagoekin tartekatuak.

Zinemazaleenentzat, datu bat: “Game of Thrones” telesailaren agertoki izan zen, eta handik gartu dago San Telmo ermita ere, “Ocho apellidos vascos” filmeko protagonisten ezkontza grabatu zuten tokia.

2. Kontxako hondartza (Donostia-Gipuzkoa)

Espainiako hiri-hondartzarik ezagunenetakoa da Kontxa. Kontxako badian dago, Urumea ibaiaren bokaletik mendebaldera. Gutxi gorabehera, kilometro eta erdi luze da, eta era guztietako jendeari egokitutako ekipamendua eta sarbideak ditu.

Harea fineko hondartza hau, Santa Klara uhartea aurrean duela, ezin hobea da hareatzan etzanda erlaxatzeko eta hiriko atzera-aurreretatik deskonektatzeko. Gainera, hondartzak itsasertzeko pasealeku ederra du, ertzean baranda zuri polit batekin.

3. Azkorriko hondartza (Getxo-Bizkaia)

Azkorri edo Gorrondatxeko hondartza itsaslabar eta duna handien ingurune basati batez inguratuta dago; esan liteke altxor natural bat dela hondartza soil bat baino gehiago. Getxoko herrigunetik nahiko urrun dago, eta, beraz, hango lau hondartzetan irisgarritasun txikienekoa da. Hain zuzen horri esker, bakartiena da, nahiz eta beti inguratzen diren surflari asko Akantiko olatura igo nahian; 3metro ere har ditzake.

Harea fin eta iluneko 900 metroetan nudismoa egin dezakezu, eta zerbitzu guztiak ditu, baita haurrentzako eremu bat ere.

4. Sopelako hondartzak (Sopela-Bizkaia)

Sopela, autoz Bilbotik 20 minutura baino ez dagoen udalerria, Kantauri itsasoko surfaren meketako bat da; labar ikusgarriak eta kalitatezko olatuak ditu. Itsasora irekitako kostalde ikusgarria eta tartekatutako lau hondartza zoragarri aurkituko dituzu han: Barinatxe, Atxabiribil, Arrietara eta Meñakoz. Paisaiaren edertasunaz edo uretako kirol guztiez gozatzeaz gain, hondartza hauetan naturismoa egin dezakezu, edo, besterik gabe, uretan freskatu bat hartu.

5. Zarauzko hondartza (Zarautz-Gipuzkoa)

Hondartzen Erregina esaten diote, eta ia 3 kilometro luze eta 80 metro zabal hartzen ditu bertako urre-koloreko harea finak. Euskadiko kostalde osoko handiena da. Hondartza hau ezin hobea da surflarientzat eta uretako kirolen zaleentzat, olatu handiak eta hareatza oso laua baititu. Iñurritzako biotopo babestua du albo batean, lurralde osoko duna-eremu zabalenetako bat eta hobekien kontserbatuetako bat.

Hondartzaz gain, Zarauzko itsas ertzeko pasealekua ere ezaguna da; bizitza betea egotean da, eta gastronomiak ere badu lekua. Karlos Arguiñanoren jatetxea pasealeku horretan dago.

6. Laidako hondartza (Ibarrangelu-Bizkaia)

Euskadiko beste hondartza onenetako bat da Laidakoa. Lagako hondartzatik gertu dago, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban. Itsasoa harearekin nahasten da, duna finak osatuz, eta hareatzaren postal enblematikoenetako bat sortzen da. Mundakako herrigunetik oso gertu dago.

Ia kilometro bateko hareatza zabal hau uraren sakontasun txikiagatik nabarmentzen da, batetik, haurrak dituzten familientzat ezin hobea delako, eta, bestetik, Mundakako ezkerreko olatura, munduko hamar olatu onenetakotzat jotzen denera, sartzeko aukera ematen duelako.

7. Arrigunagako hondartza (Getxo-Bizkaia)

Hondartza hau 600 metro luze da, gutxi gorabehera, eta Bilboko itsasadarraren barnealdean dago, Algorta auzoan, Getxoko udalerrian. La Galeako itsaslabar ederrak nabarmentzen dira han, zeinetatik Abrarako eta Aixerrotarako ikuspegia baitago. Hondartzak hainbat jarduera egiteko aukera ematen dio bisitariari, hala nola surfa eta skatea. Bilbotik oso erraz heltzen da hondartza horretara: metroz joan daiteke Bidezabaleko geltokiraino.

8. Malkorbeko hondartza (Getaria-Gipuzkoa)

Gipuzkoako Getariako hondartzarik garrantzitsuena da. Hareatza oso handia, harea fina eta urre-kolorekoa du, eta udalerriaren erdian kokatua dago. Hango ur lasaiak eta Getariako Sagua izenez ezagutzen den San Anton mendirako ikuspegia kontuan hartuta, ezin hobea da lagunekin edo familiarekin egun pasa eguzkiaz eta hondartzaz gozatzeko.

9. Lagako hondartza (Ibarrangelu-Bizkaia)

Lagako hondartza Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dago, Mundakatik hurbil eta Ogoño lurmuturraren ondoan. 500metro luze da, eta 100metro zabal. Harea fina eta urre-kolorekoa du, eta ingurune basati eta erabat birjinaz inguratuta dago. Hori dela eta, paradisua da argazkigintza maite dutenentzat.

Duna-hondartza hau Gernika inguruko surfzale askoren gustukoa da. Itsasora irekita dago, eta olatu laburrak ditu, eskuinean eta ezkerrean tontorrak sortzen zaizkienak.

10. Lekeitioko hondartzak (Lekeitio-Bizkaia)

Lekeitiok, Lea ibaiaren bokalean dagoen arrantzale-herri turistikoak, Euskadiko hondartzarik onenetako batzuk ditu. Hango hareatzek sarbide erraza dute, eta, mareen egoeraren arabera, handitu eta txikitu egiten dira, batzuk desagertu arte. Isuntza hondartza da jendetsuena, itsaso lasaia eta zerbitzu guztiak eskaintzen baititu.

Aipagarria da, orobat, Lea ibaiaren bokalearen aurreko Garraitz uhartea, San Nikolas izenaz ere ezaguna, XVI. mendean San Nikolasen izenpeko ermita bat izan baitzen han. Itsasbeheran, haraino hel daiteke, eta, nahi izanez gero, Karraspiora ere joan daiteke oinez, Isuntzan barrena.

EAEko hamar hondartza onenak ikusi ditugu, eta, ezagutzen ez badituzu, bisitatuko dituzulakoan gaude. Aukeratu gehien atsegin duzuna, eta gozatu Euskadiko udaz.

Irudia: Donostia San Sebastián Turismo, Turismo Zarautz, Turismo Urdaibai, Turismo Getxo.