Atsegin duzu zientzia? Betidanik amestu duzu espaziora bidaiatzea ? Bada, prestatu orduan, oraintxe baituzu aukera. Eta guztiz doan, gainera! Hilaren 8tik aurrera, UPV-EHUk Zientzia Astea jarriko du martxan Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Barakaldon. Eta, ikusiko duzu: inoiz ez bezala sentituko eta biziko duzu zientzia, sekula baino gertuago eta haluzinagarriago, eta zuzen-zuzenean.
Ez pentsa; zientzia ez dira zelulak, molekulak eta paramezioak bakarrik. Elektrizitateak bultzatutako eserleku bakarreko lasterketa-auto bat izango duzu zain, eta goi-mailako lehiaketaren esperientzia zirraragarria biziko duzu, bost minutuz, tamaina errealeko gidatze-simulagailu batean. Gainera, etxeko hainbat material erabilita, esperimentu ikusgarriak egiten irakatsiko dizu Jon Kepa Eureka zientzialariak, eta zur eta lur utziko dituzu gero lagun guztiak! Benetako arte-lan bat eta faltsu bat bereizteko erabiltzen diren tekniken berri ere izango duzu. Eta hondo haluzinagarriak erakusteko edo magia egiteko telebistan erabiltzen diren hainbat amarru ere ikasiko dituzu. Drone bat, eguzki-panel bat eta beste hainbat aparatu elektriko izango dituzu eskura, eta ikasiko duzu zenbat lagundu diezazukeen elektronikak! Eta adi: gertu-gertutik ezagutuko duzu sateliteak eta ibilgailuak espaziora bidaltzeko erabiltzen den teknologia. Lehiaketazalea zara? Bada, besteak beste, argazki geologikoko eta matematikako lehiaketak izango dira. Eta askoz ere gauza gehiago!
Espaziorako bidaia, Bilbotik atera gabe
Euskaltelek Zientzia Asteko ekitaldirik erakargarrienetako bat antolatzen lagundu du: Espazioan erakusketa. Badakigu aspergarria iruditzen zaizula “erakusketa” hitza, baina oraingoan aho zabalik geldituko zara Bilboko Bizkaia Aretoan antolatu dizugun 360º-ko planetarioarekin. Eguzki-sisteman zehar bidaiatuko duzu , eta barrutik ikusiko dituzu konstelazioak, izarrak eta ezagutzen dugun unibertsoa. Oinez egingo duzu txangoa, gure munduaren eta gure eguzki-sistemaren neurriak uler ditzazun, eta hori guztia deskubritzen lagundu diguten espazio-misio esanguratsuei buruzko erakusketa mundial bat ikusiko duzu, maketa eta argazki paregabeez beteta.
Itxura ederra, ezta? Bada, pentsa zer izan daitekeen han bertan, zuzen-zuzenean, ikustea! Beraz, animatu, sartu barruraino zientzian, eta, gero, kontatu! ?