Kaixo. Erlantz Plaza naiz, 25 urte ditut, eta Barakaldokoa naiz. Oso gogoko dut teknologiaz hitz egitea; horregatik, blog bat dut Deian, teknologiaz eta, batez ere, Android munduaz hitz egiteko (smartphoneak, tabletak eta Androidekin lotutako guztia). Onda Vascako “Desconozco que desconozco” irratsaioan ere parte hartzen dut, blogaren izen bera duen hilean behingo saio berezian (“El Rincón Androide”). 25 urte ditut, eta zortzi urte daramatzat blogari. Beste hedabide batzuetan ere aritu naiz: El Androide Libre eta HOLA! aldizkaria, adibidez.
Euskaltel bloga. El Rincón Androide… eta zergatik ez El rincón iPhonoide?Erlantz Plaza. Beti izan naiz Androidzalea, onartu beharra daukat. Uste dut sistema eragile mundial horrek Applerenak baino askoz aukera gehiago ematen dituela, eta benetan sinesten dudan eta ondo ezagutzen dudan horretan espezializatu beharra neukan: Androiden, beraz.
E.B. Sinetsita bazaude Androiden mundua dela onena, Android TBren gure 4K deskodetzailea mundiala irudituko zaizu, ezta?E.P. Aurkeztu aurretik probatu nuen, eta, egia esan, txundituta utzi ninduen. Android TBa duen TBko deskodetzaile bakarra da oraindik ere, eta izugarria da hori. Eta Euskaltelek eskaintzen du! Izugarria da ez bakarrik 4K deskodetzailea erabili ahal izatea TBa ikusteko; horretaz gainera, aplikazioak instala daitezke, eta, beraz, sekulako aukerak ematen dizkigu horrek aukera horien artean bila ibiltzea gustatzen zaigunoi. Esan beharra neukan: zorionak egin duzuen produktuagatik!
E.B. Zaila gertatu zaizu blogari teknologiko bihurtzea? Eta teknologiako fabrikatzaile handiek zure iritziak kontuan hartzea?E.P. Orain hasiz gero, zailagoa da, baina mundu honetan urte mordoxka daramagunoi askoz erraztu dizkigute gauzak markek. Baina, jakina, gu hasi ginenean, oso gutxi ginen. Ni hasi nintzenean —2010 inguruan—, gutxi ziren teknologiari buruzko blogak; handiak bakarrik zeuden. Beraz, blog bat sortzeko egitasmoari heldu nionean, kontu berria zenez, markek kontuan hartu zuten nire iritzia.
E.B. Ze duzu nahiago, produktuak aztertzea edo zure kazetari-senari heldu eta albiste fresko-freskoen berri ematea?E.P. Produktuak aztertzea pertsonalagoa da, beste ikuspegi bat ematen baitizu, gainerako blogenaz oso bestelakoa. Eta albiste ezezagun baten berri ematea, ostera, mundiala da, erreferentzia bihurtzen baitzara eta, beraz, bisita asko lortzen. Hala ere, produktu bat aztertzea eta, zuk probatu eta esku artean izan ondoren, iritzia ematea beste kontu bat da.
E.B. Nola etortzen zaizu inspirazioa? Zaila da ideia berriak aurkitzea?E.P. Egia esan, ez. Teknologia oro har —eta, batez ere, Android— une oro aldatzen da; gauza berriak sortzen dira etengabe: gailu berriak, Androiden bertsio berriak, ekitaldi teknologikoak... Beti bada zer argitaratu.
E.B. Lehiakidetzat dituzu gainerako blog teknologikoak?E.P. Hasieran, bai; handienekin lehiatzeko moduan izango nintzela ere uste nuen hasieran. Baina gero konturatu nintzen gehiago ikasiko nuela haiekin bat eginez, hala ikasteko eta erronka berriei erantzuteko aukera nuelako. Eta gaur egun ez naizenez profesionalki ari blogean, ez dut lehiakiderik, kideak baizik.
E.B. Zer blogi jarraitzen diezu?E.P. Egia esan, gaztelaniazko gutxiri: Xataka, El Grupo Informático eta beste blog bat berez teknologiari buruzkoa ez dena baina teknologia-kontuak askotan aipatzen dituena: La Bruja con Tacón de Aguja. Gertutik jarraitzen diet beste hauei: HDBlog (Italiakoa), informazioa ematen lehenak izaten direlako mundu osoan, eta Google Translator, oso lagungarria baita ;-).
E.B. Jokoak, gadgetak, mugikorrak... Zer aparaturekin zaude erosoen?E.P. Asko zaletzen ari naiz “Smart home”ari loturikoekin: etxe adimendunekin zerikusia duten gailuak ikaragarri gustatzen zaizkit. Eta Xiaomi Espainiari iritsi denetik, erotu beharrean nabil: IP kamerak, Bluetooth bidez smartphoneetara konektatutako hortzetako eskuilak, robot xurgatzaileak, mugikor bidez itxi edo ireki daitezkeen sarrailak...
E.B. Bide batez, zer mugikor daukazu? Ez duzu bada iPhone bat izango...E.P. Bi ditut orain: Samsung Galaxy S8 bat eta Huawei P20 Pro bat; gehien erabiltzen dudana Huawei-a da, ikusgarria baitu kamera: eta, badakizu, ondo dator beti kamera on bat eramatea patrikan, sekula ez baitakizu zer aurkituko duzun hortik zehar.
E.B. Zenbat denbora irauten dizu mugikor batek, oro har?E.P. Dezente, baina mugikor nagusi gisa, hau da, nik egunero erabiltzeko, 6 bat hilabete. Berri bat eskuratzen dudan bakoitzean, beti diot “hau behin betikoa da, ez da hoberik izango, ezinezkoa da”, baina handik gutxira beste bat ateratzen denean, nigan bizi den teknopata ateratzen da korrika, eta ezin eutsi tentazioari. Askori gertatuko zaie hori, seguru...
E.B. Denen mugikorrak konfiguratzea egokituko zaizu, ezta? Etxekoenak, kuadrillakoenak...E.P. Bai. Kalean ikusi eta nor naizen konturatuta zuzenean galderak egiten hasten denik ere bada. Egia esan, gustura asko laguntzen diet; esaten didate dendetako saltzaileak baino askoz ere gertuagokoa naizela eta hobeto azaltzen dizkiedala jakin beharrekoak. Azken boladan, guraso askok galdetzen didate sare sozialei eta haien erabilerari buruz, seme-alabek egun guztia sareetan ematen dutelako batik bat.
E.B. Ea, test azkar bat: Nolako mugikorra, markako garesti horietako bat edo Txinako bat?E.P. Orain, Txinako bat, baina ez edozein markatakoa.
E.B. Silikonazko azala edo beira tenplatuzko pantaila-babesle bat?
E.P. Biak.
E.B. Amonari oparituko zeniokeen smartphone bat.
E.P. Xiaomi etxeko edozein.
E.B. WhatsApp, Telegram edo Messenger?
E.P. WhatsApp.
E.B. Argazkiak txukuntzeko aplikazio bat.
E.P. Mugikorreko argazki-editorea.
E.B. Den-dena gordetzeko hodei on eta seguru bat.
E.P. Google Drive.
E.B. Zure sare sozial gustukoena.
E.P. Instagram.
E.B. Sareez ari garela, blog bat duzu Deian, berriemaile espezializatua zara Onda Vascan... Telebista bakarrik falta zaizu! Noiz hasiko zara YouTubeko zoko-mokoetan sartzen?
E.P. Askotan pentsatu dut, egia esan, baina, zerbait egiten hastekotan, ondo egitea gustatzen zait, eta orain ez dut astirik YouTubeko kanal batez arduratzeko. 15 minutuko bideo bat egitea 3-4 orduko lana izan daiteke (grabatu, editatu, igo...).
E.B. Gertu-gertutik jarraitzen diegu esaten eta idazten dituzun kontu guztiei, Erlantz. Mila esker!E.P. Eskerrik asko zuei eta ordenagailuaren edo irratiaren bidez irakurtzen edo entzuten didazuen guztiei! Animatu. Eta sartu nire sare sozialetan: Instagram, Facebook eta Twitter. Dena ez da teknologia. Beste kontu batzuez ere aritzen naiz!