Imajinatzen duzu zer den ekintzaile batentzat bere proiektu teknologikoa garatzeko enpresa handi baten laguntza jasotzea? Bada, horretan ari da Euskaltel duela urte eta erditik StartUps Euskaltel programaren bidez; ekintzaileak babesteko programa bat da, eta dagoeneko 42 enpresa berrik parte hartu dute. Gainera, Bind 4.0 azelerazio-programa publiko-pribatuan parte hartu du Euskaltelek. Programa horretan, bost proiektu berritzaile kontratatu ditu, Euskadiko beste hainbeste start-up teknologikorenak. Eta onena iristear dago: gure lankide Leire Bilbaok, Berrikuntzaren Sustapeneko gerenteak, azaldu digu Euskaltelek hemendik oso gutxira, ekintzailetzaren aldeko apustuaren parte gisa, beste urrats bat emango duela, eta start-upen proiektuak bere bezeroei hurbiltzen hasiko dela. Ezagutu harekin StartUps Euskaltel programa eta ekintzailetzaren eta teknologiaren munduko joerak.

E. Aspaldi hasi zen Euskaltel bete-betean ekintzailetzaren munduan. Zergatik nahi duzue start-upetatik hain gertu egon?

Leire Bilbao. Euskaltelen eta start-upen arteko lankidetzaren helburua bikoitza izan da beti: batetik, Euskaltelek bere hondar-alea eskaini nahi du Euskadin enpresa berritzaile gehiago eta gehiago izan ditzagun, enpresa berri guztiek laguntza behar baitute hasieran. Guretzat, Euskadiko ekonomia digitalaren garapenarekiko konpromisoa da, eta gizarteak ematen diguna itzultzeko modu bat. Eta, bestetik, badakigu, ekintzaileekin dugun harreman horri esker ikas dezakegula, ikuspegi, ideia eta proposamen berriak ekartzen baitizkigute. Azken batean, ziur gaude beste pertsona batzuei hazten laguntzeak guri ere laguntzen digula.

E. Konpromiso hori konpentsatzen al da? Zer jasotzen duzue lankidetza horretatik?

B. Start-upekin eta ekintzailetzaren munduarekin dugun harremana oso aberasgarria da: era desberdin batean pentsarazten digu, hainbat produktu eta zerbitzu planteatzera bultzatzen gaitu, eta enpresa gisa ditugun erronkak konpontzeko moduak ikusarazten dizkigu. Sektore teknologiko honetan, start-upekin lan egiteak bizkortasuna eta ideia berriak eskaintzen dizkigu berrikuntza-prozesuan. Programak urtebete besterik ez duela, era guztietako proposamen berritzaile ugari jaso ditugu dagoeneko. Aurten beste urrats bat egin nahi dugu, eta start-upen proposamenak gure bezeroei hurbiltzea lortu nahi dugu. Teknologia berriak, irtenbide digital berriak edo produktu eta zerbitzu berriei forma emateko proposamenak interesatzen zaizkigu, batez ere. Besteak beste, adimen artifiziala, Gauzen Internet, zibersegurtasuna, komunikazioak eta eduki-mota berriak. Beraz, lerro hauetatik start-upak animatu nahi ditut StartUps Euskaltel programan izena emateko (http://www.StartUpseuskaltel.eus/)

E. Oraingoz, balantzea positiboa da, ezta? Zenbat start-upekin aritu zarete azken urteotan?

B. 2017ko uztailean hasi genuen StartUps Euskaltel programa, ekintzailetzari laguntzeko gure plana, eta geroztik 42 euskal StartUp baino gehiagori lagundu diegu, era askotan: eskaini dizkiegu komunikazioak doan, publizitatea, prestakuntza, mugikorrak eta probarako ekipoak... Are, haien proiekturen bat kontratatu ere egin dugu, eta baterako proiektuak aurkeztu dizkiegu enpresa-bezeroei. Gainera, hasieratik Bind 4.0ekimenari lotu gintzaizkion, hots, Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldeak eta Euskadiko zenbait enpresak zuzentzen duten start-upen azelerazio publiko-pribatuko euskal programari. Bind 4.0ren 3 ediziotan parte hartu dugu dagoeneko, eta 5 proiektu kontratatu dizkiegu Euskadiko 5 start-upi: Decidata, Globe Testing, Dative Partners, HDIV eta Jakincode. Eta horiekin, big data eta analitika aurreratuko bi proiektu garatu ditugu; Gauzen Internetekin zerikusia duen proiektu bat, eta aurten, lanean ari garen zibersegurtasuneko bi proiektu.

E. Zein dira sektore interesgarrienak etorkizunari begira? Big Data, Zibersegurtasuna, Gauzen Internet, adimen artifiziala…?

B. Etengabe eboluzionatzen ari den gizarte batean bizi gara, eta eboluzionatzen ari da batez ere teknologian eta telekomunikazioetan. Alor horretan, zibersegurtasunagero eta beharrezkoagoa da; hura kontuan hartu beharra daukagu edozein sektoretarako produktu edo zerbitzuren bat diseinatzen dugun unetik beretik. Garapen teknologikoko beste bi eremu handiakadimen artifiziala eta Gauzen Internet (IoT) dira, ez enpresentzat bakarrik, baita pertsonentzat ere.

Orain gutxi arte pertsonak bakarrik geunden konektatuta, eta gaur egun ia ezinezkoa da etxetik mugikorrik gabe ateratzea. Bada, antzeko zerbait gertatzen ari da objektuekin. Hurrengo iraultza handia gauzen konexioa da, inguruan ditugun gauzena, eta jada gertatzen ari da fabriketan, etxeetan, hirietan: tenperatura-sentsoreak, mugimenduarenak, hezetasunarenak, uholdeenak, ureztatzearenak, presioarenak, ikusmen artifiziala, kokapena, eta abar.

Datuen analitika aurreratua eta adimen artifiziala, zalantzarik gabe, ibilbide luzeko eremuak dira etorkizun hurbilean.
B. Eta neskak?} Nola sustatu dezakegu haiengan STEM lanbideetarako bokazioa?

B. Nire ustez, asko dago egiteko nesketan STEM bokazioak sustatzeko. Gai izan behar dugu teknologiak eskain ditzakeen garapen profesionalerako aukera izugarriak transmititzeko; jarraitu beharreko ereduak erakusteko, beren gaitasunetan segurtasuna eta konfiantza irakasteko, eta abar. Eta mutilak ahaztu gabe, teknologiak aukerak eskainiko dituelako gaur egun imajinatzeko ere gai ez garen esparruetan garatzeko, eta sortzeko gaitasuna ematen digulako, oso gauza garrantzitsua ekintzailetzaren sustapenarekin lotzen badugu. Eta horrek guztien talentua behar du, neska eta mutil.

E. Adibidez, Leire, Berrikuntzaren Sustapeneko gerentea zarenez, zer gustatzen zaizu gehien mundu teknologiko honetan?

B. Gehien gustatzen zaidana da teknologiak gaitasuna eskaintzen digula zerbait berria sortzeko, eguneroko erronkei irtenbideak emateko eta gure eguneroko jarduna hobetzeko. Gainera, dinamismoa da, egunero erronka desberdinei aurre egitea da, eta etengabe ikastea da.

E. Zer mezu bidaliko zenioke neska edo mutil batistart-up bat martxan jartzeko asmoa badu baina ez badaki nondik hasi?

B. Ideia ona dutela uste badute, baina nola garatu ez badakite, aholkatzen diet laguntza eskatzeko Euskadin daukagun ekintzailetzari laguntzeko sarean. Beren proiektua garatzeko laguntza eta aholkularitza eskainiko diete. Eta oraindik ideia hori ez badute, baina baldin badakite ekintzaile izan nahi dutela, aholkatzen diet hainbat profil eta ideia berritzaile dituzten ekintzaileak batzen dituzten ekimenetan parte hartzea. Nolanahi ere, ekiteko motibazio handia izan behar dute, eta proiektuan % 100eko inplikazioa izateko prest egon behar dute.

E. Mila esker, Leire!