Ez dago zalantzarik. Euskal enpresa txiki eta ertainak digitalizazioaren beharraren eta garrantziaren jakitun dira. Pixkanaka-pixkanaka, beren estrategietan txertatzen ari dira, baina bide luzea egin behar dute oraindik ingurune berriak eskaintzen dituen aukera guzti-guztiak aprobetxatzeko.
Adegik eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak jardunaldi bat antolatu dute elkarrekin, eta aztertu dute zenbateraino dauden enpresak prestatuta hurrengo urteetan gertatuko den iraultza digitalerako. Koldo Unanue Euskalteleko Marketineko zuzendariak parte hartu du jardunaldi honetan, eta “Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen digitalizazio-egoerari buruzko txostena” aurkeztu du.
Zertan inbertitzen dute enpresek?Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak egindako azterketak agerian uzten du euskal ETE-en eraldaketa digitala lehendik dauden prozesuen digitalizazioaren bidez egiten dela batez ere, eta ez dela negozio-eredu tradizionala aldatu eta berri bat hartzen.
Enpresa txiki eta ertainek segurtasunean, bezeroekiko eta zerbitzuekiko harremanetan, marketinean eta publizitatean jarduten dute batik bat. Baina bigarren mailan uzten dituzte negozio-ereduetako berrikuntza digitalari buruzko alderdiak, lidergoa sendotzeari lotutakoak eta langileen ahalduntze digitalari lotutakoak.
Halaber, azterlanak dio funtsezkoa dela hirugarrenekiko lankidetza —berrikuntza-prozesu irekien bidez—, eta iraunkortasuna eta enpresa-hazkundea bermatuko dituzten metodologia azkarrak erabiltzea.
Inbertsioa eta asmoa badaude, baina merkatu digitaletako presentzia hobetu behar da, baieztatu du Orkestrako Ekonomia Digitaleko Laborategiko Agustín Zubillagak. Azken batean, pentsamolde digitala lortzea da kontua.
Datuaren garrantzia nabarmendu du EuskaltelekEsperientzia du abiapuntu Euskaltelek. Digitalizazioa ez da ezezaguna enpresarentzat; izan ere, egunero-egunero aplikatzen ari dira teknologia berriak hainbat arlotan, hala nola bezeroak leialtzeko prozesuetan, dendetan edo sarearen mantentze-lanetan.
Koldo Unanue Euskalteleko Marketineko zuzendariak uste du garrantzitsuena datua dela. Informazioa metatzea da enpresek bezeroekiko harremanari eusteko duten oinarrizko tresna. Haien beharrak, esperientzia edo erabilera-ohiturak ezagututa, aurrea hartu ahal izango diete haien eskakizunei.
Garrantzitsuena da behetik hastea, partnerrak bilatzea eta horrekin guztiarekin digitalizazioan urrats txikiak ematen joatea.