Inflexio-puntu berri bat izan du enpresetarako adimen artifizialak. Agente anitzeko sistemek aukera ematen dute lan isolatuak automatizatzetik prozesu osoak modu autonomoan kudeatzera igarotzeko. “Lantalde ikusezin” baten moduan aritzen dira, 24 orduz, enpresaren eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko.
AAk, galderei erantzuteaz gain, lanak ere egiten ditu orain. AAko agente anitzeko sistemak gai dira erabakiak hartzeko, ekintzak koordinatzeko eta prozesuak hasi eta buka egiteko, eta gizakiak oso gutxi esku hartuta. Hala, enpresetako lanak antolatzeko eta gauzatzeko modua eraldatzen ari dira.
Eredu bakarretik agente espezializatuen taldeetara.
AA-soluzio askotan, eredu bakar batek funtzio ugari betetzen ditu. Hala ere, enpresa-prozesuen konplexutasuna eta eskakizun operatiboak areagotu ahala, erantzukizunak banatzeko beharra sortzen da.
Agente anitzeko sistemek erronka horri erantzuten diote: agente espezializatu ugari sortzen dira, eta bakoitzak funtzio jakin bat dauka prozesuaren barruan.
Agente batek, adibidez, informazioa bildu eta aztertuko du. Beste batek aukerak ebaluatu eta erabakiak hartuko ditu. Eta hirugarren batek ekintzak exekutatuko ditu sistema korporatiboetan. Gainera, baliteke agente bat egotea emaitzak baliozkotzeko edo anomaliak detektatzeko.
Espezializazioei esker, lan-ingurune digitalak sor daitezke, non agente bakoitzak eginkizun jakin bat betetzen baitu eta beste batzuekin elkarlanean aritzen baita helburu komunak betetzeko, giza taldeek egiten duten antzera.
Ataza solteak automatizatzetik prozesu osoak automatizatzera
AAko agente anitzeko sistemek paradigma aldatzea ekarri dute automatizazioan.
Azken urteetan, enpresek eraginkortasuna handitu dute lan solteak automatizatuta, baina oraindik ere gizakiaren esku-hartzea beharrezkoa da lan-fluxu globala koordinatzeko.
Agente anitzeko sistemekin, fokua aldatu da: ekintza solteak automatizatzetik prozesu osoak automatizatzera.
Eskaerak kudeatzea adibide on bat da: agente batek bezeroaren eskaera jasoko du; bigarren batek inbentarioan dagoen begiratuko du; hirugarren batek merkataritza-baldintzak baliozkotuko ditu; laugarren batek logistika koordinatuko du; eta azken batek eskaera zer egoeratan dagoen jakinaraziko dio bezeroari. Hori guztia modu koordinatuan eta gizakiak oso gutxi esku hartuta.
Antzekoa gertatzen da bezero-arretan, dokumentuen kudeaketan eta finantza-prozesuetan. Jada ez dira urrats solteak automatizatzen; lan-fluxuak hasi eta buka automatizatzen dira.
Benetako inpaktua: abiadura, sendotasuna eta eskalagarritasuna.
Kostuak murrizteaz gain, beste onura batzuk ere baditu agente anitzeko sistemak erabiltzeak.
-
Abiadura: agenteek informazioa prozesatu ahala har ditzakete ekintzak, eta horrek erantzun-denborak murrizten ditu.
-
Sendotasuna: arau eta irizpide homogeneoen arabera aritzen direnez, eskuzko lanean izaten den aldakortasuna eta erroreak murrizten dira.
-
Eskalagarritasuna: giza taldeek eskuragarritasun- eta bolumen-mugak dituzte, baina agenteek bolumen handiagoak kudea ditzakete, baliabideak proportzionalki handitu beharrik gabe.
Emaitza da erakunde arinago bat, gai dena merkatuaren eskaerei bizkor erantzuteko eta kalitate operatibo handia izatekoa.
Agente anitzeko AA-sistema: 24 orduz lan egiten duen “lantalde ikusezina”
Agente anitzeko sistemen ezaugarri eraldatzaileenetako bat da benetako talde digital iraunkor gisa funtzionatzen dutela. Etengabe koordinatu daitezke eta egin dezakete lan, prozesu kritikoak eguneko hogeita lau orduetan martxan edukitzeko.
Erakunde askotan jada lanean ari dira arlo hauetan: backoffice, bezeroarentzako arreta, informazioaren analisia, eragiketetarako laguntza eta prozesuen monitorizazioa.
Agente anitzeko sistemen gakoak: datuak, arauak eta kontrola
Sistemek duten potentziala nabarmena bada ere, agente anitzeko sistemak ez dira eraginkorrak AA-eredu aurreratuak izateagatik bakarrik. Eraginkortasuna funtsezko hiru elementuren mende dago: datuak, arauak eta kontrola.
-
Kalitatezko informazioa (datuak) behar dute, egoera bakoitza behar bezala ulertzeko.
-
Mugak, lehentasunak eta jarduteko irizpideak definitzen dituzten arau argiak behar dituzte.
-
Gainbegiratze- eta kontrol-mekanismoak behar dituzte, erabakiak monitorizatzen direla eta erakundearen helburuekin bat datozela bermatzeko.
Lana antolatzeko beste modu bat
Agente anitzeko sistemak ez dira AA gehiago txertatzeko aitzakia bat; lan egiteko beste modu bat dira.
Kontua ez da AA gehiago txertatzea, baizik eta eragiketak talde digitalen inguruan berrantolatzea, talde digital horiek gai baitira, gizakiak gainbegiratuta, modu autonomoan lan egiteko, erabakiak hartzeko eta eragiteko.
Planteamendu hori ulertzen duten enpresek automatizazio-maila handiagoak lortuko dituzte, eta beren eragiketak moldatu ahal izango dituzte, eraginkorragoak, erresilienteagoak eta adimendunagoak izateko.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo Euskaltel Enpresak-en sail komertzialarekin, mezu bat bidaliz helbide honetara: grandes.empresas@masorange.es. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.
