Seguru dagoeneko ikusi dituzula kalean establezimendu horiek... Agian, horietako batean egiten duzu gobada. Ezagutzen duzu Ecolaundry? Autozerbitzuko garbitegien frankizia bat da, eta penintsula osoan 150 lokal baino gehiago ditu. Besteak beste, ezaugarri nagusia du ingurumena errespetatzen duten makinak eta produktuak erabiltzen dituela. Frankiziaren lokalek ia modu autonomoan funtzionatzen dutenez, ez dute langilerik behar kasu egiteko, eta urteko 365 egunetan egon daitezke irekita. Eta beti erabiltzen dute teknologiarik aurreratuena prozesu guztietan.
Orain arte, Ecolaundry garbitegiak oso modu oinarrizkoan kudeatzen ziren, App baten bidez, makinak kontrolatzeko, martxan jartzeko, lokaleko ateak irekitzeko eta ixteko, eta abar.
Eraldaketa digitala
Baina enpresaren arduradunek beste urrats bat ematea erabaki zuten, eta hainbat helburu zituen eraldaketa-prozesu digital bati ekin zioten: establezimenduen kudeaketa integrala urrunetik egitea Internet of Things (IOT) teknologiaren bidez, online ordaintzeko plataforma bat martxan jartzea eta bezeroei esperientzia ezin hobea eskaintzea. Hori guztia, lokalen eraginkortasuna eta errentagarritasuna handitzeko. Horretarako, Euskaltelekin lehendik zuten konfiantza berrestea erabaki zuten. Ramón González Ecolaundryko zuzendari nagusiak honela azaldu digu:
Oso irtenbide konplexua behar genuen, gure app zaharra funtzionalitate berriekin integratzeko gai izango zen irtenbide bat, eta beste urrats bat egin nahi genuen ordainketa-plataforma bat ere integratuz
Bezeroaren beharrak jakin bezain laster, lanari ekin genion, eta Ecolaundryren neurrirako irtenbide bat diseinatzen hasi ginen.
Lehenik eta behin, frankiziak behar zuen plataforma bat bere garbiketa-zentroetako ekipoak eta instalazioak urrunetik kontrolatzeko aukera emango ziona: hau da, lokalek funtzionatu behar zuten langileren bat instalazioak zaintzen balego bezala; horrez gain, makinetako akatsak detektatu behar zituen, eta, oro har, zerbitzuarekin lotutako edozein gorabeheraren berri izan. Euskaltel Life, Internet of Things (IoT) teknologian oinarritutako irtenbidea, eskaini genien. Plataforma honek aukera ematen du lokal edo etxebizitza baten elementu asko kontrolatzeko, bezeroaren beharretara egokitutako sentsore-aukera zabal baten bidez.
Euskaltel Life-n integratutako sentsoreak
Ecolaundryren kasuan, presentzia-sentsoreak jarri genituen, establezimenduaren barruan edozein mugimendu detektatu ahal izateko; bideo-zaintza kamerak jarri ziren, lokalaren irudiak zuzenean mugikorrean ikusi ahal izateko; era guztietako sentsoreak jarri ziren, sarrerako eta biltegiko ateak, argiak, ur-ihesak, energia kontsumoa, pertsianak eta abar kontrolatzeko; eta sentsore magnetikoak ere jarri ziren kanbioak txanponetan emateko makinetan, manipulazioak detektatzeko.
Horrez gain, sirenak eta zenbait ekipo instalatu genituen, lokaletako ateen irekiera eta itxiera urrunetik kontrolatzeko, orduaren araberako itxieraren osagarri.
Gainera, garbigailu eta lehorgailu adimendunak jarri ziren: entxufe adimendunak dituzte, urrunetik piztu itzali ahal izateko;
Baina aplikazio espezifiko bat behar zen aldi berean hainbat funtzio betetzeko gai izango zena: batetik, Euskaltel Lifek eskaintzen dituen funtzio guztien kontrol zentralizatua eskaini behar zuen, eta, bestetik, Ecolaundryren aurreko App-ak zituenak ere jaso. Horrez gain, ordainketa-plataforma bat eduki behar zuen, bezeroek zerbitzua mugikorraren bidez ordaindu ahal izateko, eta, azkenik, garbitegiaren funtzionamendua optimizatzeko behar den informazioa eman behar zuen, negozioaren eraginkortasuna areagotzeko eta bezeroak fidelizatzeko.
Zerbitzu guztiak integratzeko aplikazio berezi bat
Horretarako, gure partner teknologikoetako bati App homogeneo bat eskatu genion, funtzio horiek guztiak integratuko zituena eta Android eta IOS gailuetarako erabilgarri egongo zena. Sistema eragile bakoitzerako App bat garatzea izan zen emaitza. Eta aipatutako elementu guztiak barne hartzeaz gain, garbigailuen eta lehorgailuen funtzionamendua ere integratu zen, eta, alderdi teknikoagoari dagokionez, Raspberry Pi mikroordenagailuaren logika, Euskaltel Life-rekin lotzeko gateway-an.
Ramón González Ecolaundryko CEOaren arabera:
Irtenbide honek balio erantsi bat ematen digu frankizia gisa, gainerakoetatik bereizten gaituena; haren bidez jakin dezakegu makinek astean zein garaitan erabiltzen diren gehien; noiz sartzen eta irteten diren bezeroak; noiz gertatzen diren elektrizitate-kontsumo altuenak energia-hornitzaileekin kontratu pertsonalizatuak negoziatzeko... Laburbilduz, soluzio honek informazio asko emango digu gure negozioaren errentagarritasuna handitzeko
Baina prozesuen eraginkortasuna handitzeaz gain, Ecolaundryren App berriak aukera emango du erabiltzaileen prozesuak errazteko, ordainketa-plataforma sartuta, eta haiekin etengabe komunikatzeko aukera egongo da, haien beharrak ezagutzeko, zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzeko eta fidelizazioa bideratzeko.
Sistema berritzaile hori modu autonomoan funtziona dezaketen beste negozio eta sektore batzuen urruneko kudeaketan ere erabil daiteke, bai eta kanpoan zaudenean etxean gertatzen den guztia kontrolatzeko ere. Laburbilduz, aukera berriak ditugu azken teknologiak gure bezero guztien esku jartzeko.