Andoni Agirregomezkorta aktoreak barre eginarazi zigun urte askoan telebistako pantailatik, Vaya semanitan.Ondoren, Cuerpo de Elite filmean ikusi genuen, eta Euskolegas eta Ella es tu padre telesailetan.Orain, ohiko erregistroa utzi, eta eta Basakabiko zuzendariaren (Oier) larruan sartu da, Go!azen 9.0. Dioten bezain zorrotza ote da? Egiazta ezazu ostiralero Go!azenen aurtengo denboraldiko ataletan, EiTB-n. Eta ez galdu berarekin izan genuen elkarrizketa.
EiTB zure bigarren etxea da ia-ia; hemen hasi zinen duela 20 urte, Vaya semanita saioarekin. Zenbateraino eragin zizun zuri eta zure ibilbideari?
Vaya Semanita baino lehenago hasi nintzen EiTBn! Baina zalantzarik gabe VS da nere ibilbidea ta nere bizitza aldatu zuena. Bizimodua betirako aldatu zidan eta han ikasi nuen gehien bat telebistaz dakidan guztia. Kriston masterra izan zen.
Nolakoa izan zen hasiera?
Ilusio haundiz bizi nuen zerbait, urduritasun haundiarekin ta zerbait haundia egiten ari nintzanaren sentsazioarekin. Ta oraindik haundiago eta garrantzitsuagoa izango zela jakin gabe!
Nolakoak ziren filmazio-lan haiek?
Luzeak oso, baina gozatzeko modukoak. Lantalde polita zen, erlazio oso ona zegoen gure artean ta horrek dena egiten zuen errazagoa. Ta eskerrak, denbora gehiago pasatzen bait genuen elkarrekin senideekin baino!
Eta nolakoak dira orain Go!zen-eko neska-mutilekin?
Ba luzeak eta intentsoak ere baina politak. Gazteak izugarri profesionalak dira, oso serio hartzen dute lana eta beti jarrera ezin hobearekin. Oso erraza egin didate Go!azeneko familiaren kide bat gehiago bezela sentitzeko prozesua.
Ondo portatzen dira? Zahartu edo gaztetu egiten zaituzte?
Bikain portatzen dira. Ez nuke jakingo zahartu edo gaztetu nauten esaten. Bat gehiago bezela sentiarazi naute. Beraiek baino esperientzi gehiago izan dezaket baina horrek ez nau beraien aita izango banintz bezela sentitzera bultzatu!
Zer moduzko ikaslea zinen zu?
Txarra! Interesatzen zitzidana bakarrik ikasten nuen. Orain egunero ikasten ditut gidoi berriak, beraz kapazidadea nuela esan daiteke, baina interesa tarteka bakarrik.
Nolatan amaitu duzu Basakabiko zuzendari gisa?
Esango nuke inorrek ez zuela sinetsiko gazteetako bat bezela agertu izan banintz! Ba Pausokatik luzatu zidaten proposamena ta ez nuen gehiegi pentsatu behar izan. Nere pertsonaiaren, Oierren ezaugarriak eta nondik norakoak azaldu zizkidatenean oso interesgarria iruditu zitzaidan, orain arte egin izan ditudanetatik desberdina, ta hori oso erakargarria da.
Telesailean, zeken samarra zara. Zer moduz moldatu zara umoretik gutxi duen pertsonaia hori interpretatzeko?
Ba hori ikuslegoak esan beharko du, baina ni oso gustora sentitu naiz. Esan bezela erakargarria zen, eta betegarria umorearekin zerikusi gutxi duen pertsonai honen erregistro desberdinak eta egoera desberdinak aztertu behar izatea.
Musika eta abestiak ezinbesteko elementua dira Go!azen-en. Kantuan ikusiko zaitugu?
Uste dut Go!azen ikusi beharko duzuela zalantza hori argitzeko!
Ez dugu ezergatik ere huts egingo.
Eskerrik asko, Andoni Amirregomezkorta, berriketaldi honengatik. Eta animo neska-mutilekin!
Eta zuk, gogoratu: Go!azenen aurtengo denboraldiko atal berri bat daukazu ostiralero, 21:00etan, EiTBn.