Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugan dago... Baina independentetzat du bere burua; ia 50 igogailu, eskailera eta arrapala mekaniko ditu, herritarrak eroso samar iristeko etxera; 28.000 biztanle inguru baino ez dira, baina munduko edozein tokitan aurki dezakezu bat! Eta han aparkatzea balentria izugarria da. Badakizu zer hiriz ari garen?
Bai. Eibar da. Ezin da esan ez oso polita denik, ezta itsusia denik ere, baina garbi dago badituela swag, flow eta leku berezi bihurtzen duten beste zenbait ezaugarri. Eta, bestela, galdetu zuzenean eibartarrei. Paradisuan bizi direla sinetsita daude!
Batzuek diotenez, eibartarra izateko ez da nahikoa han jaioa izatea: han txamarra erabili behar duzu, eta ez anoraka; GAC bizikleta bat eduki behar duzu, eta chinguete esan kisketari. Eibartar bat Eibarresan elkartzen da lagunekin, eta kontu guztiz naturaltzat du aldapak igotzea. Dibertigarri zaizkio aldapak!
Baina denok jakin behar genuke —bereziki, hangoak ez garenok— ezaugarri berezi ugari dituela mundu osoan ezagun egin dutena. Jakin nahi duzu zein diren?
Armagintza
Futbola gustukoa baduzu, behin baino gehiagotan entzungo zenuen telebistan “talde armagina”ri buruzko aipamenik. Badakizu zergatik izendatzen zaien horrela? Mundu osoan ezagunak direlako hiriko armagintza-enpresak (eskopetak eta errifleak egiten dituzte, batez ere); Eibarren, tailer esan diete beti enpresa horiei. Joan den mendearen azken erdian 40 tailer baino gehiago egon ziren, baina orain gutxi batzuk baino ez dira gelditzen. Hori bai: gutxi horiek punta-puntakoak dira, eta beren produktuak mundu osora esportatzen dituzte, kalitate eta eskulangintza-maila paregabea baitute. Armagintzari buruzko museo bat ere badago herrian.
Futbola
Eibarren beste inon ez bezala bizi da futbola, eta bertako taldea, Eibar SD… erlijio bat da ia! Pentsa, eibartarrek diote Bartzelonak Eibarko taldearen ekipamendua kopiatu duela. Eibartar peto-peto guztiek ikusi dute nola irabazi zuen taldeak 1 eta 0 Altunak sartutako gol bati esker; izan ere, makina bat gol sartu zituen Altunak. Garrantzi aparta izan zuen taldea bigarren mailara igotzeko! Bada, Eibarko futbol-taldeak Ipuruan gol bat sartzen duen bakoitzean, garai bateko Alfa josteko makinen fabrikako sirena entzuten da herri osoan. II. Mundu Gerrako filmetan entzuten diren hegazkin-bonbardaketen berri emateko sirenen oso antzekoa da hotsa. Benetan ikusgarria! Enpresa hori San Andres kalean zegoenean, sirena jotzen zuten fabrikan lan egiten zuten 1.000 herritar baino gehiago esnatzeko. Eta orain klubeko ikur bereizgarria da. Interesgarria, ezta?
David Silva eta Xabi Alonso
Badakizu David Silva nazioarteko kanariarrak Eibarren jokatu zuela 2004-2005 denboraldian? Izan ere, egun Manchester Cityko jokalari dena 18 urte besterik ez zituela iritsi zen talde armaginera, eta gazte-gaztetatik erakutsi zuen opariak egiteko abilezia berezia zuela. Bost gol sartu zituen, eta Eibarko denboraldi ikusgarrienetako bateko protagonista izan zen gainera: laugarren gelditu zen taldea, eta azken egunean egin zion ihes lehenengo mailara igotzeko aukerak. Silva ez da izan, hala ere, Ipuruako aldageletatik igaro den jokalari ospetsu bakarra. Xabi Alonso ere hemen ibili zen 19 urte zituelarik Realak lagata, baina denboraldi-erdi bat baino ez: talde txuri-urdinak Jonh Toshack fitxatu zuenean, Xabi Alonso berreskuratu zuen berehala, eta Erreala jaitsiera-postuetatik ateratzen lagundu zuen.
Pertsonaia ospetsuak
30.000 biztanle baino gutxiago izan arren, jarduera askotarikoetan nabarmendu diren pertsonaia ugari sortu ditu Eibarrek. Esate baterako, Maite Zuñiga kirolari ohia, Seulgo Joko Olinpikoetan final batera iritsi zen gure lehenengo kirolaria. Hor dira, halaber, Athleticeko Markel Susaeta eta Realeko Mikel Oyarzabal. Javier Agirresarobe argazkilaria, argazkigintzako hainbat Goya sari irabazi dituena; Koldo Zuazo, euskaltzaina; Ignacio Zuloaga pintorea, eta beste asko eta asko, Eibarren ospea mundu osora zabaldu dutenak.
Ezagutzen al duzu Eibarren beste ezaugarriren bat mundu osoan ezagutzea merezi duena? Bada, emaguzu horren berri, iruzkin batean