2025eko Sanfaustoak urriaren 10etik 19ra ospatzen dira, eta, urtero bezala, ez dira faltako kontzertuak, Zezenak dira eta arto-opilak. Durangoko 2025eko sanfaustoetako egitarauari buruz jakin beharreko guztia kontatuko dizugu.

Zaindariaren eguna, San Fausto, urriaren 13a da, jai-eguna Durangon.

Hamar egun dituzu festarako: tradizioa, gastronomia eta jarduera ludiko ugari elkartuko dira Durangoko kaleetan, Euskadiko txoko askotatik etorriko den jendearen gozamenerako.

Durangoko 2025eko jaien egitaraua

Esan dugunez, Durangoko 2025eko jaiak urriaren 10ean hasi (ostirala) eta urriaren 19an amaituko dira (igandea).

Hilaren 10en eguerdian hasiko dira Durangoko sanfaustoak: San Fausto auzoan Patxikotxuri harrera egin, eta kuadrillak, alkandora zuriz eta zapi urdinez jantzita, eta Pantxike ondoan dutela, Landako Gunetik udaletxera joango dira, txupinazorako.

Hamar eguneko jaiak hasiko dira hala, eta aurten ere ez dira faltako urteroko hitzordu batzuk:

  • Patxikotxuren ongietorria, kuadrillen jaitsiera eta txupinazoa.

  • Zezenak dira, dultzaineroekin.

  • Kontzertuak txosnetan eta Ezkurdin.

  • Arto-opilen banaketa San Fausto egunean, udaletxeko plazan.

  • Mañaria ibaiaren jaitsiera Tabiratik.

  • Goitibeheren jaitsiera Tabiratik.

  • Txupinazo txikia, udaletxeko plazan.

  • Paella-, tortilla- eta sukalki-lehiaketak.

  • Kuadrillen mozorro-lehiaketa.

  • Patxikotxuri agur esan eta erretzea, eta su artifizialak.

Gainera, haurrentzako jarduerak izango dira Landakon eta Ibaizabal parkean, kalejirak alde zaharrean, bertsolariak, artisau-azoka, herri-kirolak eta askoz gehiago.

Laster argitaratuko du Durangoko Udalak Durangoko 2025eko festetako programa, eta orduan kontatuko dizkizugu xehetasun guztiak.

Zezenak dira Durangoko jaietan

Entzierroak dira Durangoko sanfaustoetako tradizio ezagunenetariko bat; herriko kaleak zeharkatzen dituzte goizean goiz, eta Zezenak dira esaten zaie.

Azken urteetan, harmailak jarri dira Santa Ana plazan, toki mugatuekin. Segurtasun-arrazoiak direla eta, beharrezkoa da dagokion txartela eskuratzea aldez aurretik.

Normalean bost entzierro egiten dira; egun bakoitzean bat.

Historia handiko entzierroak dira. Herriko dokumentu ofizialetan jasotzen denez, 1580an ere kalte-ordainak kobratzen ziren bigantxen aurrean korrika egitean gertatuko istripuengatik.

Arto-opilak sanfaustoetan

Arto-opilak madalena-itxurako gozoak dira, baina zapalagoak eta apur bat handiagoak.

Arto-irinarekin egiten dira (hortik datorkie izena), eta mahaspasak eta fruta konfitatuen zati txikiak ere edukitzen dituzte.

San Fausto egunean bakarrik egiten dira. Hala, jaietako egun horretan, udalbatzako kideek udaletxeko arkupeetara joaten diren herritar eta bisitariei banatzen dizkiete. Ardoarekin edo txakolinarekin batera jaten dira askotan.

Osagarri gastronomiko ezin hobea dira urriaren 10etik 19ra Durangoko 2025eko sanfausto jendetsuez are gehiago gozatzeko 😊.

Goiburuko irudiaren iturria: Durangoko Udala.