Abenduko zubia pixka bat desberdina izango da Durangoko Azokan paseatzen ibiliko ez garelako, baina kulturak taupaka jarraitzen du, eta ez zara euskal kulturaren azoka handi hori gabe geratuko. Aurten, denda birtual baten bidez egingo da Azoka, abenduaren 4tik 8ra. Programazioa streaming bidez izango da, eta, Euskal Herriko herri batzuetan, aurrez aurreko ekitaldiak izango dira.
Euskaltelek aurten ere lagunduko du Durangoko Azoka, kulturak inoiz baino gehiago behar gaituelako, Nerea Mujika Gerediagako lehendakariak dioen bezala: “Uste dugu azoka inoiz baino beharrezkoagoa dela: sortzaileek plaza bat behar dute beren sorkuntzak ezagutzera ematen jarraitzeko; argitaletxeek, diskoetxeek eta gainerako ekoizleek erakusleiho bat behar dute; eta kulturzaleok kultura bizi, sentitu eta gozatu behar dugu”.
Babesle izateaz gain, Euskaltel telekomunikazio-zerbitzu guztien hornitzaile ofiziala ere bada, webean abiadura handia bermatzeko eta streaming bidez emango diren eduki eta kontzertuetan kalitate handia bermatzeko. Ideia bat izan dezazun, ia 4 km zuntz jarri ditugu Landako eta Plateruena eraikinak lotzeko.
Euskal kulturaren denda handia
Azokaren webgunean (www.durangokoazoka.eus), lehen Landako standetan eskuratu zenitzakeen produktu guztiak topatuko dituzu. 2.300 produktu aurkituko dituzu: disko eta liburuetako nobedadeak, baina baita aurreko edizioetako argitalpenak ere. Eta, gainera, edozein argitaletxeren katalogoa kontsultatu ahal izango duzu denda birtualetik bertatik.
Zoaz dendara, aukeratu irakurriko duzun hurrengo liburua, eta etxera eramango dizute. Erraza, ezta?
Streaming bidezko programazioa eta aurrez aurrekoa
Etxean duzu zubirako plan bikaina. Azokako programazio osoa online ikusi ahal izango duzu azokaren webgunetik: www.durangokoazoka.eus. Gainera, antolatzaileek bi gune fisiko prestatu dituzte Landako pabilioian eta Plateruenean; edukiera mugatua dute, eta erreserba aurrez egin behar da.
Egon adi programazio osoari, kontzertuz, hitzaldiz, emanaldiz, ekitaldiz eta abarrez betetako bost egun datoz eta.
Azoka Euskal Herri osoan dago
Edukiera- eta mugikortasun-mugak direla eta, Azokak urrats bat harago egin, eta “Zu non, han DA!” ekimena estreinatu du, azokaz leku gehiagotan eta denbora gehiagoz goza dezazun.
Kontzertuetan, 32 taldek hartuko dute parte, eta Euskal Herriko 8 herritan izango dira, abenduaren 5etik 8ra bitartean: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem).
Ikusi agenda osoa, eta erosi orain zure sarrera, hemen. Bizkor ibili, berehala bukatuko dira eta. Eta, motorrak berotzen joateko, azokaren Spotifyren playlista entzun dezakezu.
Gabonetan liburu bat oparitu nahi baduzu, Azokak Euskal Herriko liburu-dendetara eramango du bere katalogoa. Babestu tokiko merkataritza, eta erosi Azokako liburuak, abenduaren 9tik urtarrilaren 8ra.
Azoka inoiz baino biziago dago! Zain izango gaituzu!