Urtero, urtarrilaren 20an, San Sebastian zaindariaren egunean, danborrada egiten da Donostian. 24 orduz, 20.000 parte-hartzaile baino gehiago eta helduz nahiz haurrez osaturiko 158 danborradatik gora hiriko kaleetara ateratzen dira soldadu napoleonikoz, sukaldariz edo urketariz jantzita eta, jakina, danborra joz. Donostiako 2024ko danborradaren programa osoaren berri emango dizugu, eta, gainera, azalduko dizugu zein den danborradaren jatorria eta historia eta nola ospatzen den gaur egun.

Donostiako 2024ko danborrada: egitaraua

Danborrada Donostiako jai nagusia da, eta Gizateriaren Kultur Ondare Immaterial izendatu zuten 2018an.

Hiriko bandera igotzearekin batera hasten da, 00:00etan, Konstituzio plazan Gaztelubideko danborrada —beteranoenetako bat— “San Sebastian martxa” jotzen hasten denean: “Ba gera!” Gu ere bai!”.

Eta hiriko bandera jaistean amaitzen da festa, 24:00etan. Unión Artesanako danborrada hiriko zaharrena da, eta bera arduratzen da jaieguneko amaiera-festaz.

Donostiako 2024 danborradaren egitaraua:

larunbata, urtarrilak 20:

  • 00:00 h (urtarrilaren 19tik 20ra, goizaldean). Konstituzio plaza: bandera igotzea, Gaztelubideko danborradak San Sebastian martxa jo bitartean.
  • Egun osoan: helduen danborrada hiriko auzoetan.
  • 12:00 h. Haurren danborrada: desfilea, Donostiako udaletxetik abiatuta.
  • 24:00 h. Konstituzio plaza: bandera jaistea, Unión Artesanako danborradak San Sebastian martxa jo bitartean.

Haurren eta helduen danborradak

Gutxi gorabehera, 5.000 haurrek parte hartzen dute urtero haurren danborradetan. Udaletxetik ateratzera dira denak, eta hiriko kale nagusietan barrena ibili ohi dira. Danbor-joleekin batera, karroza bat ere ateratzen da, non hiriko XIX. Mendeko pertsonaiak agertzen baitira.

Hemen duzu haurren danborraden ordutegiari eta irteera-ordenari buruzko informazio gehiago.

Donostiako 2024ko helduen danborradak, berriz, hiriko auzoetan barrena aterako dira, eta bere ibilbide eta ordutegiak ditu bakoitzak:

  • Altza - Bidebieta - Intxaurrondo
  • Amara - Morlans - Loiolako Erriberak
  • Antigua
  • Erdialdea
  • Egia - Loiola - Martutene
  • Gros
  • Parte Zaharra

Donostiako danborradaren jatorria eta historia

Tamborrada de San Sebastián

Irudia: Donostiako danborrada

Donostiako danborradaren jatorria aurkitzeko, oso atzera atzera egin behar dugu denboran, Independentzia Gerraren eta okupazio napoleonikoaren garaira, 1808tik 1813ra bitartera.

Napoleonen soldaduek indarrez hartu zuten Donostia, eta sute batek hiriaren zati handi bat suntsitu zuen.

Soldaduak danborra joz eta guardia-aldaketako errito hotsandikoak eginez ibiltzen ziren hirian barrena, eta emakumeak, berriz, iturrietara joan-etorrian ur bila. Soldaduei iseka eginez eta aurre egin nahian, beren suilak jotzen hasi ziren donostiarrak militarren danbor-hotsari kontra egiteko, eta ohitura bitxi hura zabalduz joan zen pixkanaka.

Tradizio horren arabera, donostiarrek okupazio napoleonikoaren aurka eta askatasuna berreskuratzearen alde egindako borroka irudikatzen du danborradak.

Urteen joan-etorrian, Donostiako zaindariari eskainitako ospakizunik ezagunena bihurtu da.

Nolakoa izan zen lehenengo danborrada?

Donostiako lehenengo danborrada 1836. urtean egin zen, eta esan daiteke hiriko kaleetan barrena danborrak eta barrilak joz aritu zen satira bat izan zela.

Hasieran, Donostiako inauterien konpartsa gisa osatu zen. Urtarrilaren 20ko egunsentian ateratzen zen, sokamuturra iragartzeko. Eta, ibilaldia amaitu ondoren, danbolin-jotzaileak ere batzen ziren festara.

1879an, hiriko ongintzako hiru elkarte ospetsuenek bat egin zuten kalejira berezi harekin: La Fraternal, La Unión Artesasana eta Euskal Billera elkarteek; eta horrek behin betiko bultzada eman zion ospakizunari.

Bestalde, 1881etik 1882ra bitartean, San Telmo kuartelean gordetzen ziren Napoleonen garaiko danbor eta jantzi zaharrak eman zizkien Udalak elkarte antolatzaileei, eta hori izan zen gaur egun ezagutzen dugun danborradaren ernamuina.

Nola osatzen dira danborradak?

Tamborrada de San Sebastián

Irudia: Donostiako danborrada

Danborrada bakoitza ongintza-, kultura-, kirol-, gastronomia- edo aisialdi-elkarte batek babestu behar du, eta guztiek izan behar dituzte danborrak, barrilak eta musika banda.

Parte-hartzaileak bi talde nagusitan banatzen dira, danborrak eta barrilak, baina gastadoreak, banderadunak eta kantinerak ere badaude.

Danbor Nagusia danborradako agintari gorena da, baina barrilak dira ugarienak, gutxienez, 40 lagun danborrada bakoitzeko.

Sukaldariak eta urketariak danborradetan

Barriletako asko sukaldari jantzita ibiltzen dira, militar napoleonikoak pasatzen zirenean suila jotzen zuten haien oroigarri. Gainera, tradizioz elkarte gastronomikoek parte-hartze handia izan dute Donostiako danborradan, eta haiek antolatu zituzten aurrenekoak.

Haiekin batera joaten dira urketariak ere, suilak joz, euskal jantzi tradizionala soinean dutela. Lanbide edo ofizio zehatz bati lotuta ez dagoenez, garai hartako emakumeen ohiko arropa janzten dute: gona luzea, mantal handia, garaiko oinetakoak eta zapia buruan.

Urketariak 1980an sartu ziren danborradan, eta horrela sortu zen historiako lehen danborrada mistoa, urte askoan gizonek baino ez baitzuten parte hartzen.

1982an, lehen aldiz, emakumeak danborra jotzen ere atera ziren. Eta bost urte geroago, 1987an, neskato bat izan zen bere ikastetxeko danborradaren zuzendari lehen aldiz.

San Sebastián martxa Donostiako danborradan

Danborrek eta haiei erantzuten dieten barrilek zenbait musika-pieza jotzen dituzte ospakizunak irauten duen 24 orduetan.

Pieza horietako asko Raimundo Sarriegik konposatu zituen XIX. mendean. Donostiako musika herrikoiaren konpositore ezagunenetako bat da, eta plaza bat eta monumentu bat ditu Donostiako parte zaharrean.

23 urte besterik ez zituela konposatu zuen "San Sebastian martxa"; gaur egun, Donostiako ereserkitzat jotzen da, eta zaindariaren egunean jotzen den musika-piezarik ezagunena da.

Kantaren hitzak, berriz, Serafín Barojak idatzi zituen, Pio Baroja idazle ospetsuaren aitak, eta inauterien hurbiltasuna aipatzen du, lehen esan bezala jatorriz inauterien garaian ospatzen baitzen.

“San Sebastian martxa”ren hitzak

Hona hemen San Sebastian martxaren jatorrizko euskarazko hitzak:

Bagera!

gu (e)re bai

gu beti pozez, beti alai!

Sebastian bat bada zeruan

Donosti(a) bat bakarra munduan

hura da santua eta hau herria

horra zer den gure Donostia!

Irutxuloko, Gaztelupeko

Joxemari zahar eta gazte

Joxemari zahar eta gazte

kalerik kale danborra joaz

umore ona zabaltzen hor dihoaz

Joxemari!

Gaurtandik gerora penak zokora

Festara! Dantzara!

Donostiarrei oihu egitera gatoz

pozaldiz!

Inauteriak datoz!

San Sebastian: Donostiako zaindaria

San Sebastiani eskainitako egunean ospatzen da danborrada. Militar izan bazen ere, santu bihurtu zen azkenean, fedea hautatu baitzuen Erromatar Inperioa zerbitzatu ordez. Eta bera dugu Donostiako zaindari.

Erromatar soldadu zelarik, jazarritako kristauei lagundu zien, eta kargu hartu zion horregatik Maximino enperadoreak, zeinak behartu baitzuen bi aukera hauen artean hautatzera: kristau haietako bat salatu edo bera heriotza-zigorrera kondenatu. Militarrak, orduan, fedea aldarrikatu zuen, eta, beraz, bere heriotza-zigorra sinatu zuen: burua moztu zioten.

Haren omenez, basilika bat eraiki zuten Erroman, eta tradizio kristauak zaurituen eta gaixorik daudenen babesle bihurtu zuen, batez ere azaleko gaitzak eta gaitz benereoak dituztenena.

Nola bihurtu zen San Sebastian Donostiako zaindari? 1597an izurrite bat izan zen garai hartan Donostiako auzo zen Pasaia San Pedron. Auzoko herritarrek santu horri erregutu zioten, eta, egoerak hobera egin zuenean, betiereko boto bat egin, eta hiriko zaindari bihurtu zuten San Sebastian.

Gaur egungo danborrada eta Urrezko Danborra

Urtero, milaka bisitari eta turista biltzen ditu Donostiako danborradak, eta festaz, alaitasunez eta giro onez betetzen du hiria.

1967az geroztik, Urrezko Danborra ere ematen da egun horretan. Donostiak ematen duen sari gorena da, eta pertsona fisiko zein juridiko bati ematen zaio, bere merezimendu profesionalengatik eta hiriaren irudia sustatzeagatik.

Beraz, badakizu; urtarrilaren 20an, presta zaitez Donostiako betiko danborradaz gozatzeko. Gainera, danbor-hotsari laguntzeko, ez da txakolin on bat eta pintxo goxo batzuk bezalakorik.

Goiburuko irudia: Donostiako danborrada