Euskadiko paisaiez eta naturaz gozatzea beti da plan ederra, ezta? Bujanda bidezidorra egin beharreko mendi-ibilaldi horietako bat da. Oinez zein bizikletaz egin dezakezu. Ibilaldiaren eta bidean dituzun leku interesgarrien berri emango dizugu hemen.

Bujanda bidezidorra Izkiko Parke Naturaleko ibilbiderik ezagunenetako bat da.

Korres eta Bujanda herriak lotzen ditu. Ibilbide lineal erraza da, 3,5kilometro ingurukoa, eta zailtasun gutxikoa, familia osoarekin gozatzeko modukoa.

Izkiko Parke Natural barruko ibilbidea

Bujanda bidezidorrak Izki ibaiaren sakanaren magala inguratzen du, Izkiko Parke Naturalaren barruan.

Euskal Autonomia Erkidegoko parke naturalen tamainari erreparatuta, hirugarrena da Izkikoa, eta Europan hobekien kontserbatutako baso-inguruneetako bat da, gainera. 1998an izendatu zuten parke natural.

Izki, turismo ornitologikoaren erreferentzia bat

Han, mendi eta sakanez, kareharrizko harkaitzez eta hezegunez inguratuta egongo zara, igebelar zuriz zipriztindutako urmael eta zohikaztegiz, bai eta landare haragijalez ere. Horiek guztiek leku ezin hobea osatzen dute hegaztiak ikusteko eta birdinga (turismo ornitologikoa) egiteko.

Senda_Bujanda_Parque_Izki

Okil ertaina da parkeko bizilagun nagusia, baina badira beste biztanle batzuk ere, hala nola sai arreak, arrano beltzak eta okilak.

Orobat ikusiko dituzu parkean artadiak, pagoak, urkiak eta ametz arruntak, espezie aski bakan bat.

Korres, Erdi Aroko gune bat Bujanda bidezidorraren abiapuntu

Bujanda bidezidorra Korresko hegoaldean hasten da, Parkeko Etxearen ondoan eta La Ballena haitzulotik hurbil, eta Bujanda herrian amaitzen da.

Korres da Izkiko Parke Naturalaren barruko herrigune bakarra, eta 20 biztanle inguru ditu. Erdi Aroan sortua, herriaren kokapenak gutizia preziatu bihurtu zuen Gaztelako Alfontso VIII.aren, Antso Jakitunaren eta haren seme Antsoren garaian, Korresko gaztelu zaharrak Iruñeko erresumaren mendebaldeko muga babesten baitzuen Gaztelaren erasoetatik.

Senda_Bujanda_Korres

Gaur egun pasealditxo bat eginez gero Korresen barrena, ikustekoak dira San Esteban parrokia-eliza —XVI. mendekoa, aurrealde errenazentista eta erretaula gotikoduna— eta Haitzeko Ama Birjinaren ermita erromanikoa.

Zer ikusi Arabako Mendialdeko ibilaldi honetan

Korrestik irtetean, Bujanda bidezidorrak Izki ibaiaren sakanari jarraitzen dio sigi-saga, duela ia 100 urte eraikitako Aranbaltzako presara arte.

Ibaiaren bideari jarraituz, Agin bideko kareharrizko hormatzarren artean, Antoñanako zentral hidroelektrikoa ikusiko duzu.

 Senda_Bujanda_Presa_Aranbaltza

Horietaz gainera, Soila mendia ere agertuko da bidera, tontor harritsu luze bat, eskalatzaile ugari erakartzen dituena, eta Gazteluko Haitzeko begiratokia.

Bujanda, erlikiak eta gastronomia

Bujandan amaitzen da ibilbidea. Herri ezaguna da, batik bat San Fausto Nekazariaren gorpuzkia gordetzen duelako elizan eta armarriz atondutako etxe ikusgarriak dituelako.

Senda_Bujanda_Localidad_Bujanda

Eta goseak egonez gero, ez egin txanda-pasarik inguruko trufa beltzari eta ezti gozoari!

Bujanda bidezidorrari eta Izkiko Parke Naturalari buruzko informazio gehiago

Natura, ondarea, gastronomia... Bujanda bidezidorra ibilbide ezin hobea da deskonektatzeko eta Euskadiko paisaiaz gozatzeko.

Gainera, erraza da hara iristea eta Gasteiztik oso gertu dago. Kilometro gutxiren buruan, Arabako Lautadatik urrundu eta Arabako Mendialdean sartuko zara.

Eta Izkiko parkea ezagutzen jarraitu nahi baduzu, arazorik ez, 15 mendi-ibilbide baitauzkazu seinaleztatuta. Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, jo Izkiko Interpretazio Zentrora (Korres).

Esaguzu, ezagutzen dituzu Bujanda bidezidorra eta Izkiko Parke Naturala?

Irudia: Parque Natural de Izki, Ayuntamiento de Arraya-Maestu y Ayuntamiento de Campezo.