Instagramerrak, youtuberrak, bloggerrak, influencerrak… Milaka lagunek festa, musika, dibertsio eta sare sozialez betetako sei ordu eder izan genituen gozatzeko joan den ostegunean Bilboko Euskalduna jauregian.

Zaleak, harpidedunak eta jarraitzaileak elkartu ginen Bizkaia Summer Jaia-Social Festaren lehen edizioan. Euskaltelek babestutako ekitaldi bat izan zen, eta arrakasta erabatekoa izan zuen, hala parte-hartzaileen nola ikusleen aldetik. Hona hemen datu bat, ideia bat egiteko: Euskaldunan izan ziren influencerrek, guztien artean, 20 milioi jarraitzaile inguru zituzten. Han elkartu ginenok gutxixeago ginen, baina ederki gozatu genuen.

Pentsa, Bocabeats bikotea izan zen aurkezlea. Ezagutzen ez badituzue, esango dizuegu facebooker-bikote bat dela, ganberro samarrak, uneko kantarik modakoenen parodiak egiten dituztenak eta euskal herritarren topikoez barre egiten dutenak. Eta eskarmentu eta ofizio handia dute horretan, hainbeste oholtza eta telebista-programatan egon ondoren.

Aitorrek eta Iván-ek zorte urtetik gora daramate agertokietan, baina Interneten berri samarrak dira: urte eta erdi besterik ez. Zuzeneko emanaldiak nahiago dituzte biek, “ikusleen beroa” biziki estimatzen baitute; gainera, zuzenean ari direnean, berehala jakiten dute beren saioek arrakasta duten ala ez. “Bideo batekin, beti zalantza duzu ondo funtzionatuko duen”, adierazi dute. Haterei buruz galdetu diegunean, hau aitortu digute: “Euskal umorea egiten dugunez eta euskal herritarrak oso umoretsuak direnez, ez dugu izaten kritikarik”. Adi!

Bizkaia Summer Jaian tokia izan zen musika onarentzat ere, Berta Bittersweet-en musikarentzat. Abeslari getxotarra Instagramen zale amorratua da; 14 urte besterik ez zuela minbizi bat gainditzeko gai izan zen bere indarrari esker, eta indar hori bera erabiliz lortu zuen disko bat grabatzea, crowfundingari eta Interneti esker. “Beti jardun naiz musikaren arloan, eta pentsatu nuen Internet oso tresna ona zela musika partekatzeko. Sarerik gabe, ezinezkoa izango zen gaur egun nagoen tokira iristea”, baieztatu du.

Bertak dio sare sozial guztiek dituztela aldeko eta kontrako faktoreak: batetik, aukera ematen diote edozein artistari bere musika modu erraz batean partekatzeko, baina, aldi berean, bideoetara iristeko erraztasun horrek, streaming-ak eta abarrek ez dute laguntzen zure jarraitzaileak kontzertuetara joateko orduan. Horregatik, “gaur egun, ez dago oporrik artistentzat” esaten du, oso zaila delako sareetatik deskonektatzea.

Social Fest honetan, tokia izan zen, halaber, abenturazale batentzat; sare sozialei esker iritsi zen bera horretara: Gotzon Mantuliz-ek kontatu zigun El Conquistador del Fin del Mundo programak aukera eman ziola abentura bizitzen hasteko, bidaiatzeko eta bere gorabeherak sareen bidez partekatzeko. Argazki txundigarriak ditu Instagramen; horri esker eta kirolarekin eta ingurumenarekin duen konpromisoari esker, bi babesle lortu ditu, sare sozialetan modu profesionalean aritzeko aukera eman diotenak. Gotzonek mezu zuen-zuzen bat bidali die bere jarraitzaile guztiei: “Animatzen zaituztet guztiok pentsa dezazuen zer gustatzen zaizuen eta hori lortzeko lan egin dezazuen. Niri, orain, errealitate bihurtu zait ametsa: ordaindu egiten didate egiteagatik ordainduko nituzkeen gauzak egiteagatik”. Hori bai dela mauka!

Bocabeats, Berta Bittersweet eta Gotzon Mantuliz ditugu Bizkaia Summer Jaia-Social Festen gurekin hitz egin zuten parte-hartzaileetako batzuk, baina programa askoz zabalagoa izan zen. Ikusleek primeran pasatu zuten Cabronazirekin; satira eta umore basatiaren erregeetako bat da, Facebooken 11 milioi jarraitzaile dituena. Eta Soy una pringada youtuberrarekin; jardunaldian musika jarri zuen, DJ bihurtuta. Han izan zen Legión 501 ere, Star Wars-en zale amorratuen klub bat: milaka argazki egin zituzten publikoarekin. Eta Hamza Zaidi, bi milioi jarraitzaile dituen youtuberra: bere “ki ti pasa” ikonikoa oparitu zigun, bai eta “Despacito”ren bertsio gogoangarri bat ere, zuzenean.

Zu ere izan zinen ekitaldian? Utzi zure iruzkina, eta esaguzu zein izan zen zure parte-hartzaile kutuna