Arabako probintziaren hegoaldean, Errioxaren ondoan, Euskadin eta handik kanpo sonarik eta entzuterik handiena duten mahastizaintzako eta ardogintzako eskualdeetako bat dago: Arabako Errioxa. Ondarea, paisaia, arkitektura eta, jakina, ardo eta gastronomia ona batzen diren lekua.

Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidera goaz. Ikus ezazu non dagoen, zer plan eskaintzen dituen eta zein diren hango interesgune nagusiak. Ba al zatoz?

Gustatuko zaizu jakitea Arabako Errioxan famatu asko izan direla dagoeneko. Besteak beste, zinema-izarrak, idazleak, gure sukaldari ezagunenetako batzuk eta Euskaltel-Euskadi txirrindulari-taldeko gure mutilak. Sakatu play!

Arabako Errioxaren deskribapena eta kokapena

Arabako Errioxa eskualdean 23 herri eta hiribildu daude, eta haien lotura nagusia ardoa da, izenak berak dioen bezala.

Ebroren eta Kantabriako mendilerroaren artean dago, Toloño mendizerraren atzean, eta 316 km2 lur gorri hartzen ditu. Hango klima pribilegiatua da mahatsa landatzeko.

Ruta_Vino_Rioja_Alavesa-Eukadi

Nolakoa da Arabako Errioxako ardoa?

Arabako Errioxako ardoa Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuari dagokio.

Inguru horretako ardorik bereizgarriena beltza da, tempranillo mahats-barietatetik abiatuta egina. Barietate horretatik, kolore bizi eta distiratsuko saldak ateratzen dira, usain bizikoak eta fruta-ukitu bat dutenak.

Ardo gazteak egiteko metodorik ohikoena beratze karboniko tradizionala da. Ardo onduak, erreserbakoak eta erreserba handikoak egiteko, berriz, prozedura bordelesa edo txortenak kentzeko prozedura erabili ohi da.

Ruta_Vino_Rioja_Alavesa-Eukadi

Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko upategiak

Arabako Errioxako paisaien bereizgarria upategiak dira.

Ehunka daude, eta urtean 40 milioi litro ardo ekoizten dituzte gutxi gorabehera, inguru horretako 13.500 hektarea mahastietako mahatsetatik.

Gustu guztietarako upategiak daude: historikoak, ehunka urtekoak, Erdi Arokoak, familiakoak, haitzuloetan daudenak edo abangoardistak.

Izan ere, Arabako Errioxan, gaur egun, martxan daude, aldi berean, Erdi Aroko upategi batzuk, artisau-eran eta modu tradizionalean lan egiten dutenak, eta modernizazioaren eta diseinuaren ikur diren zenbait eraikin abangoardista.

Ruta_Vino_Rioja_Alavesa-Eukadi

Arabako Errioxako upategien abangoardia

Upategi abangoardistak Arabako Errioxako erreferente ikusgarrienetako bat bihurtu dira gaur egun.

Upategirik famatuenen artean daude Ysios eta haren sabai ondulatua, Santiago Calatravaren obra; Marqués de Riscal, "Errioxako Guggenheim", Frank O. Gehry Arkitekturako Nobel saridunak diseinatua; eta Baigorri, kristalezko kubo huts bat, inguruaren ikuspegi zoragarriak dituena.

Bada upategi bat oso berezia, Valdelana. XV. eta XVI. mendeetako harlanduz eraikia da, eta bi museo eta ardoa dastatzeko 1400. urteko kapera bat ditu. 1853az geroztik egiten du ardoa; beraz, Arabako Errioxako upategi zaharrena da.

Arabako Errioxako lurpeko upategiak edo "kalatuak"

Hala ere, zalantzarik gabe, Arabako Errioxako bereizgarriena upategi eta "kalatu"ek osatutako "lurpeko hiriak" dira. Lurrean hainbat metroko sakoneran zulatutako upategiak dira; tenperatura eta hezetasun-maila ez dira aldatzen han urte osoan, eta ardoa kontserbatzeko leku ezin hobeak dira.

Haietako asko bizilagunen uzta partikularrak dira. Inguru horretako etxebizitza askok beren upategia dute; ia beti lurpekoa izaten da, eta ezkaratzean izaten du sarrera.

Nahi izanez gero, plan bikaina da haietako bat bisitatzea. Bisita gidatuak edo antzeztuak eskaintzen dituzte batzuek, eta beste batzuetan bazkaldu, afaldu edo lo egin dezakezu.

Gainera, "beratzeko" erabiltzen diren tresnak eta lanabesak ezagutuko dituzu, normalean mahatsa osorik hormigoizko biltegietan sartuta egiten diren artisau-elaborazioak eta inguru hari eta bertako ardoari buruzko beste hainbat bitxikeria eta istorio.

Ruta_Vino_Rioja_Alavesa-Eukadi

Ardoa eta sukaldaritza, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko protagonistak

Ardo on bat euskal gastronomia oparoarekin batera, ez dago parekorik. Beraz, gastronomia ona da Arabako Errioxaren beste nortasun-adierazgarrietako bat.

Ehun establezimendu baino gehiago elkartu dira Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea sortzeko. Zer duzu nahiago? Abangoardiako goi-sukaldaritzan adituak diren diseinuzko lokalak edo estilo tradizionalagoko jatetxeak, kalitatezko tokiko produktuak sekula falta ez dituztenak. Jakina, pintxo-tabernak ere badaude, eta, zerbait desberdina nahi baduzu, aukeratu egile-menu originalak probatzeko upategiren bat.

Establezimendu horietako asko Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskadi Gastronomika turismo enogastronomikoaren klubekoak dira. Kalitatearen eta aukera-aniztasunaren bermea.

Ruta_Vino_Rioja_Alavesa-Eukadi

Arabako Errioxako paisaia, ondarea eta herriak

Baina Arabako Errioxa ez da ardoa bakarrik. Paisaia ederra eta zaindua ere badu, eta ondare historiko eta kultural interesgarria: gotorlekuak, etxe armarridunak, jauregitxoak, estilo neoklasiko edo barrokoko eraikinak, ermita erromanikoak eta Erdi Aroko herriak, besteak beste.

Arabako Errioxan naturaz gozatzeko ibilbideak

Mahastien arteko naturaz gozatu nahi duzu, oinez edo bizikletaz ibilaldiak eginez? Arabako Errioxak, 300 kilometro karratutik gorako azaleran, ongi seinaleztatutako bide eta bidexka ugari ditu.

Ezagunenetako bat "Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea" izeneko bide historikoa da; barrualdeko eta kostaldeko herriek beren produktuak truka zitzaten erabiltzen zutelako hartu zuen izen hori.

Beste aukera bat Ebroren Bide Naturala da. Ebro ibaiaren bide bera egiten du, iturburutik bokaleraino, eta Arabako Errioxatik igarotzen dira zenbait etapa.

Guardia, Arabako Errioxako hiriburua

Guardia da Arabako Errioxako hiriburua. "Espainiako Ardoaren Ibilbide"ek "Udalerri enoturistiko onena" izendatu zuten, eta "Espainiako herririk politen"etako bat. Derrigor bisitatu beharrekoa da. Harresi zaharrek ematen dioten Erdi Aroko kutsua eta kale harritsu eta estuak liluragarriak dira.

Ruta_Vino_Rioja_Alavesa-Eukadi

X. mendean sortu zen, eta bi eliza gotortu ditu ertz banatan: San Joan Bataiatzailearena eta Erregeen Santa Mariarena; azken horrek arkupe polikromatu baliotsua du. Beste eraikin interesgarri batzuk: Abacial dorrea, antzinako gaztelutik geratzen dena; Samaniegoren jaiotetxea, eraikin neoklasikoa; eta La Primicia, eskualdeko lehen upategia dagoen tokia.

Ardoaren museoan, Villa Lucíako gune enogastronomikoan, ardoaren erritua eta historia erakutsiko dizkizute. Ibilbide harrigarri bat, irudietan, tresnetan, dastaketetan, upategietarako bisitetan eta proiekzioetan eta jolasetan oinarritua, etxeko txikienak ere ardoaren kulturara hurbiltzeko.

Eltziego, Arabako Errioxako ardo-ekoizle handiena

Arabako Errioxako beste herri harrigarrienetako bat Eltziego da. Sarreran, Marqués de Riscal upategien egoitzak egiten digu ongietorria, zeina Ardoaren hiri bihutua baitago, bere upategi, museo eta hotel eta guzti. Hango harribitxietako bat Katedrala da, 1862tik sortutako urtabe guztietako botilez osatutako bilduma.

Eltziego da ardo gehien ekoizten duen Arabako Errioxako herria; mahastizaintzako 300 ustiategi daude han, eta 1.500 hektarea mahasti inguru.

Etxe armarridunak, eraikin nobleak eta ermitak, batzuk begiratoki ederrekin, hala nola San Bizenterena... Eraikin horiek guztiek are gehiago aberasten dute herri harrigarri honen ondarea.

Eta ez joan Eltziegotik gutiziarik bete: gozatu ardoterapiako tratamendu lasaigarri batez.

Samaniego eta haren gotorlekua

Samaniego da Arabako Errioxako herririk “gerrariena”.

Harrizko etxeek —oso ondo kontserbatuak— eta gotorlekuaren harresi sendoek gogorarazten dute defentsarako izaera nabarmena izan duela.

Ruta_Vino_Rioja_Alavesa-Eukadi

Bereziki interesgarriak dira Samaniego jauregia (gaur egun hotela ere bada), Kristoren baseliza eta Haraneko Andre Mariaren baseliza, eta Matarredo auzoa, non ehun upategi zahar baino gehiago baitaude.

Samaniegon dago "Errioxako balkoia" deritzona, Herrerako mendatean. Handik ia Arabako Errioxa osoa, Errioxa Garaia eta Errioxa Beherea ikus daitezke.

Eta Samaniegon egiten da inguru hartako ospakizunik original eta ezagunenetako bat: "Mañas" jaia. Urtero, abenduaren 7ko gauean, bizilagunak eta bisitariak herrian zehar ibiltzen dira adarrei su eman eta haiek astinduz, purifikatzeko eta deabruak uxatzeko.

Bastida, muralen herria

Herria Nafarroako Erresumaren esparru harresitua izan zen 1200. urtera arte, Gaztelako Koroaren parte izatera pasatu zen arte. Garai hartako lekuko dira Larrazuriko eta Toloñoko arkuak —El Olmo auzoan—, zeinak oraindik ere zutik baitaude.

Ruta_Vino_Rioja_Alavesa-Eukadi

Hirigune historikoan, ez galdu jauretxeak, jauregitxoak, hala nola Paterninatarren Jauregia, eta, bereziki, kale nagusietako batzuk apaintzen dituzten mural originalak.

Honaino iritsi gara Arabako Errioxako Ibilbidean barrena egin dugun osteratxoan. Ibilbide enoturistiko ezin hobea da Euskadiko eskualde politenetako bateko paisaia eta herriak ezagutzeko eta, aldi berean, gastronomia eta ardo onenaz gozatzeko.

Kontaguzu, ezagutzen al duzu Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea?

Irudia: Ardoaren Ibilbidea Arabar Errioxa.