Badira urte batzuk mugikorreko aplikazioak erritmo bizian ari direla hazten. Seguru asko, bukatzear dagoen urte hau ez zen izango berritzaileena, baina aipatzea merezi duten aplikazio batzuk agertu dira.
Twitterren jabetzako aplikazio horrek hamar milioi bezero baino gehiago zituen merkaturatu eta handik lau hilabetera (2015ean merkaturatu zen Applerako, eta maiatzean Androiderako). Gaur egun, estatistika batzuen arabera, egunean bi milioi erabiltzaile inguru ditu. Baina, zer egin daiteke Periscoperekin? Aukera ematen du edozein grabazio zuzenean emititzeko, bai aplikazioaren beste erabiltzaile batzuentzat, bai Twitter bidez (kontaktuentzat bakarrik heda daiteke, edo publiko zabalarentzat).
Erabiltzaile, kazetari eta blogariek aplikazioari egin dioten harrera ona dela eta, 2015eko protagonistetako bat izan da.
Palo Altoko erraldoiak nahitaez egon behar zuen atal honetan. Aurten ere Googlek harritu egin nahi izan gaitu, eta, maiatzean, Google Fotos aurkeztu du. Nahi adina argazki (eta bideo) antolatzeko eta sailkatzeko leku mugagabea da Google Fotos, eta doakoa.. Googleren arabera, “zure argazki eta bideoentzako etxe bat” da; hodeian dago, eta edozein gailutatik duzu eskura. Segurtasun-kopiak egiteko aukera emateaz gain, zerbitzu horren berritasunetako bat automatikoki antolatzeko sistema da: argazkiak nola antolatzen dituzun ikasiz joaten da, gero berak arau berak aplikatzeko. Android eta Apple sistemetarako bertsioa dago.
Adobek —nahitaez egon behar zuen beste handiak— gailu mugikorretatik argazkiak editatzeko aplikazio bat merkaturatu du 2015ean. Photoshopen edizio bikaina da, tabletatik edo mugikorretik erabiltzeko (bai iOSerako, bai Androiderako). Bateragarria da Photoshop CCrekin. Aplikazio hori doakoa da erabiltzaile guztientzat; aski da Adoben kontua izatea (hori ere doakoa da). Aplikazio horrek eskaintzen dituen edizio-aukerak askotarikoak eta oso aurreratuak dira. Horrez gain, PSDn gorde daitezke argazkiak editatu ondoren, haiekin beste gailu batetik edonoiz lanean jarraitzeko. Oraingoz, iOSen bakarrik erabil daiteke, baina laster iritsiko da Androiderako bertsioa ere.
Microsoft ere leku bila. Bill Gatesek sortutako konpainiak jakin izan du bere indarguneak aprobetxatzen eta gailu mugikorretara eramaten. Bestela esanda, postaren eta egutegiaren programa ezaguna —Outlook— mugikor eta tabletetako ukipen-pantailetara esportatu zuen. Hala, erabilgarritasun bikaineko aplikazio bat sortu zuen, posta elektronikoa (menderakaitza, batzuetan) edozein tokitatik kudeatzeko. Doan eskuratu daiteke, bai iOSerako, bai Androiderako.
Alemaniako bideo-plataforma hori, teknikoki, 2014an sortu zen, baina artikulu honetan sartzea erabaki dugu, bukatzear dagoen urte honetan eman baitu benetako jauzia. Aplikazio horrek, zeina punta-puntan ibili baita sare sozial nagusietan, bide ematen du abestiak, telebista-saioetako soinuak edo esaldi ezagunak bikoiztuz selfie-bideoak egiteko. Aurten izan duen arrakasta hainbestekoa izan da, ezen Rihannak aplikazio horren bidez plazaratu baitu Bitch better have my money abestia aurtengo martxoan. Doakoa da hori ere, eta erabilgarri dago iOSerako eta Androiderako.
Denen berri zenuen? Seguru baten bat erabilgarria eta/edo dibertigarria iruditu zaizula edo irudituko zaizula. Orain, 2016ak zer dakarkigun ikusi beharko dugu. Urte berri on! :)