Badakizu zein den Zeledon? Urtero, Andre Maria Zuria Gasteizko zaindariaren jaiak hastean, Gasteizko zerua zeharkatzen duen pertsonaia ezaguna da.

Historia luzea eta bitxikeria ugari dituen tradizioa, inondik ere.

Zeledonen jaitsieraren historia

Zeledonek 1957an zeharkatu zuen Gasteizko zerua aurreneko aldiz. Blusa-talde batena izan zen ideia (“blusa” esaten zaie Gasteizen kuadrillei), egia bihurtu nahi izan baitzuten aldizkari batean irakurritakoa: "Zeledon loriatik iritsi da Gasteiza". Beraz, panpina bat irudikatu zuten, baina hezur-haragizko pertsona batek antzeztua, San Miguel elizatik Plaza Berrira soka baten bidez jaitsiko zena.

Lehenengo jaitsiera hura gorabeheratsua izan zen, kablea hautsi eta udaletxeko teilatuan amaitu baitzuen Zeledonek. Baina ustekabe handiek erremedio are handiagoak eskatzen dituztenez, Zeledonek teilatutik bertatik agurtu zuen plazan bildutako jendetza.

Lehenengo Zeledon hura José Luis Isasi izan zen, ideia bultzatu zuen kuadrillako kideetako bat, eta, egia esan, “Los tímidos” blusa-kuadrillako maskotaren antz handia zuen panpinak.

60 urtetik gorako tradizioa

Harrezkeroztik, urtero zeruratzen da Zeledon, txupinazoaren ondoren, Gasteizko jaien aitzindari. Dena dela, jantziak eta ibilbidea ere aldatu ditu urteotan. Txapela badarama oraindik, baina, hasierako alkandora beltzaren ordez, koadrodun bat darama orain, eta 1970ean, eraikuntza-lan batzuk tarteko, Andre Mari Zuriaren plazara lekualdatu ziren Zeledon eta haren urteroko hegaldia, eta han jarraitzen du hitzorduak gaur egun.

Bada aldatu ez den beste gauza bat: Zeledonek hegan egiteko darabilen aterki irekia, betiere marra zuri batez inguratua. Hala ere, 2012an, marra berde batek ordeztu zuen zuria, Gasteiz European Green Capital izendatu baitzuten urte hartan.

Urte hauetan, lau gizon izan dira Zeledon. Lehenengoa, aipatu bezala, José Luis Isasi izan zen; 1976an, Enrique Orive Galindok ordeztu zuen; 1980tik 2000ra eta 2007an Iñaki Landa izan zen; eta 2001etik Gorka Ortiz de Urbina da.

Baina, nor izan zen jatorrizko Zeledon hura?

Zeledon: benetako pertsonaia edo mito berrasmatua?

Gustu guztietarako teoriak daude Zeledonen jatorriaren inguruan: batzuek diote gerrillari karlista bat izan zela; beste batzuek mito bat dela diote, enaren etorrera sinbolizatzen duena (grekoz, Zeledon hitzaren antzeko hotsa du), eta, enarekin batera, udaberriarena.

Baina teoria zabalduenak dio Zeledonio Anzola eta García de Andoain izan zela Zeledon, XVIII. mendearen amaieran jaiotako Zalduendoko semea. Hortik aurrera, bi bertsio daude: lehenengoaren arabera, jaietan bakarrik joaten zen Gasteiza, eta jai-giroa eta bizipoza zabaltzen zituen herritarren artean; bigarrenaren arabera, berriz, Gasteiza joan zen bizitzera 21 urte zituelarik.

Edonola ere, gizon handi, adeitsu eta on-ona zen, eta oso tabernazalea zenez, oso umore “berezikoa”.

Gasteizen bizi zela zioen teoriari jarraituz, Zapatari kalean eraiki omen zuen etxea, igeltseroa baitzen ogibidez. Eta etxe hori, hain zuzen, gasteiztarrek urtero kantatzen duten abesti ezagunaren protagonista bihurtu da: "Celedón ha hecho una casa nueva, Celedón con ventana y balcón".

Zeledonen kanta

Goian adierazi bezala, Zeledonen abestia esaldi bakarrekoa da:

"Celedón ha hecho una casa nueva, Celedón con ventana y balcón".

Behin eta berriz errepikatzea da kontua, bat eginik hain egun berezia ospatzen duten ehunka gasteiztarren ahots eta pozarekin.

Gainera, orain euskaraz ere badugu abestia, bertsio egokitu bat baitago:

“Zeledon etxe berria egin duk, Zeledon balkoian leiho on”.

Bitxikeria gisa, Zeledonen abestiak mende bat du. Iturrien arabera, 1918koa edo 1922koa izan daiteke testua. Baina argi dago Mariano San Miguel musikariaren partitura bat erabili zela abestirako.

Zeledonen kanta

Zeledon sinbolo bihurtu da gasteiztarrentzat, eta, gaur egun, festarako irrikaz dagoen jendetzak harrera egiten dio herritarrik ospetsuenari urtero, abuztuaren 4an, 18:00etan, jaiak ofizialki hasteko, nahiz “aurrejaiak” hasita egoten diren uztailaren bukaerarako.

Kontua ez baita soilik Zeledon agurtzea; ukitu era egin behar da. Badakizu zergatik? Zurrumurruek diotenez, Zeledon ukitu beharra dago gau horretan ligatu nahi izanez gero.

Zeledonen jaitsiera plazan amaitzen da, lurrean. Han, hezur-haragizko Zeledonek ordezten du, eta, agintarien balkoira heldu ondoren, ohiko agurra egiten du.

Zeledonen festa-hasierako bidaiaren ondoren, musikaz, jaialdi gastronomikoz, antzerkiz eta txikientzako hamaika jardueraz beteriko jaiegunak datoz. Bada tradizioetarako lekurik ere: esate baterako, argi-ontzien arrosarioa, duela ehun urte baino gehiagotik egiten dena.

Sei egun geroago amaitzen dira festak, eta Zeledonek, orduan, San Miguel elizako kanpandorrera igo, eta agur esaten dio hiriari, goizeko ordu batean.

Hurrengo urtean, berriz jaitsiko da plazara, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko.

Esaguzu: ikusi duzu inoiz Zeledonen jaitsiera?