Abendua hilabeterik onenetako bat da kuadrillarekin eta familiarekin planak egiteko. Jaiegun bat baino gehiago daude, Olentzeroren etorrera eta Urte Zahar gaua ospatzen ditugu, eta, zorte pixka bat baldin badugu, opor-egun batzuk har ditzakegu etxeko txikiekin egoteko. Ikusten duzun bezala, abenduak aukera asko eskaintzen ditu; beraz, plan bikain batzuk prestatu dizkizugu, topera aprobetxatzeko

Ardoaraba

Ardoaren eta gastronomiaren kulturan murgiltzeko gogorik bai? Seguru baietz! Bada, zubi honetan, hilaren 5etik 9ra, joan Ardoarabara, eta dastatu Arabako Errioxako saldarik eta pintxorik onenak. Lau egun horietan, hiru dastaketa-gunetan ibili ahal izango zara hiriaren erdialdean, eta 80 ostalaritza-establezimenduk prestatutako gozagarriak probatu. Pentsatu hutsez ahoa ur bihurtzen zaigu: Arabako Errioxako ardoak, txakolinak, Euskadiko sagardoak eta beste jatorri-izendapen batzuetako ardoak, denak ezin hobeak, bertako produktu apartekin prestatutako jaki gozoekin batera. Ai ama… Eta hori ez da dena. Ardoarabak, horretaz gain, bost gune berezi prestatu ditu (Montehermoso Jauregia, Artium Museoa, Sokaren Etxea, Bibat Museoa eta Goiuri Jauregia), Arabako ondare artistiko eta kulturala ezagut dezazun, herrialdeko ardorik eta txakolinik onenekin topa egiten duzun bitartean. Ezpainak koipetzeko moduko plana.

Umeen Gabonetako Parkea

Abendua eskolako oporren, ilusioaren eta umeentzako planen hilabetea da. Eta horiek denak biltzen dituen toki bat bada, Umeen Gabonetako Parkea da. Presta zaitez denak emanda gozatzeko!

  • Ficoba. Gipuzkoan, UGPa Ficoban izaten da, Irunen: hiru pabiloi, entretenimenduz gainezka, publiko ororentzat irekita, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra. Egun horietan, aukeran izango dituzue jarduera hezigarriak, jolas kooperatiboak, tailerrak, teknologia berriak eta betiko jolasak. Aparkalekua doakoa da, eta trenez erraz iristeko moduan dago; beraz, ez duzu aitzakiarik haurrekin ez joateko.

  • BEC. Hilaren 19tik Errege bezperara arte, BECeko 5. pabiloia (Barakaldo) dibertsioz beteko da, mundu guztiak ondo pasa dezan. Ia 30 atrakzio, adin guztietako jendearentzat, eta 3 urtetik beherakoentzat, gainera, doan. A! Haurtzarora jauzi egin nahi duten gurasoentzat, gaueko saio berezia izango da hilaren 29an, 20:00etatik 02:00etara; helduentzako 15 atrakzio eta barraka izango dira aukeran. Musika egongo da, opariak 1.000 lehenentzat… eta, mozorrotuta joanez gero, 3 euroko deskontua!

  • Gasteiz. Aurten Hegoalde gizarte-etxera itzuliko da UGPa; abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra egongo da zabalik, "Gasteiz olinpikoa" gaitzat hartuta.

Izotz-pista

  • Bilbo. Aurtengo Gabonetarako, izotz ekologikoko pista bat eta txirrista bat jarri ditu Bilboko Udalak Erripako kaian, mundu guztiak goza dezan neguaz eta Gabonez… nahiz eta hotz handirik ez egin. Patinatzeko pistak 400m2-ko azalera du, eta txirristak 6 bide. Erabiltzaileek 30 minutuko tarteetan erabili ahal izango dute lehena.
  • Gasteiz. Hilaren 15etik Errege egunera arte, beste pista bat eta txirrista bat zabalduko ditu Udalak, Ama Zuriaren plazan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 22:00etara.

Noria Alderdi Ederren

Donostiak badu bere “Eye of The World”. Bertigorik ez baduzu eta emozio bortitzak gogoko badituzu, aurtengo Gabonetan 50 metro garai den noria batean ibili ahal izango zara, Cervantes plazan, Alderdi Ederreko lorategien alboan. 216 lagunentzako tokia du noriak, eta Kontxako badiaren ikuspegi ahaztezina.

Santomasetako feria

Gabonen hasiera… San Tomas. Euskadiko hiri eta herri askotan ospatzen da, baina hauek erakartzen dute jende gehien: Donostia, Bilbo, Azpeitia, Lekeitio, Errenteria, Irun, Hondarribia, Usurbil eta Arrasate. Gehienek abenduaren 21ean ospatzen dute nekazari eta abeltzainen feria hau, baina Arrasaten 22an ospatzen dituzte "Santamasak”. Oso festa ezaguna da, eta jende askok hartzen du jai lanean, kuadrillarekin taloa eta txorizoa jatera joateko edo eskuz eginiko euskal pastiza bat erosteko. Egun berezia da… eta aurten ostirala da gainera; beraz, arrakasta ziurra da, ziurra denez.

Eta askoz gehiago…

Mungian, euskal mitologian murgiltzeko aukera izango duzu, baso magiko batean galtzeko, Olentzeroren etxea ikusteko, lamiak aurkitzeko, Sorgina eta Basajaun ezagutzeko. Eta Gasteizen bizi bazara, Olentzero eta Mari Domingiren etxea eta Floridako jaiotza izugarria ikusi ahal izango dituzu; abenduaren 5ean zabalduko dituzte, 18:00etan, eta urtarrilaren 6ra arte ikusi ahal izango dira. Bilbon, Gabonetako azoka bat izango da, lehen aldiz, udaletxeko zubitik Areatzara bitartean. Eta Olentzero eta Erregeen desfilea, eta Gabonetako argiak… A! Ez ahaztu EiTBk biriketako minbiziaren aurka egiteko antolatu duen Telemaratoia. Funtzionalitate bat gehituko diogu Euskaltelen mugikorreko aplikazioari, dirua ahalik eta modurik eroso eta errazenean eman ahal izan dezazun. Hilaren 13tik (osteguna) hilaren 15era (larunbata) erabili ahal izango da funtzionalitate hori, baina, ekarpenik egin gabe gera ez zaitezen, mezu bat bidaliko dizugu aplikazioaren bidez.

Ikusten duzunez, plan mordoa duzu aurekan, nahi duzun bezala eta nahi duzunarekin ondo pasatzeko.

Ezagutzen duzu hutsegin ezineko beste planen bat? Bada, emaguzu horren berri, iruzkin batean!