Zure jendearengandik aparte egoteko egunak dira, baina oso hurbil izan ditzakezu, eta nahi duzunean haiekin hitz egin, taldeko bideo-deien bidez. #NiEtxeanGelditukoNaiz behartu hau eramangarriago egingo zaizu hala, eta etxean entretenituta egoteko eguneroko trikimailuak partekatu ahal izango dituzu besteekin.

Hona hemen zenbait aplikazio mugikorretik taldeko bideo-deiak egiteko. Zure beharretara hobekien egokitzen dena hautatu besterik ez duzu.

WhatsApp

Taldeko bideo-deiak egiteko funtzioari esker, WhatsAppek aukera ematen du lau parte-hartzaileko bideo-deiak egiteko. Lehenik, harremanetan jarri nahi duzun pertsonen talde-txata ireki behar duzu, eta telefonoa+ ikonoa ukitu. Gehitu nahi dituzun kontaktuak bilatu edo hautatu behar dituzu, eta bideo-deiaren ikonoa sakatu. Emaitza zein den? Zure mugikorraren pantaila lau zatitan banatzen da… eta barre-algaraka hasiko zarete, seguru! Android eta iOS sistemetan erabil daiteke, betiere WhatsApp eguneratua baldin badago eta azken bertsioa erabiltzen baduzue.

WhatsAppekoek hemen azaltzen dute xeheki nola egin bideo-deiak, zalantzaren bat izango bazenu ere.

Facebook Messenger

Aspalditik eskaintzen die Facebook Messengerek sareko kideei bideoz txatean aritzeko aukera, hala pertsona bakar batekin nola talde batekin. Lagunekin edo senideekin hitz egiten hasteko, txataren ikonora joan behar duzu, eta talde-elkarrizketa bat ireki bideo-txat bat abiarazi nahi duzun pertsonarekin. 50 lagun ere elkartu zaitezkete; beraz, hasi hitz egiteko txanda eskatzen... Orain, nahikoa duzu kameraren ikonoa sakatzea, eta konektatuta egongo zarete. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu, doan.

Oso erraza da; modu grafikoan ikus dezakezu hemen.

Skype

Skype bidez, 25 lagunen arteko bideo-deiak egin ditzakezu, baina mugikorraren pantailan 10 bakarrik azalduko zarete aldi berean: gainerakoen ahotsarekin konformatu behar! Taldeko bideo-dei bat hasteko, norbait bilatu behar duzu kontaktu-zerrendan, bideo-kameraren ikonoan sakatu, eta gero beste partaide batzuk gehitu. Gehiago jakin nahi baduzu, irakurri informazio guztia. Android eta iOS sistemetarako erabilgarri dago Skype.

Hangouts

Android mugikor gehienetan aurrez instalatuta etortzen diren aplikazioetako bat da, eta horregatik egin da hain ezaguna gazteen artean. Hangoutsekin, 25 pertsona bitarteko taldeek egin ditzakete bideo-deiak. Gainera, bateragarria da hainbat gailurekin; esate baterako, mugikorretik deitzen baduzu, PC batetik erantzun diezazukete. Erabiltzeko, ireki hangouts.google.com edo Gmailen alboko barra. Aukeratu pertsona bat edo gehiago elkarrizketa-zerrendan, edo bilatu izenaren edo posta elektronikoaren arabera, eta egin klik haien izenetan. Sakatu Bideo-deia eta... ekin txateatzeari. Denak ikusi ahal izango dituzu pantailan. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Googlek xeheki azaltzen ditu bideo-deietarako dituzun aukera guztiak.

Instagram

Instagramek ere bat egin du taldeko bideo-deien aplikazioekin. Bideo-txata erabil dezakezu sei pertsonarekin batera, mezu pribatuekin. Bideo-txat bat hasteko, joan albisteen atalean goian eskuinean ageri den Direct-en ikonora. Barruan zaudela, sakatu kamera aukera eta hautatu elkarrizketara gehitu nahi dituzun pertsonak. Beste norbait ere gehitu dezakezu bideo-txata jada hasita dagoela. Instagramek xeheki azaltzen du nola egin. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu Instagramek.

Aplikazio horietako edozeinen bitartez egon ahal izango zara harremanean kuadrillarekin eta familiarekin, oso erraz. Beste aplikazioren bat ezagutzen baduzu taldeko bideo-deiak egiteko erabil daitekeena, idatzi iruzkin bat.