Irudika ezazu hiri hiperkonektatu bat, GPS bidez gidatutako auto elektrikoz beteta . Dena automatizatua duena, zaborren bilketa zein parkeak ureztatzeko sistema.

Zientzia-fikzioko film batetik ateratako kontuak dirudite, ezta? Bada, ez: hemen ondoan daukagu teknologia hori, eta, hari esker, Smart City ari dira bihurtzen gure hiriak, hiri adimendunak. Adibide batzuk nahi? Bada, zatoz gurekin etorkizunera.

Amsterdam. Kanalen eta coffee shopen hirian, argiteria-sistema adimendun bat dute, intentsitatea erregulatzen duena eta kolorez aldatzen dena, inguruneko kondizioen arabera.

Amsterdam

Bada, bai, hala da: Herbehereetako ekimen adimendun askoren artean, argiteria publikoko sistema da nabarmenetako bat; LED teknologian dago oinarritua, eta ohiko sistema batek baino energia gutxiago kontsumitzen du. Baina horretaz gain, bada xede berezi bat duen argiteria adimenduneko proiektu bat Ajax futbol-zelaia eta kontzertu- eta merkataritza-eremuak ingurune publiko seguruagoak bihurtzeko. Itxuraz, argi-mota batzuk gai dira gatazka-testuinguruetako pertsonen jokabidea aldatzeko, eta, teknologia horri esker, poliziak, botoi bat sakatuta, leku bateko argiztapena alda dezake eta argi % 100 zuria jarri tentsio-egoeretan.

Singapur. Munduko hiri teknologikoki aurreratuenetako bat da. Internetera konektatutako sentsore-sare bat du, hiriaren funtzionamenduari buruzko datuak denbora errealean jasotzen dituena.

Singapore

Hauek dira sentsore horiek egiten dituzten gauzetako batzuk: poluzioa eta trafikoa zaindu, saneamendu sareak gainezka egiteko duen arriskua neurtu, trafikoari eta garraio publikoari buruzko informazioa denbora errealean eman… A! Eta pertsona nagusientzako zenbait eraikinetan, sentsoreak eta azelerometroak jarri dituzte, izu-botoi batekin hornituak, familiakoei edo osasun-zerbitzuei deitzeko larrialdiren bat gertatuz gero. Datu horiek guztiek Singapurreko bizitza hobetzen lagundu dezaten, hiriko agintariek plazaratu egin dituzte datuok, mundu guztiko startupek hiriko arazoak konpontzen lagundu dezaten.

Dubai. Beharbada ez duzu jakingo, baina Arabiar Emirerriko hiri honek zoriontasunaren hiri adimenduna bihurtu nahi du. Eta hori lortzeko, hiru urte baino gehiago daramatza eraginkortasunaren, segurtasunaren eta gardentasunaren zerbitzura jartzen teknologia eta bertako biztanleen eta bisitarien iritziak neurtzen. Nola egiten dute hori? Hiriko gune jakin batzuetan hiru botoi jarri dituzte, eta biztanleek, haien bidez, beren zorion-maila ebaluatzen dute (maila baxutik altura). Botoi horien bidez bildutako datuekin, zoriontasunaren mapa bat osatzen dute, eta agintariek erabiltzen dute erabiltzaileek leku bakoitzean duten esperientzia neurtzeko eta, behar izanez gero, neurri zuzentzaileak hartzeko.

New Songdo (Hego Korea). Hego Koreako lehenengo hiri adimenduna da, eta guztiz interkonektatua dago. Gailuak sarean daude, eta dena digitalizatua, neurtua eta automatizatua dago. Baita etxeko hondakinen kudeaketa ere: etxe bakoitzean instalatutako hodi batzuek irensten dituzte hondakinok, eta, handik, birziklapen-instalazio batera garraiatzen dira lurpetik.

Eta Euskadin? Ez pentsa; ez gaude hain urruti. Esate baterako, WiFi sare aparta daukagu, erkidego osoan 180.000 sarbide-puntu baino gehiago dituena. Eta guregana etortzen diren turistei WiFi for Tourists zerbitzua eskaintzen diegu bost egunez guztiz doan. Bestalde, Donostiako argiteria-sistema adimendunaren sentsoreei esker, % 53 murriztu da hiriaren elektrizitate-kontsumoa; Gasteizek ureztatze autonomoko sistema bat du, ur-kontsumoa % 32 aurrezten duena; eta Bilbo, berriz, etxeen birgaitze energetikoa lortzeko ahaleginean ari da. Ez dago gaizki, ezta?

Ikusten duzunez, oso azkar doa teknologia, baina ez aurreko mendeko film batzuek iragarri bezain azkar beharbada. Esate baterako, oraindik ez dauzkagu Regreso al Futuroren bigarren zatian ikusi genituen patin hegalariak (2015ean zegoen girotua filma), eta ez dirudi autoek ere hegan egingo dutenik datorren urtean, nahiz eta hori erakusten zuen 1982ko Blade Runnerek.

Eta zuk ikusi ahal dituzu besteek sinetsiko ez lituzketen gauzak? Bada, bidali iruzkin bat.