Mundakako olatua Europako ezkerreko olaturik onena da, eta munduko hamar olaturik onenetako bat. Eta, halakoa izanda, ez da harritzekoa surfa maite dutenentzat nazioarteko erreferente bihurtu izana.
Ekainaren 20an Surfaren Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, olatu honen historia azalduko dizugu: nolakoa den, noiz egin dezakezun surfa han eta nondik ikus dezakezun.
Surfa Euskadin
Euskadin beti izan gara aitzindariak surfean, eta horretan asko lagundu du Kantauri itsasoak, itsas altxor natural handiak eman baitizkigu.
60ko hamarkadarako hasiak ziren olatuzaleak gure hondartzetara etortzen, nahiz eta orduan ez zen oso kirol ezaguna.
Europako lehen surflaria Ignacio de Arana izan zen, Hawaiin kontsul izandako euskal diplomatiko bat. 1914an itzuli zen bere herrira, bi surf-ohol hartuta.
Mundakako olatuaren historia
Mundakako olatua geroxeago aurkitu zuten, 70eko hamarkadan, eta haren ospea handituz joan da pixkanaka.
Izan ere, hasieran oso gutxik zekiten haren berri, eta ez zioten publizitate handirik eman nahi, lasai-lasai gozatzeko.
Honela kontatzen du Mundakan bizi den Craig Sage surflari australiarrak bere Mundaka. Surf to Live liburuan: "Han surfean aritzen ginen denok bagenekien olatu hura izugarria zela, eta, horregatik, isiltasun-itun moduko bat egin zen bertakoen eta atzerritarren artean, Mundakan olatu magiko bat zegoela ez zabaltzeko." (...) "Inoiz ez ginen bost edo hamar baino gehiago egoten uretan".
1977an, ordea, dena aldatu zen —kontatzen du Craig Sagek—. Australiako bi surflarik arrantza-ontzi bat erreskatatu zuten inguru hartan, eta olatuak maite zituztenen begiak Mundakara begira jarri ziren.
Harrezkero, superolatuaren ospea hazi egin da etengabe.
Gaur egun, mundu osoko profesionalak, zaleak eta bisitariak erakartzen ditu, eta surfaren nazioarteko epizentro bihurtu du; txapelketa, eskola eta surf-ikastaro ugari egiten dira han.
Mundakako olatua: Urdaibaiko Biosfera Erreserban surf egitea.
Mundaka Bizkaian dago, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban —1984an izendatu zuen UNESCOk—.
Arrantzale-herri bat da, eta haren jatorriari buruzko datu ofizial zehatz gutxi daude; bai, ordea, kondaira ezagun bat, Eskoziako printzesa bat protagonista duena. Printzesa erbesteratuta ontzian zihoala, ekaitz handi bat sortu omen zen, eta ontzia Urdaibaiko itsasadarrean sartu omen zen, babesteko. Ura hain garbia izanik, "Munda Aqua" jarri omen zioten izena toki hari (ur garbia esan nahi du). Urte batzuk geroago, printzesa hark ile eta azal argiko seme bat izan omen zuen, Jaun Zuria. Huraxe izan omen zen Bizkaiko lehen jauna, eta hark jarri omen zituen lehenengoz mugak.
Marinelen herria da Mundaka: kalezulo harriztatuak, portu ederra eta arrantzale-etxe koloretsuak ditu, euskal estilo tradizionaleko beste etxebizitza batzuekin nahasiak. Baita munduko olatu garrantzitsuenetako bat ere.
Mundakako ezker olatua edo "barra"
Olatua Mundakako barran sortzen da —horregatik esaten zaio "barra" ere—, eta Laidako hondartzan amaitzen da.
Herria Mundaka da, baina olatua sortzen den hondartza Laidatxu da. Hirigune historikotik hurbil dagoen hareatza txiki bat da.
Nola sortzen da Mundakako olatua?
Ipar Atlantikoko olatu handien bidez sortzen da, eta Europako kostalderantz mugitzen da gero; Mundakara iristen denean, badiaren forman islatzen da.
Emaitza 200 metro inguruko olatu-segida bat da, itsas pasealekutik ontziralekuraino hedatzen dena.
Han, Urdaibaiko itsasadarraren bokalean, ezkerreko olatutzar hori harea-banku aldakor baten gainean hausten da (ez harkaitz gainean, gehienetan bezala). Lau metroko altuera eta 400 metroko luzera izatera iristen da.
Hegoko eta hego-mendebaldeko haizeekin eratzen da, eta hodi-forma du; beraz, surflariek kostalde osoa ikus dezakete barrualdetik.
Mundaka: surfaren paradisua
Mundakako olatua ez da erraza; maila handiko surflarientzat baino ez da egokia —itsasorantz orientatuta dagoelako batez ere—.
Besteak beste, hauek ezagutu ahal izan dute: Kelly Slater, Wayne Linch, Mark Occhilupo, Aritz Aranburu, Tom Curren eta Kepa Acero.
Olatu horri esker, Mundaka surfaren erreferentea da nazioartean, eta Munduko Zirkuituaren egoitza izan da bederatzi aldiz.
Urtero, 1987tik, Mundaka Surf Taldearen Txapelketa ere egiten da han, eta hantxe elkartzen dira Euskal Herriko surflari onenak. Haien artean izaten dira olatu horretan espezialista diren surflari handienetako batzuk, hala nola Txaber Trojaola bilbotarra.
Mundakako olatuari buruzko aholku praktiko batzuk
Oinarrizkotik hasiko gara: Nolako surf-taula behar da Mundakarako?
Kasu honetan, erantzuna erraza da: bertakoa. Clayton enpresak harako propio diseinatutako modelo bat du, olatuaren tamaina, indarra eta abiadura kontuan hartuta egina. Clayton Surfboards-en Mundaka da.
Neoprenozko jantziari dagokionez, urte-sasoia hartu behar duzu kontuan. Urtarrilean eta otsailean, uraren tenperatura 12 gradu ingurukoa da, baina ekainean 15 gradura igotzen da, eta uztailean eta abuztuan 21 gradura irits daiteke; beraz, 5mm-tik 2mm-ra bitarteko neoprenoak erabil daitezke.
Zalantzarik gabe, olatuaz gozatzeko unerik egokiena udazken-negua da, itsasbeheraren aurreko 2 orduen eta ondorengo 2 orduen artean, eta haizea onshore dabilela (itsasotik lehorrerantz jotzen duela). Mundakara joan aurretik, merezi du olatuen aurreikuspenei buruzko informazioa jasotzea.
Hauek omen dira kondizio perfektuak, adituen arabera: "hondoko itsaso handia, 2-3 metroko olatuak eta periodo luzeak dituena, 13 edo 14 segundotik aurrerakoak, hegoaldeko haizea eta itsasbehera-puntu bat".
Non ikusi Mundakako olatua
Surfean aritzea gustatzen ez bazaizu edo zuretzako moduko olatua ez bada, Talaiako begiratokitik ikus dezakezu —Santa Maria elizaren ondoan dago—.
Izan ere, beti da plan ona Mundakara joan eta hango olatua ezagutzea, munduko olaturik desiratuenetako eta ikonikoenetako bat.
Argazkia: Mundakako Udala, Turismo Urdaibai.