Auto elektriko edo hibrido entxufagarri bat baldin baduzu, honezkero jakingo duzu zer diren kargalekuak, zenbaitetanelektrolindegideituak. Euskadin, auto elektrikoa kargatzeko puntu publiko ugari daude, baina ez da beti erraza aurkitzea, ezta zure autoarekin bateragarriak diren jakitea ere. Zugandik gertuen daudenak nola aurki ditzakezun, zer karga-mota dauden eta zer konektore erabiltzen diren azalduko dizugu.

Kargaleku, karga-estazio edo elektrolindegi esaten zaie. Betiko gasolindegiaren ordezko jasangarri hori gure herri eta hirietan gero eta ohikoagoa da, gero eta ibilgailu elektriko gehiago dagoen heinean.

Gehienek autozerbitzu gisa funtzionatzen dute; autoko bateriak kargatzen kontsumitutako energia elektrikoa ordainduko duzu.

Nola kargatu auto elektrikoa Euskadiko kargaleku batean? Oinarrizko bi kontzeptu argi izan behar dituzu: kargatzeko moduak eta konektore-motak.

electrolineras-euskadi

Auto elektrikoak kargatzeko moduak

Kargatzeko moduari dagokionez, ultralasterra, azkarra eta motela izan daiteke.

Karga ultralasterra da, izenak berak iradokitzen duen bezala, kargatzeko denbora gutxien behar duena. Beti korronte zuzenekoa (KZ) izaten da eta 50 kW-etik gorako potentzia izaten du. Hala, bateriaren % 70 ordu erdi baino gutxiagoan kargatzeko aukera ematen du. Baina baditu eragozpen batzuk ere: lehenengoa, prezioa, kargatze hori garestiagoa izaten baita; bigarrena, berriz, hainbesteko abiadurak bateriari kalte egin diezaiokeela, eta uste baino lehenago hondatu daitekeela.

Tarteko aukera, eta ohikoena, karga azkarra da. Kargatzeko potentzia maximoa 22 kW eta 43 kW artekoa da korronte alternoa erabilita, eta, korronte zuzena erabilita, 50 kW-era irits daiteke. Hori da ohikoena lantokietan eta egoitza partikularretan; eta, kontratatutako argi-potentziaren arabera, lortzen den potentzia ezberdina izango da.

Sinpleena karga motela da. Karga generikoa da eta erabilera askotara bideratua; horregatik, ez du espezializazio eta segurtasun-neurri handirik egokituta, nahiz eta pixkanaka babes-osagarriak gehitzen ari diren, adibidez, kableetan. Zenbatesten den karga-potentzia 3,7 kW-ekoa da. 7 eta 8 ordu artean beharko zenituzke zure autoa kargatzeko.

electrolineras-euskadi

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erabiltzen diren konektore-motak

Kargatzeko moduaz gain, argi eduki behar da zein konektore-mota erabil dezakezun bi muturretan: autoarena eta karga-puntuarena.

Beraz, kargaleku bakoitzak konektore motei buruz dituen jarraibideei erreparatu behar zaie.

Ideia bat izan dezazun, honako hauek dira erabiltzen diren konektore nagusiak:

  • Ohiko entxufea (Schuko konektorea).
  • Duen moldakortasuna dela eta, SAE J1772 konektorea (edo 1. mota) nabarmentzen da.
  • Mennekes (edo 2. mota), Europako egungo estandarra, eta ezagunena. Adibidez, Bizkaian, karga-puntuetan dauden konektoreen ia % 80 dira horrelakoak.
  • Karga ultralasterretarako, CHAdeMo erabili ohi da.

Konektoreen mundua etengabe berrikusten eta eguneratzen ari da. Helburua da dagoen aniztasuna murriztea eta bateratzea. Oraingoz, dagoeneko estandarizatuta dago CCS konektore bakar konbinatu bat, Europako ibilgailu guztietan erabil daitekeena.

electrolineras-euskadi

Nola jakin non dauden kargalekuak Euskadin

Egunero, edo ia egunero, kargaleku berri bat agertzen denez Euskadiko lekuren batean, onena da aplikazio espezializatuak erabiltzea, zure kotxearentzat bateragarria den karga-punturik hurbilena aurkitzeko.

Google Mapsen baimenarekin, inoiz huts egiten ez duen aukera bat, eta, segur aski aplikaziorik osoena dena, Electromaps da. Kargalekuei buruzko informazioa ematen du: doakoak edo ordaintzekoak diren, haien ezaugarriak eta eskuragai dituzten konektoreak. Era berean, hautatzen duzunera joateko biderik azkarrena adierazten dizu.

Nextcharge eta Chargemap aplikazioak ere oso praktikoak dira. Erabiltzaileek helarazitako datuak, iritziak eta iruzkinak dituzte.

Plugsharek hurbilen dituzun karga-estazioak aurkitzen dizkizu, eta leku bat gordetzen dizu. Eta Plugsurfingek RFID karga-giltzatako oso praktikoa du, edozein dela operatzailea edozein puntutan kargatzea eta ordaintzea ahalbidetzen dizuna. Gainera, zure kargak faktura bakarrean bateratzen dizkizu, eta, hilaren azkenean, dena bildurik aurkezten dizu.

Zenbat kargaleku daude Euskadin?

Azken datu ofizialen arabera, Euskadin 570 bat karga-puntu daude gaituta.

Horren arabera, Euskadik kontu hauek egiten ditu: 2030ean 200.000 ibilgailu elektriko inguru izatea espero badu, hau da, egungo kopurua 60 aldiz (gutxi gorabehera) biderkatzea, gutxienez 15.000 karga-puntu beharko ditu, helburua 60 kilometrotik behin kargaleku izatea baita.

Dagoen beharraz eta aukeraz jabetuta, Euskadin buru-belarri hasi dira lanean kargalekuen sarea zabaltzeko eta dibertsifikatzeko.

Ibil, kargalekuen motorra Euskadin

Ibil, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Repsolek 2010ean sortua, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren ibilgailu elektrikoen karga-kudeatzaileetan zaharrena da. Karga-zerbitzuak ematen ditu eremu pribatuan –bai garaje partikularretan, bai enpresetan–, eta publikoan, bereziki aparkaleku publikoetan eta merkataritza-eremuetan.

Eta karga-estazioen proiektu eta instalazio askoren motorra da. Adibidez, ibilgailu elektrikoentzako Europa hegoaldeko karga-estaziorik indartsuena dena, Abanto Zierbenako (Bizkaia) Ugaldebieta gasolina-zerbitzugunean kokatua. Banaka 400 kilowatt inguruko karga-ahalmena du. Elkar ulertzeko, zure autoak bost edo hamar minutu inguru besterik ez ditu beharko han kargatzeko.

Gainera, estazio horretarako, euskal teknologia erabili da % 100ean. Ormazabal enpresa –sare elektriko adimendunetan espezializatua–, behar den energia hornitzeko transformazio-zentro oso bat prestatzeaz arduratu da.

electrolineras-euskadi

Kargalekuen mugarriak Euskadin

Euskadik, halaber, energia biltegiratzen duen lehenengo kargalekua du 2021az geroztik, eta, bigarren bizitzako bateriak berrerabiliz, mantentze-lanak egiten ditu. Tolosan (Gipuzkoa) kokatua dago.

Nabarmentzekoa da, halaber, Basauriko karga anitzeko estazioa. Puntako instalazioa da, kargatze ultralasterreko zortzi postu dituena, korronte zuzeneko 180 kW-tik 350 kW-ra bitarteko potentziakoak.

Bestalde, Teslak, ibilgailu elektrikoaren merkatuan lider denak, Euskadiko lehen "superkargatzaile" elektrikoa eraiki du Arasurren. Kokapen estrategikoa du Araban: Frantziako mugatik etortzen diren autoen barne-korridorea indartzen du, eta, gainera, hotel-establezimendu batetik gertu dago.

Zein lekutan daude kargalekuak Euskadin?

Hotel-establezimenduetan biltzen dira elektrolindegi gehienak, merkataritza-eremuen, aparkaleku publikoen eta gasolina-zerbitzuguneen alboan.

Gero eta ohikoagoa da, halaber, jende asko biltzen den lekuetan topatzea, hala nola ospitaleetan, aireportuetan, unibertsitateetan, kirol- eta hezkuntza- edo kultura-instalazioetan.

Bizkaian, aitzindariak izan ziren Bilbao Exhibition Centerreko karga-puntuak (BEC) eta Begoña ingurukoa. Gasteizko lehenengoa Arriagako aparkalekuan instalatu zen.

Fotolindegiak eta etxebizitza partikularrak

Euskadik fotolindegietara ere jo du, hau da, eguzki-energiaz elikatutako kargalekuetara. Lehenengoa 2012an jarri zen martxan Barakaldon.

Nabarmentzekoa da, halaber, etxe partikularretan kargatzearen alde Euskadik egin duen apustua, ibilgailua geldirik dagoenean eta gauez, energia-kontsumoak minimoetan daudenean. Hala, EEEren laguntza-programa bat jarri da abian garaje komunitarioetarako, betiere gutxienez garajeko plaza guztien % 15 elikatzeko aukera ematen badute.

Baina horretan laguntzeak ez du ukatzen karga-estazioen sare publikoa garatzea eta handitzea.

Euskal kargalekuei buruzko informazio eguneratua denbora errealean izan nahi baduzu, aplikazioak kontsulta ditzakezu, eta ez ahaztu karga eta konektore mota desberdinak daudela. Horrela, prest egongo zara zure auto elektrikorako behar duzun kargalekua Euskadin aurkitzeko.