Josu Waliñok konpromisoa hartu du Interneten euskararen erabilera normalizatzearen alde, eta horretan dihardu egunero Sarean.eus euskarazko aldizkari digitaletik. Euskaltel Konekta gure Fundazioa aldizkariaren babesle da. Webgune honetatik, pauso erraz batzuk ematera animatzen ditu erabiltzaileak: esaterako, euskara aukeratzea nabigatzaileko eta telefonoko hizkuntza gisa, edo .EUS domeinuen sorrera sustatzea. Bere ustez, gauza asko dago egiteko oraindik, eta, Interneteko enpresa handienek euskara kontuan hartzen jarrai dezaten, “oso garrantzitsua da erabiltzaileok euskara baliatzea”.
Euskaltel Bloga. Zer da Sarean.eus? Blog huts bat da edo hori baino askoz gehiago?
Josu Waliño. Sarean.eus ingurune digitalaz euskaraz publiko orokorrarentzat informazioa ematen duen agerkari digitala da. Bere ezaugarri nagusia da artikuluak adituek idatziak direla, euskaraz, eta publiko orokorrarentzat modu ulergarri eta erosoan, beraz, blog bat baino gehiago dela esan daiteke.
E.B. Zer helburu dituzue?
W. Helburu nagusia euskaraz teknologia eta Interneten inguruko gaiak publiko orokorrari helaraztea da. Gaur egun erreferentzia nagusiak erdaraz daude, eta guk hori aldatu nahi dugu aditu euskaldunen eskutik.
E.B. Hobby bat da neurri batean ala konpromisoa du oinarri?
W. Konpromisoa du oinarri, PuntuEUS Fundazioaren helburua euskara ingurune digitalean lehen mailako hizkuntza bihurtzea da, eta konpromiso horren parte da proiektu hau. Horrez gain, ingurune digitaleko adituek proiektuarekiko konpromiso bat hartzen dute, beraien ezagutza alorrari buruz euskaraz idaztekoa.
E.B. Oso zaila da euskara mundu digitalera eramatea?
W. Ez, beste edozein hizkuntza bezain zaila edo bezain erraza. Egia da hizkuntza nagusiek dutela presentzia nagusia ingurune digitalean, baina Euskal Herrian ingurune digitalean lanean ari diren profesionalak ditugu alor guztietan, erreferente euskaldunak ditugu, eta garrantzitsua da horretaz jabetu eta ezagutzera ematea.
E.B. Gai jakin batera bideratu nahiko zenukete bloga? Bada alorren bat bereziki euskararen presentzia handiagoa behar duena berandu baino lehen?
W. Sarean.eus-en ingurune digitaleko alor nagusiak jorratzen ahalegintzen gara, ikerketa eta berrikuntzatik hasita aisialdiraino. Azken finean, teknologiak gaur egun gure bizitzako alor guztietan du presentzia eta horren berri euskaraz modu normalean ematea da gure helburua.
E.B. Adibidez, marketin digitalean egin daiteke SEM eta SEO estrategia eraginkorrik euskaraz?
W. Esango nuke marketin digitalean SEM eta SEO estrategiak beste hizkuntzatan baino eraginkorragoak direla, oso arrazoi sinple bategatik: konpetentzia txikiagoa da. Adibidez, domeinuen kasuan, oso zaila da domeinu-izen egoki bat libre topatzea inglesez, gaztelaniaz, edo beste hizkuntza nagusi batean, baina euskararen kasuan ez da hori gertatzen, eta horrek SEO posizionamenduan laguntzen du. Berdin gertatzen da edukiarekin, edukiaren kalitatea da garrantzitsua SEO estrategiatan, eta euskarazko eduki ona izateak laguntzen du marketin digital estrategia hobeak lantzen.
E.B. Eta teknologia mugikorrean? Teknologikoki euskaraz bizitzeko behar den guztia ematen dute operadoreek?
W. Teknologia mugikorraren kasuan askotan operadoreen esku baino gehiago fabrikatzaileen esku dago arazoa. Esaterako, Android erabat euskaratuta dagoen arren mugikor guztiek ez dute euskara eskaintzen hizkuntzen artean, fabrikatzaileek toki-muga dutelako sistemarentzat eta pakete hori kentzen dute. Horrek erabiltzaileengan eragin negatiboa du eta euskal operadoreek lagundu beharko lukete egoera aldatzen.
E.B. Eta Interneteko atari eta sare handiek? Euskarazko bertsioa dute denek? Bada bereziki faltan sumatzen duzuen baten bat?
W. Interneteko erraldoi askok euskara kontuan hartzen dute. Esaterako Google, Twitter edo Facebook bezalako webguneak euskaraz erabili daitezke, eta garrantzitsua da erabiltzaileok hala egitea enpresa hauek kontuan izan dezaten. Baina oraindik urrats asko daude emateko. Adibidez, Googlek euskara ez du bereizten bilaketa hizkuntza moduan, edo Adwords bezalako plataformetan mugatzen du. Eta sortzen ari diren plataforma garrantzitsu batzuetan euskarak oraindik bere tokia egin behar du, Netflix-en esaterako, garrantzitsua baita telebista ikusteko sortu diren bide berrietan euskarazko edukiek ere bere tokia izatea. Kanpotik datozen plataforma handien jarraipena egin behar dugu eta hauetan euskarak presentzia egokia duela bermatzeko estrategiak diseinatzea ezinbestekoa da.
E.B. Euskaldun-kopuruaren erritmo berean ari da hazten komunitate digital euskalduna?
W. Euskarak komunitate digital oso aktiboa du Interneten. Euskal komunitate digitalaren lanaren emaitza da adibidez euskarazko Wikipediak duen eduki-maila ona, edo blog, sare sozial eta antzekoetan dagoen bizitasuna. Horrek ez du esan nahi komunitate digitalaren hazkunde-maila euskaldun-kopuruaren parekoa denik, baina bai komunitate hori oso aktiboa dela. Bestalde, PuntuEUS Fundazioak argitaratzen duen Behatokiak adierazten digu Euskal Herrian euskarazko edukia argitaratzen duten web kopurua, euskararen kaleko erabileraren parekoa dela, hau da, %13. Datu horrek esaten digu kalean eta sarean antzera erabiltzen ditugula euskara, baina gure ustez horrek aldatu beharra dauka eta euskarak presentzia handiagoa izan behar du sarean. Uste dugu .EUS domeinuak lagundu dezakela horretan, gero eta web gehiago .EUS direlako Euskal Herrian eta horrek euskarara gerturatzen lagunduko die.
E.B. Aktiboki parte hartzen duzue sare sozialetan? Kanal eraginkorra da euskara zabaltzeko?
W. Bai, PuntuEUS Fundazioa oso aktiboa da sare sozialetan. Nagusiki Twitter, Facebook eta Instagramen dugu presentzia eta kanal hauetatik zabaltzen dugu .EUS domeinua eta ingurune digitalari buruzko informazioa. Hauek dira gaur egungo komunikazio kanal garrantzitsuenetariko batzuk, eta ezinbestekoa da euskarak bertan presentzia izatea.
E.B. Iaz irratian lan egiten hasi zineten. Noiz egingo duzue jauzia telebistara?
W. Sarean proiektua pixkanaka ari da hazten. Webgunea sortu eta gutxira jarri genuen Euskadi Irratiarekin lankidetzan irratsaioa eta horrek jauzi bat suposatu du proiektuarentzat. Telebista izan daiteke hurrengo urrats logikoa, baina gaur egun telebista eredua aldatu da, eta Sarean bezalako proiektuek agian telebista eredu berrietan izan dezake logika gehiago, Youtube moduko plataformatan kanalak zabalduz esaterako.
E.B. Zure ustez, zer falta da jendea euskaraz parte hartzera animatzeko?
W. Badira euskarari sarean presentzia handiagoa emateko egin daitezken gauza txikiak. Esaterako, iaz jarri genuen martxan Interneten ere Lehen Hitza euskaraz izeneko kanpaina, eta bertan azaltzen genuen moduan, edozein erabiltzailek egin beharreko lehen gauza bere nabigatzailearen hizkuntza lehenetsi moduan euskara jartzea litzateke. Erraza da, hori egin ahal izateko plug-in txiki bat sortu genuen eta berak egiten dizu konfigurazioa. Aldaketa txiki horrekin sarean zabaltzen dugun mezua garbia da: euskaraz nabigatzen dugula, eta ondorioz, nahiago dugula Google bezalakoek euskaraz eskaintzea informazioa. Mugikorrekin antzera gertatzen da, askotan ez dakigun arren gure mugikorra euskaraz jar dezakegu eta ez dugu egiten. Horretarako ere app bat sortu genuen, konfigurazioa euskaraz jartzen diona erabiltzaileari. Urrats txiki horiek ematea euskararentzat garrantzitsua da, eta erabiltzaile guztiak nahi nituzke animatu horretara.