Deskontuak eta doako janaria agintzen dituen McDonald's-en mezu bat jaso baduzu, irakurri arretaz post hau, phishing iruzur baten biktima izan zaitezke eta.
Ziberdelituak gehitzen doaz, eta egunero asmatzen dira berriak. Gehien erabiltzen denetako bat (eta arrakasta handiena duenetako bat) ustez ezagunak diren markek egindako sustapen- eta opari-eskaintza faltsuak dira. Azken asteetan, gure bezeroek McDonalds katearen ustezko deskontuak jaso dituzte, haren 50. urteurrenarekin bat eginez. Ez egin kasurik, iruzurra da!
Euskaltelen bezeroek jasotzen duten McDonald's-en phishinga
Whatsapp-mezu bat iritsiko zaizu mugikorrera, horren bidez % 50erainoko deskontua lor dezakezula McDonaldsen dioena. Irudi eta izen aldetik enpresa ezagunarekin bat datorrela dirudien helbide batetik bidaltzen da. Aski omen duzu estekan sakatzea deskontua eskuratzeko.
Mota honetako mezuak dituzte esaldiek: "Zorionak! Egin klik Ados botoian zure saria eskatzeko" edo "50. urteurrenaren zozketa guztiontzat! Erantzun galdera honi parte hartzeko eta otorduak irabazteko".
Tentagarria da..., baina iruzurra da. Klik egitean iruzurrezko URL batera sartuko zara, eta, horren bidez, zibergaizkileek zure datuak lortuko dituzte.
Gainera, birbidaltzeko eskatuko dizute, zure lagunek edo senideek ere onura berak izan ditzaten; hala, iruzurra are gehiago zabaltzen lagunduko duzu, eta, horretaz gain, zure hurrengo faktura nabarmen handituko da.
Batez ere Z belaunaldiko erabiltzaileak harrapatu ditu phishing izeneko iruzur honek, asko ibiltzen baitira sare sozialetan.
Zer da phishinga?
Ziberdelitu-mota honi phishing edo identitate-ordeztea esaten zaio.
Iruzur digitaleko teknika ohikoenetako bat da, eta zure datuak edo pasahitzak lapurtzeko, zure posta-kontuetara sartzeko edo zure mugikorra eta gailu elektronikoak blokeatzeko erabiltzen da.
Phishing mota bat baino gehiago daude. Hauek dira ezagunenetako batzuk:
- Vishinga: telefono-deien bidezkoa.
- Smishinga: testu-mezu bidezkoa.
- PDF phishinga: pdf-ak iruzurrezko esteka bihurtzekoa.
- Sare sozialetako phishinga: sare sozialen bidez hedatzen dena.
- Spear phishinga: sofistikatuena; hartzaileari egokitutako mezuak erabiltzen dituena.
- Whalinga: erakunde edo enpresetan erantzukizun handia duten zuzendari edo pertsonei zuzendua.
Phishingaren biktima ez izateko aholkuak
Ikusten duzunez, zibergaizkileek hainbat bide erabiltzen dituzte erabiltzaileengana iristeko; beraz, ez ezazu arreta galdu, euskarria edozein dela ere, eta adi egon mezu susmagarriei. Hona hemen aholku batzuk:
- Eduki gailuak eguneratuta.
- Egiaztatu nor den idazten edo deitzen dizuna. Beste bide batzuk erabil ditzakezu zalantzak argitzeko.
- Eskaintza eta deskontu handiak ez dira nahi bezain ohikoak; beraz, pagotxa bada, kontuz ibili.
- Ez fidatu ekintza azkar eta premiazkoak egitera bultzatzen duten mezuekin.
- Inoiz ez eman informazio pertsonalik edo pasahitzik. Ez Euskaltelek, ez beste ezein enpresak edo erakundek ez dizu eskatuko zuk bakarrik jakin beharreko datuak Whatsapp bidez edo posta elektroniko bidez bidaltzeko.
- Kontuz ibili wifi publikoekin; arriskutsuagoak dira, ez baitakigu zenbateko segurtasun-maila duten.
- Aplikazioak edo programak deskargatzen badituzu, orri ofizialetatik deskargatu beti.
Beraz, gogoratu: zalantzarik izanez gero, ez egin ezer, edo egiaztatu jasotako mezuaren egiazkotasuna orrialde ofizialetan. Euskalteleko bezeroak whatsapp bidez jasotzen ari diren McDonald'sen iruzur hau eta beste zibereraso eta phishing asko hedatzen dira egunero sarean.