Guggenheim Bilbao Museoarekin bat egingo dugu bere 25. urteurrenean. Izan ere, Museoaren patrono garen aldetik, elkarrekin egin dugu bidea: gizarte osoaren bihotzean arrastoa utzi duen ibilbidea. Erakusketak baino askoz gehiago da Guggenheim: hiriaren ikonoa da, inspirazioa, kulturaren eta aurrerabidearen ikurra. Zatoz 25 urte hauek ospatzera, ikusi zer aukera dituzun Guggenheim Bilbao Museoan, nola erosi sarrerak, zein ordutegi duen, eta baita Guggenheimeko txakurrari buruzko bitxikeria batzuk ere.
Gugenhein, guguenjein... Guggen zer?
Onartu behar da izena ez dela erraz ahoskatzen, eta bakoitzak bere erara idazten duela. Eskerrak Googlek zuzentzen digun: ez Gugenhein, ez Guggemheim eta ezta Gugemheim ere. Honela idazten da: bi g-rekin, h batekin eta bukaeran m letra duela: Guggenheim.
Ezin al zen izen euskaldunagoa aukeratu Bilboren ikur honentzat? Bada, ez. Izan ere, Solomon R. Guggenheim arte-bildumagile eta filantropo estatubatuarraren fundazioaren Guggenheim arte-zentroen parte da museoa, eta hortik datorkio izena.
Guggenheim Bilbao Museoaz gain, hauek ere hartzen ditu barnean: Solomon R. Guggenheim Museoa, New Yorken, Peggy Guggenheim bilduma, Venezian, eta, etorkizunean, Abu Dhabiko Guggenheim.
Guggenheim Bilbao museoko txakurra
Izenekin eta Googleko bilaketekin ari garenez, jakizu “Guggenheimeko txakurra” dela museoarekin lotutako Googleko bilaketa ohikoenetako bat.
Nola du izena Guggenheimeko txakurrak? “Puppy” du izena, eta West Highland terrier bat da. Jeff Koons artistak egin zuen, tamaina erraldoian: 12metro luze da, eta 16tonako pisua du. Udaberrian eta udazkenean aldatzen dizkiote loreak.
Museoaren zaindaria da, eta harekin ateratako milioka selfie argitaratu dira Instagramen. Seguru zuk ere baduzula bat. Baina agian ez duzu haren historia osoa ezagutuko. Bideo honetan ikus dezakezu:
Zer ikusi Guggenheim Bilbao Museoan?
Guggenheimera sartzea zentzumen-esperientzia bat da.
Itsasadarrean ibilaldi bat eginez has dezakezu plana, eta, ondoren, “Puppy”-rekin selfie bat egin, eraikinean sartu, areto batetik bestera ibili eta museoaren bilduma propioa nahiz aldi baterako erakusketak ikusi. Eta, amaitzeko, ilunabarrean Frank Gehryren eraikin ikusgarrian argia nola islatzen den ikusi... Plan honetan, ezinbestekoak dira hauek:
Museoaren kanpoaldeko artelanak ikustea: Guggenheimeko txakurra, Jeff Koons-en “Puppy”; Jeff Koons-en “Idi-bihotzak”; Louise Bourgeois-en “Ama” armiarma ospetsua; Anish Kapoor-en “Zuhaitz garaia eta begia”; Daniel Buren-en “Arku gorriak”, Salbeko zubian; “Su-iturriak”, Yves Klein-ena, eta “Laino-eskultura”, Fujiko Nakayarena.
Richard Serraren “Denboraren materia” eskultura erraldoian galtzea edo Eduardo Txillida artistaren “Sakona airea da” mirestea.
Guggenheim Bilbaorako ordutegia eta sarrerak
Ongi antolatzea komeni da, asko dago ikusteko eta.
Museoa asteartetik igandera zabaltzen da, 10:00etatik 19:00etara. Abenduaren 3tik 11ra, 18:00etan ixten dute. Urteko astelehen batzuetan ere bisita dezakezu; webgunean duzu ordutegiei buruzko informazio guztia. Kontsultatu joan aurretik, batez ere Gabonetan joatekoa bazara.
Sarrerak leihatilan eros ditzakezu, 10:00etatik 19:00etara (kontuz, museoa baino ordu erdi lehenago ixten da). Bestela, hemen ere eros ditzakezu sarrerak, online. Webgunearen bidez erosten badituzu, merkeago eskuratuko dituzu. Ikusi hemen prezioak eta deskontuak.
Sarrera orokorrarekin, Guggenheim Bilbao Museoaren bilduma eta une horretan dauden aldi baterako erakusketak ikus ditzakezu, eta eraikinaren barruan paseatu, arkitekturaren ikur hori ezagutzeko. Gainera, sarrerarekin, audiogida bat ere eskuratuko duzu.
Ez ahaztu joan baino lehen dendatik pasatu eta souvenir bat erostea😉.
Guggenheim Bilbao Museoaren bisita birtuala
Guggenheim Bilbao Museoa bertatik bertara ikustea zirraragarria da; gutxienez bizitzan behin egin beharreko gauza horietako bat.
Baina Bilbora joateko asmorik ez baduzu, zure etxetik ere ikus dezakezu.
Izan ere, Guggenheim Museoaren webguneak aukera ematen du bisita birtual bat eginez eraikinaren barrualdea ezagutzeko, itsasadarretik ikusteko edo “Ama” armiarma erraldoia eta “Zuhaitz garaia eta begia” eskulturak bertan bazeunde bezala ikusteko.
Beste aukera bat ere badaukazu, egoki-egokia: Google Arts & Culture-rena. Sartu Guggenheim Bilbao Museoa ezagutzeko esteka honetan: museoaren bisita birtual bat egin ahal izango duzu, artelan garrantzitsuenak ikusi, museoko zazpi lanen ezkutuko xehetasunak ezagutu, eta askoz gehiago ere bai. Merezi du.
Guggenheim Bilbao Museoari buruzko bitxikeriak
Hogeita bost urte hauetan, 24.700.000 bisitari baino gehiago pasatu dira museotik. Baina datu bitxi gehiago ere badaude. Hara:
- Guggenheim Bilbao Museoaren sorrera euskal administrazioen eta Solomon R. Guggenheim Fundazioaren arteko lankidetzaren ondorioa da.
- Proiektua 1991n jarri zen martxan, eta museoa 1997an inauguratu zen. Orduan, sarrerak 700 pezeta balio zuen (4 euro inguru).
- Frank Gehryren eraikina titaniozko 33.000 xaflak osatzen dute, baina Kanadako arkitektoaren asmoa, hasiera batean, altzairua erabiltzea zen.
Bitxikeria horiek eta beste asko gordetzen ditu gu guzion parte den museo honek.
Zorionak!