Plan erlaxagarri bat proposatuko dizugu. Zer iruditzen zaizu hidromasaje-bainu bat, kontraste-dutxa bat edo masaje suspergarri bat hartzea? Termalismoa modan dagoenez, Euskadiko bainuetxe eta spa onenen aukera bat prestatu dugu.

Euskadin XIX. mendetik ditugu bainuetxeak. Jatorrian, kostaldean izaten ziren, eta pertsona dirudunak joaten ziren haietara, hango erosotasunek eta propietate sendagarriek erakarrita.

Gaur egungo bainuetxe eta spak garai berrietara egokitu dira: poltsiko, premia eta gustu guztietarako aukerak eskaintzen dituzte, ingurune natural paregabeetan, hondartza ondoan edo hirian bertan daude, eta askotariko aukerak eskaintzen dituzte; benetan zaila da aukeratzea.

Hona hemen gure bainuetxe eta spa onenetariko batzuk.

Zestoako bainuetxea

Tradizio termal zabalena duten Euskadiko establezimenduetako bat da, eta Zestoako bainuetxeaGipuzkoan dago.

Europako zentro termal handiak gogora ekartzen dizkigun XIX. mendearen amaierako eraikin modernista batean dago.

Zestoako bainuetxeko ur termal mineromedizinalak nazioartean ezagunak dira, propietate ugari baitituzte. Zirkuitu termalak (hiru igerilekuena edo milurtekoarena), dutxa zirkularrak eta hidromasaje-bainuak har ditzakezu, edo programaren bat probatu dezakezu (adibidez, “Munduko berroreka magikoak”, zenbait herrialde eta eskualdetako tekniken bidez erlaxatzeko).

Orduña Plaza bainuetxe-hotela

Orduña Plaza bainuetxe-hotela XVII. mendeko eraikin historiko batean dago, Bizkaiko Urduña herriaren erdigunean; lau izarreko luxuzko hotela da gaur egun.

Egunerokotasunetik deskonektatzeko toki ezin hobea da, aukera izango baituzt masaje klasikoak eta ekialdekoak, hidroterapia-tratamenduak edo "kapritxoak" (txokolatezkoa edo loarena, adibidez) hartzeko eta azala garbitu eta erlaxamendu-egoera atsegina uzten duten erlaxazio-erritualak egiteko.

Areatza hotel-bainuetxea

balnearios spas euskadi areatza
Iturria: Hotel Balneario Areatza

Areatza hotel-bainuetxea parekorik ez duen ingurune natural batean kokatua dago; hain zuzen, Gorbeiako Parke Naturalean. Huts egin ezineko paisaia da, eta establezimenduak dituen 65 logeletatik ikusi ahal izango duzu, guztiek ematen baitute kanpoaldera.

Areatzako bainuetxean ondo baino hobeto aprobetxatzen dira hango ur mineromedizinalen propietate eta onurak; egokiak dira asaldu dermatologiko, erreumatologiko eta traumatologikoetarako eta arnasketako asalduetarako.

Zure buruari opari bat egin nahi badiozu, hidromasaje-bainu bat edo aurpegirako tratamenduren bat har dezakezu, edo bilgarriren bat probatu.

Casa Pallotti bainuetxea

Karrantza haranean dago Casa Pallotti bainuetxea, Molinarreko ur epelak ateratzen diren tokitik gertu.

Hango urak (1843an erabilera publikoko ur izendatu zituzten) 30-31º ºC-ra ateratzen dira, eta ezin hobeak dira balneoterapiako zirkuitu termal terapeutikoetarako (dutxa bitermikoekin eta jet zurrustekin egiten dira).

Gainera, aurpegirako tratamenduak edo masaje pertsonalizatuak gehitzeko aukera duzu.

Wine Oil Spa Villa de Laguardia

balnearios spas euskadi wineoil
Iturria: Wine Oil Spa Villa de Laguardia

Bodega eta mahasti artean dago Wine Oil Spa Villa de Laguardia establezimendua (osasunerako eta ongizaterako 1.000 m2), Arabako Errioxan.

Bertako produktuetan (ardoa eta olioa) oinarritutako tratamenduak egiteko 15 kabina ditu spak.

Sauna finlandiarra, bainu turkiarra, hidromasaje-bankuak, ur hotzeko pileta... Eta ez huts egin kupula zeharrargi dotorean zeharreko gaueko zirkuitu hidrotermal kromoterapiaduna.

Villa Antilla talaso-hotela

Villa Antilla talaso-hotela Orion dago. Herriak arraun-tradizio zabala du, eta hotelaren diseinuak ontzi baten branka ekartzen du gogora.

Toki lasaia izateko pentsatuta daude diseinu eroso eta abangoardistako 1.800 m2-ko instalazioak. Sei igerileku klimatizatu, sauna, hidromasajerako besaulkiak, jacuzzia, urpeko zurrustak, dutxa terapeutikoak, lurrun-bainua eta pedilubioa ditu.

Eta intimitate-giroko gutizia esklusibo bat: Thalasso suite pribatua.

Etxegana spa-hotela

Etxegana spa-hotela Arratia bailaran dago, Gorbeiako Parke Naturalean, lorategiz inguratuta.

Mendira ematen duten logelak, hidromasaje-bainuontzia eta dekorazio exotikoa izango dituzu deskonexioa eta baretasuna ekarriko dizkizun egonaldian, eta, nahi izanez gero, igerileku ur-jauziduna, jacuzzia, bainu turkiarra, sauna finlandiarra eta dutxa eskoziarra ere probatzeko aukera edukiko duzu.

Jardines de Albia

Bainuetxea Bilboko erdigunean, Mercure Jardines de Albia hotelean.

Spa zaindu honetan, urak erabateko osasuna ekarriko dizu tratamendu ugariren bidez: kromoterapia, presoterapia, olio esentzialak, lokatzak, masaje erlaxagarriak eta hidroterapia-zirkuituak.

Arima spa-hotela

ARIMA Hotel & Spa Miramon basoan dago, Donostiako hirigunetik hurbil.

Lau izarreko kategoria goreneko hotel jasangarria da, estetika minimalistakoa; inguruko naturarekin bat datorren spa sofistikatu bat du.

Spako ur-eremuak hiru igerileku ditu: klimatizatua, zurrustaduna eta kontrasteduna. Horrez gainera, infragorri-saunak eta haloterapia-aretoa ditu.

Gametxo spa-hotela

Urdaibai inguruan turismo-egun bat igaro ondoren atseden hartzeko spa-hotel baten bila bazabiltza, ez huts egin Gametxo spa-hotela.

Ibarrangelun dago, Bizkaiko kostaldean, eta landa-kutsuko luxua eskaintzen du. Eremu termala erabilera pribaturako alokatzeko aukera dago.

Jacuzzia, bainu turkiarra, sentsazio-dutxa, atseden-banku berogarria, masajeak, bilgarriak eta gorputz-terapia ugari dituzu aukeran.

Zelai talasoterapia-hotela

Zelai talasoterapia-hotela Zumaian dago, hondartzaren pare-parean.

Tratamendu ugari eskaintzen dituen talasoterapia-zentroa du, establezimenduan nagusi den filosofian oinarritua, betiere: itsasoko ura terapia gisa.

Zelai talasoterapia-hotelean, itsasertzetik urrun jasotzen da ura. Gero, arazi eta tratatu egiten da, tratamenduetan erabili ahal izateko. Tratamendu horien artean dituzu Atlantikoko edertasun-erritualak edo zentzumenezkoak, gorputz osoko bilgarriak eta gatz-kabina.

Euskadiko bainuetxe edo spa batean indarberritzeko aukera-sorta ederra duzu hemen.

Goiburuko irudiaren iturria: Orduña Plaza bainuetxe-hotela.