Jasper (edo Jasper.ai) adimen artifizialeko tresna bat da, hizkuntza naturaleko prozesamendu-algoritmoak erabiliz edukia eta irudiak sortzeko balio duena.
Lehen Jarvis izena zuen, eta plataforma erabilienetariko bat da, bereziki, marketinaren alorrean.
Zertarako balio duen Jasperrek
Jasper erabiliz, zenbait estilo eta formatutako kalitate handiko eduki pertsonalizatuak sor daitezke; gainera, zure premien arabera egokitzeko eta editatzeko aukera ematen dizu.
Bestalde, erabilera komertzialeko argazkiak (baita ilustrazioak eta miniaturak ere) sortzen ditu, eskubiderik eta ur-markarik gabeak.
Testuak edo irudiak nahi dituzula ere, zerotik has zaitezke, edo 50 txantiloi baino gehiago dituzu, haiekin lan egin ahal izateko.
Jasperrek, gainera, aukera ematen du publizitate-kanpainak egiteko (Google Ads-en eta Facebooken, adibidez) eta YouTubeko bideoetarako gidoiak sortzeko.
"Markaren ahotsa" funtzioaren bidez, edukiak zure identitate korporatibora egokitzen ditu Jasperrek. Garrantzitsua iruditzen zaizun informazioa eman diezaiokezu (adibidez, estilo-gida, negozio-plana, hartzaile- edo entzule-motak, ordainketa-metodoak eta ohiko galderak), eta Jasperrek kontuan hartuko du. Gainera, informazio hori guztia prozesa dezake testu idatzi bidez, fitxategi erantsien bidez edo url bat adierazita.
Nola atzitu Jasper
Jasper atzitzeko, lehenik eta behin, saioa hasi behar duzu zure kontuan, https://www.jasper.ai/ web-orrian. Bi aukera dituzu: Jasperren erregistratu eta profila sortu, edo saioa hasi Googlerekin.
Jasperrek doako proba egiteko aukera du eta ordainpeko harpidetza-aukerak ere baditu, 39 €/hil-tik aurrera.
Nola funtzionatzen duen Jasperrek
Oso erraz erabiltzen da. Interfaze oso intuitiboa du, bai eta esperientziarik eta ezagutza teknikorik ez dutenentzat ere.
Labur-labur azalduta: kontrol-panel nagusian, egin klik botoi more handian ("Sortu edukia"), ezkerreko menuan, eta hasi zure edukia prestatzen.
Lehenik eta behin, sarrera bat sortu behar da. Zer eduki nahi duzun azaldu behar duzu. Zenbat eta xehetasun gehiago eman, hobeto, begi-bistakoak direla iruditu arren. Txata erabil dezakezu tresnarekin interakzioan aritzeko eta zure premiak zehazteko.
Gainera, Jasperrek taldean aritzeko aukera ematen du: aldaketak eta iruzkinak parteka ditzakezue zenbait erabiltzaileren artean denbora errealean.
Jasperren abantailak
Sortzen dituen edukien kalitate handia dela eta, AA sortzaileko tresna erabilienetako bat da Jasper.
Eduki profesionala eta ongi egituratua sortzen du, eta horrek denbora eta baliabideak aurrezten ditu; gainera, egiteko errepikakorrak arintzen eta automatizatzen ditu eta bultzada handia ematen dio sormenari. Jasperren iradokizunek zure edukiak eta argitalpenak hobetzen dituzte, eta horrek abantaila emango dizu zure lehiakideen aldean.
Jasper eta SEO
Aipagarria da orobat Jasperrek sareko edukien posizionamendua hobetzeko duen ahalmena.
Izan ere, tresna honen lorpen handienetako bat da SEO irizpideak kontuan hartzea edukiak lantzeko garaian. Horrenbestez, bilatzaile nagusietako posizionamendua hobetzen du eta ikusgaitasuna hobetzen.
Gainera, tresna zorrotza da Jasper plagio posibleei dagokienez. Plagio-detektagailu batekin dator, sortutako edukia beste eduki batzuen kopia ez dela bermatzeko; gainera, informazio-iturriak aipatzeko eska diezaiokezu, eta gune bakoitzerako backlinkak emango dizkizu.