Robotak (edo automatak) diseinatzeaz, programatzeaz, ekoizteaz, aztertzeaz eta aplikatzeaz arduratzen den diziplina da robotika. Ingeniaritza, mekanika, elektronika, informatika… uztartzen ditu. Adimen artifizialarekin estuki lotuta dago; etorkizun oparoeneko teknologietako bat da, eta dagoeneko ohikoa da hura erabiltzea enpresa dezentetan.
Robotika eginkizun honetarako sortu zen: gizakiak egin ohi dituen lanak egiteko, baina askoz ere azkarrago eta gizakiak egin ez lezakeen kondizioetan (leku helezinak, tenperatura altuak, toki txikiegiak…). Hau da, robotak lan aspergarriak edo arriskutsuak murrizteko sortu ziren, gai baitira gizakiak nekez irits daitezkeen lekuetara iristeko, eta, gainera, arrakasta eta segurtasuna bermatuta egiten baitute.
Baina, robotika ulertzeko, “robotari” buruz hitz egin behar dugu.
Txekiar hizkuntzatik dator hitza, eta “esklaboa” esan nahi du, hitzez hitz. Hasieran, fikzio-lanetan erabiltzen ziren, eta Karel Capek idazlearen eskutik egin ziren ospetsu, “R.U.R.” (Rossum robot unibertsalak) izeneko bere eleberriaren protagonista bihurtu baitzituen.
Baina Isaac Asimov irakasle eta idazle errusiarrak irauli zuen roboten mundua, Robotikaren Hiru Legeekin. Hau esaten dute, laburbilduta: ezein robotek ez dio kalterik egingo ezein gizakiri, ezta bestek egin diezaion utzi ere; robot orok beteko ditu gizakien aginduak; eta robotek beren existentzia babestuko dute.
Lehenengo industria-robotak George Devol asmatzaile estatubatuarrak garatu zituen; Unimation enpresa sortu zen, robotikan espezializatutako historiako lehen enpresa.
Lehenengo urte horiez geroztik, arian-arian egin du aurrera robotikak.
Lehenengo belaunaldian, robotak sistema mekaniko sinpleak ziren, nahiko eskuzkoak eta funtzio anitzekoak.
Bigarren belaunaldian, ikaskuntza iritsi zen. Robotak gai ziren aurretik definitutako mugimenduak buruz ikasteko eta errepikatzeko.
Hirugarren belaunaldian, robotek kontrol sentsorizatua dute, eta software batek emandako aginduak betetzen dituzte.
Laugarren belaunaldiak robot adimendunak ekarri dizkigu: sare neuronal artifizialak dauzkate, eta gai dira datu-kopuru itzelak ulertzeko eta denbora errealean jardun ahal izateko.
Dagoeneko abian da roboten bosgarren belaunaldia. Adimen artifiziala txertatuta, haien jarduerak eta erabilera-eremuak zabaldu eta dibertsifikatu egin dira.
Robotika eta adimen artifiziala
Estuki lotuta daude robotika eta adimen artifiziala.
Nolabait esatearren, robotika adimen artifizialaren osagai bat da, alderdi fisiko eta ukigarri bat, hardwarea pentsatzeaz eta diseinatzeaz eta robotak sortzeaz arduratzen dena. Robot horiek, gero, adimen artifizialari esker, gai dira mugitzeko, jarduteko, ingurunearekin erlazionatzeko eta zereginak automatizatzeko. Hau da, adimen artifizialak bilatzen du automatek gizakienen antzeko jarduerak eta portaerak izateko behar duten modua, softwarea.
Robotikak adimen artifiziala erabiltzen du zeregin bakar, errepikakor eta indibidualetatik harago joateko, eta, horretarako, mugikortasuna eta interakzioa hobetu, eta datuak aztertzen ditu, eta robotek haietatik ikas dezaten lortzen du.
Adimen artifizialak ebaluatutako datu horiei guztiei esker, robotek hobeto uler dezakete ingurunea, eta denbora errealean jardun, eta elkarlanean egin dezakete lan, bakarka jardun beharrean.
Robotak enpresetan
Ikertzen eta berritzen jarraitzen den bitartean, gizartea eta enpresak robotika erabiltzen ari dira hainbat arlotan ohiko lanak egiteko:
- Enbalaje- eta muntaia-lanak
- Logistika
- Inbentarioa
- Bezeroen arreta
- Ezagutzea eta identifikatzea (aurpegia, hatz-marka…)
- Urruneko kontrola duten aplikazioak
- Ibilgailu autonomoak
Jarduera-sektoreka: gaur egun robotak arrakastaz erabiltzen dira, adibidez, garraio-enpresetan, miaketa geologikoetan, misio espazialetan eta medikuntzan.
Halaber, oso erabilgarriak dira hondakinak garbitzeko (bereziki toxikoak badira), meatze-prospekzioak egiteko eta animaliak eta pertsonak erreskatatzeko.
Robotikaren abantailak
Jarduera-eremua zein den gorabehera, robotika erabiltzeak abantaila nagusi hauek ditu, besteak beste:
- Ohiko zereginak edo zeregin errepikakorrak automatizatzea
- Oso espazio txikietara edo kondizio oso zailetara egokitzea
- Produktibitate handiagoa, robotak denbora laburragoan zeregin gehiago egin baititzake
- Kalitate-kontrol osoago, ohikoago eta efizienteagoak
- Istripuak eta akatsak murriztea
- Barneko eta kanpoko jarduerak arakatzeko eta haien jarraipena egiteko gaitasuna
Robot batzuek gizaki bat behar dute haiei lagundu eta gidatzeko, baina egungo joera da gero eta robot autonomoagoak egitea, beren kabuz moldatzeko gai direnak, beren konfigurazioari eta datuetatik eratorritako ikaskuntzari jarraituz.
Nolanahi ere, tamaina eta forma askotako robotak daude, kasuan kasuko beharren arabera.
Sailkapen tradizionalean, honako hauek bereizten dira: androideak, giza forma dutenak; mugikorrak, gurpilen gainean mugitzen direnak; zoomorfikoak, animalien antzekoak; poliartikulatuak, lan delikatuak egitea helburu duten gorputz-adarrak dituztenak; eta hibridoak, mota baten baino gehiagoren ezaugarriak batzen dituztenak.
Robotika, beraz, berrikuntzaren aldeko apustua da, eta abantaila operatiboak eta negozio-ildo berriak ekartzen dizkie enpresei, baita lan-aukerak ere.
Adimen artifizialak areagotzen du ahalmen hori. Teknologia horren aldeko apustua egiten dugu Euskaltelen, eta zuen enpresara eramaten lagundu diezazuekegu BAI Analytics gure talde espezializatuaren eskutik.
Enpresentzako gure soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinean, edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresetako gure sail komertzialarekin, inprimakiaren bidez. Eta azken albisteen berri izateko, jarrai iezaguzu LinkedIn-en.