Badira ekitaldi batzuk, ekintzaile guztiek gorriz ondo nabarmendu behar dituztenak. Jakin behar da zer egunetan eta non elkartuko diren, batetik, antzeko kezka eta ardurak dituzten pertsona ugari eta, bestetik, ikasteko aukera paregabea ematen duten aditu eta guruak.
Seguru aski, beste hiriren batera joan beharko duzu, eta horrek dakartzan gastuei aurre egin, baina, zalantzarik gabe, balio handiko itzulkina izango du zure inbertsioak, ukiezina izan arren. Hona hemen ekitaldi horietatik garrantzitsuenak:
Euskadiko ekitaldiak
BIME Startup Summit – Bilbon, 2015eko urriaren 30eanMusikarekin eta sorkuntzaren industriarekin lotura duten startupen topagunea. Lau eremu ditu: Startup competition, non inbertitzaile-talde bati aurkeztuko dizkioten beren proiektuak startup finalistek; Mahai Inguruak, non sektoreko eragile nagusiek beren ikuspegiak azalduko dituzten, Speed Meetings (ekintzaileen eta inbertitzaileen arteko saio pribatuak) eta Startup Eremua, networkingerako ingurunea.
European Ecommerce Conference – Bilbon, 2015eko azaroaren 18an eta 19anHegoaldeko Europako merkataritza elektronikoaren erreferentziazko ekitaldia. Inspirazio-leku garrantzitsua ekintzaileentzat. Edozer sortu nahi duzula ere, unibertso digitalean jardun beharko duzu, era batera edo bestera.
Euskal Herritik kanpora
4YFN (4 Years From Now) – Bartzelonan, 2016ko otsailaren 22an eta 25eanBartzelonako Mobile World Congressen da egitekoa ekitaldi hori. Mugikorren industriarekin lotura duten startupen topagunea da. Ekintzaileak eta inbertitzaileak elkarrekin harremanetan jartzeko aukera bikaina. Zorte pixka batekin, Mark Zuckerberg hantxe ikusiko duzu! (Bartzelonan izan zen azkeneko MWCn).
FICOD – Madrilen, 2015eko abenduaren 1etik 3raIndustria, Energia eta Turismo Ministerioak antolatzen du Eduki Digitalen Nazioarteko Foroa, Red.esen bidez. Foroaren helburua: ekonomia digitala garatzea eta sustatzea. Ideia, joera eta arrakasta-kasuen bilgune aparta da FICOD, erreferentzia Europa osoan.
Pioneers – Vienan, 2015eko maiatzaren 23tik 25eraTeknologia berriei buruzko munduko ekitaldirik handiena. Laurogeita hamar bat herrialdetako 1.600 startup baino gehiago eta 400 inbertitzailetik gora elkartzen dira Vienako jauregi inperialean. Mundu mailako ekitaldia da, ezin interesgarriagoa ikusmira goian duzuenontzat eta zuen enpresa berriari nazioarteko kutsua eman nahi diozuenontzat.
Ez da erraza hautatzea, ezta? Pentsatu zein datorkien ondoena zure interesei (beharbada, zure ekitaldi ideala ez dago bost horien artean), eta asko ikasteko eta jende interesgarri ugari ezagutzeko gogoz joan. Ez zara damutuko!