Twitter da, bere 140 karaktereekin, sare sozialen artean berehalakotasun handiena duenetako bat. Dena da berehalakoa txioen unibertsoan. Eta horixe da beste arrazoi bat are arreta handiagoz jokatzeko txioak botatzeko orduan. Akatsak jasota geratzen dira, eta garestiak izan daitezke.
Hala eta guztiz ere, ez da komeni beldurrak airean gaudela jartzea Larryren aurrean (halaxe du izena Twitterreko txoritxoak). Komunikazio digitalak, betiko aurrez aurreko komunikazioaren aldean, baditu berezitasunak, jakina, baina barneratu behar dugu mikroblog-zerbitzu hau (eta orobat gainerako sare sozialak) helburu dugun publikoari balioa helarazteko beste era bat dela. Garrantzitsuena, finean, beste aldean nor daukagun jakitea da. Eta ez dago inor hori guk baino hobeto dakienik, gu baikara gure negozioaren jabeak.
Hori hala izanik, argi dago jardunez soilik finduko dugula Twitter-en eta beste sare sozialetan komunikatzeko gure estiloa. Badaezpada, "arriskuak" txikiagotzeko, hona hemen enpresek Twitter-en maizen egiten dituzten akats batzuk. Izan ere, akatsetatik ikasten dugu.
- Ortografia-akatsak
Txio bat erregistratuta gelditzen den hitz-segida bat da; berez, ezaba daitezke, baina edonork egin dezake pantaila-argazki bat gure hanka-sartzea jasota uzteko. Beraz, seriotasun- eta zorroztasun-irudia eman nahi badugu, ezinbestekoa da ortografia ondo asko zaintzea. Alor horretan egiten diren akatsek nabarmen uzten gaituzte. Ez dira gutxi halakoak egiten dituztenak.
- Norberaren gehiegizko promozioa egitea
Sare sozialetako komunikazioaren helburu nagusia baliozko informazioa helaraztea da; alegia, helburu dugun publikoari interesa dakiokeen informazioa ematea. Horrenbestez, norberaren promozioa egiteko mezuak eta antzekoak alde batera utzi behar dira (oso noizean behin zabaltzekoak). Marka-balioa sortzea da helburua, ez saltzea. Lehena ondo egiten badugu, bigarrena berez etorriko da.
- Jarduera gutxi edo batere ez
Maiz samar ikusten dira ia batere erabiltzen ez diren profil korporatiboak. Enpresa txikiak izaten dira gehienetan, bere garaian sare sozialetan profil bat irekitzea erabaki zutenak, unean uneko modari jarraituz, kontuan hartu gabe denbora, plangintza eta lana behar direla profila mantentzeko. Oso mugimendu gutxi edo batere mugimendurik ez duen profil batek markaren itxura eskasa ematen du. Beraz, Twitter-en profil bat irekitzea erabaki bagenuen, mezuak argitaratzeko errutina bat edo egutegi bat ezarri behar dugu. Bestalde, Twitter-en mezu gehiegi eta/edo mezu kaotikoak bidaltzea ere kaltegarri izan daiteke.
- Jarraitzaile egiten zaizkigun guztien jarraitzaile egitea
Batzuetan, eskerrak emateko modu bat izan daiteke gure jarraitzaile egin denaren jarraitzaile egitea (follow egitea), baina ez da komeni hori arau bihurtzea. Hau da, jarraitzaile egingo gara interesgarria iruditzen bazaigu gure jarraitzaile egin den tuitlariaren profila; ez, ordea, eskerrak emateko, besterik gabe. "Interesgarri" izateak esan nahi du sektorea kontuan hartuz profil garrantzitsu bat dela, eduki baliotsua eta informazioa eskaintzen duena. Lehiakide bat ere izan daiteke, noski. Arau hori kontuan hartuz, ez du zentzurik jarraitzaileak lortzeagatik edozeinen jarraitzaile egitea, beste inolako irizpiderik gabe. Hori egiten badugu, erabiltzaile spamez beteko dugu gure profila, eta halakoek ez diote inolako baliorik ematen gure enpresari. Hona hemen norbaiten jarraitzaile egiteko irizpide lagungarri batzuk.
- Probokazioan erortzea
Nahiz eta Twitter-en bertan badauden erantzuteko moduak, gero eta gehiago dira horretarako sare sozialetako Bezeroarentzako Arreta baliatzen dutenak, eta, hala, interakzio harrigarriak ere izaten dira enpresaren eta bezeroen artean. Enpresa gisa, jakin behar dugu Twitter-en egiten zaizkigun kritikak onartzen eta etengabe hobetzeko prozesurako informazio baliotsutzat hartzen. Salbuespenak salbuespen, kritika bat hobetzeko aukera bat da; ez dugu erori behar probokazioetan, eta ez ditugu manera onak galdu behar gure erantzunetan. Beraz, nahitaezkoa da erantzuteko protokolo bat ezartzea eta hari jarraitzea. Asko dira bezeroei Twitter bidez harrera egitearen abantailak. Aprobetxa itzazu!
- Traolen (hashtag) erabilera okerra
Hashtag-ak oso tresna baliotsua dira gure txioen hartzaileak sailkatzeko eta, hala, gure mezua gehiago eta hobeto zabaltzeko. Dena dela, trending topic-ak erabiltzea gure argitalpenak nola edo hala sartzeko edo traolak benetako gai-koherentziarik gabe erabiltzea kaltegarri izan daiteke guretzat; izan ere, kalte egin diezaioke gure irudiari eta, gainera, haserrea eragin dezakete zenbaitengan. Oso ezaguna da David Bisbalen hanka-sartzea (#PrayForJapan).
- Okerreko kontua erabiltzea
Begien bistakoa badirudi ere, ez ginateke lehenengoak izango akats handiak egiten; esate baterako, Chrysler-en community manager-ak Detroiti eta hango biztanleek autoak gidatzeko duten erari buruzko txio mespretxuzko bat bota zuen. Maiz samar gertatzen dira halakoak, arreta gutxiz txiokatzean. Kontu bat baino gehiago erabiltzen badugu, kontu handiz erabili behar ditugu, ziur jakiteko beti zein kontutatik ari garen.
Horiek dira Twitter-eko profilak kudeatzean enpresek egiten dituzten akats ohikoenetako batzuk. Ez dira bakarrak, hala ere; askoz gehiago daude, noski. Edonola ere, garrantzitsuena da gure akatsetatik ikastea eta, praktikaren bidez, egunero hobetzea.