5G teknologia enpresen produktibitatea, mugikortasuna eta errentagarritasuna bultzatzen ari da. Óscar Rejas Euskalteleko Enpresa Handien zuzendari komertzialak kontatu digu zer den 5Ga industriarako eta zergatik den erabakigarria eraldaketa digitalean.

  • Hasteko, enpresetan 5G teknologia erabiltzeari buruz hitz egingo dugu zuzenean. Zer abantaila eskaintzen dizkie, zehatz-mehatz?

Lehenik eta behin, abiadura, gaitasuna eta latentzia txikia. Interneten abiadura biderkatu egiten da nabigatzean, baita fitxategiak igotzean eta partekatzean ere. 5Gari esker, gailu eta langile gehiago aritu daitezke aldi berean lanean eta konektatuta, eta nabarmen murrizten da sarearen erantzun-denbora.

Horretaz gainera, nabarmentzekoak dira erabilgarritasun, fidagarritasun, erresilientzia eta segurtasun handia, eta energia-kontsumo txikiagoa. Esate baterako, murriztu egiten ditu sarearen erantzun-denborak, eta datuak ia denbora errealean transmititu daitezke, hala nola ibilgailu autonomoen kasuan eta beste hainbat soluziotan. Edo ehunka edo milaka gailu eta sentsore konektatu ahalko dira Internetera estaldura-antena beraren eremuan, eta, horri esker, edozer elementu konektagarritatik atera ahalko da informazioa (IoT, Gauzen Internet).

5G teknologiak erraztu egiten du negozioen munduan efizientzia, berrikuntza eta lehiakortasun handiagoa lortzeko bidea. Horrenbestez, hura baliatzea erabaki estrategikoa da, eta, gainera, aukera teknologikoa da enpresa-sektore guztietarako.

“5G teknologiak erraztu egin du negozioen munduan efizientzia, berrikuntza eta lehiakortasun handiagoa lortzeko bidea”

Óscar Rejas
  • Gogoratu behar da 5G teknologia teknologia mugikorren bosgarren belaunaldia dela dagoeneko. Zer aldatu da aurrekoekin konparatuta?

5G belaunaldi berrian bildutako teknologiek iraultza ekarri dute, eta ez telekomunikazioen mundurako bakarrik.

Aurreko belaunaldiak pertsonen arteko komunikaziorako zeuden diseinatuta nagusiki, eta, haiek ez bezala, 5G teknologia mugikorra askotariko erabileretarako dago pentsatuta lehenbizikoz. Era berean, gailuen eta makinen arteko komunikaziorako diseinatu da, eta, horri esker, horien gaitasun guztiak aprobetxa ditzakegu, bai eta askotariko sektore eta proiektuetan aplikatu ere.

5G entrevista

5Gak konexio fidagarriagoa eskaintzen du teknologia mugikorraren aurreko belaunaldiek baino, eta hori bereziki garrantzitsua da eguneroko eragiketetan konektibitate efizientea behar duten enpresentzat.

Komunikazio-teknologia horretan oinarrituko dira prozesu industrialak, ibilgailuak, materialen garraio logistikoa, osasun-zerbitzuak, eta beste asko eta asko.

Oro har, 5Gari esker are gehiago azeleratuko dira negozio, soluzio eta zerbitzu berriak eraldatzeko aukerak.

  • Zehazki, zer bilakaera izan du Euskaltelen 5G sareak eta zer proiektu jarri dira abian?

Gure konpromisoa da teknologiarik aurreratuena eskaintzea gizarteari eta gure enpresei, eta, hala, konektibitatea hobetzea gure bezero guztientzat. Dagoeneko gure artean dugu konektibitatearen etorkizuna, eta Euskaltelen zirrara eragiten digu jakiteak guk gidatzen dugula teknologia horren aurrerapena Euskadin.

Aspaldian egin dugu 5Garen aldeko apustua, eta, gaur egun, teknologia hori txertatzen duten merkataritza-proiektuetan ari gara lanean.

5G Euskadi proiektuan parte hartu genuen, enpresekin eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan, eta egitasmo haren helburua zen 5G teknologia garatzea eta ezartzea euskal enpresa-sarean. Horri esker, proiektuak egin ziren askotariko arloetan, hala nola mugikortasunean, energian, industrian, zibersegurtasunean edo sareko zerbitzuetan.

Suteen aurkako borrokari ere aplikatzen diogu 5G teknologia. Kamera- eta sentsore-sare oso batekin konbinatuta eta adimen artifiziala aplikatuta, suteak goiz detektatzeko eta aurkitzeko aukera ematen du.

Era berean, kirol-ekitaldiak denbora errealean emateko sistema batean ere baliatzen dugu gure 5G sarea, ekoizpen automatikoarekin eta urrunekoarekin eta 4K kalitateko bideo-gaitasunekin.

Duela gutxi, lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dugu BasqueCCAMekin, zeina nazioarteko erreferentziazko elkartea baita mugikortasun autonomoan eta konektatuan. Helburua da 5G sareak kudeatzeko lehen plataforma integrala ematea, kalitate gorena bermatzeko latentzian, abiaduran eta sendotasunean.