Euskadik jaieguna estreinatuko du irailaren 6an, Elkanoren eguna ospatzeko. Zergatik? 1522ko irailaren 6an portura heldu zen Victoria ontzia, Elkano buru zuelarik, lehen mundu-itzulia osatu ondoren.

Balentria paregabe haren xehetasunak azalduko dizkizugu, eta orobat esango dizugu nor izan zen euskal itsas gizon hura, historiako izen handietako bat bihurtu ondoren gaur egun jaiegun berri bateko protagonista bihurtu den hura, hain zuzen.

Magallaes, Elkano eta bidaia historiko bat

Itsasoratu eta hiru urtera, 1522ko irailaren 6an, Victoria ontzia Sanlúcar de Barramedako (Cádiz) portura heldu zen. Hiru urteko espedizioa izan zen Moluka uharteetara iristeko, Ozeano Atlantiko zeharkatu ondoren.

dia-elcano_euskadi

Magallaes izan zen hasieran espedizioburu, baina, hura hil ostean, Getariako seme batek, Juan Sebastian Elkanok, hartu zuen espedizioaren ardura, eta merkantziak eta bizirik irtendako marinelak ekarri zituen bueltan,lehen mundu-itzulia osatu ondoren.

Elkanoren eguna Euskadin jaiegun bihurtzeko arrazoiak

Aurten balentria haren 500. urteurrena betetzen delarik, Elkanoren figura aldarrikatu du Euskadik, eta urteko jaiegunen egutegira ekarri du irailaren 6a: Elkanoren eguna.

Ondare historikoa eta euskal abenturazale handienetako bat oroitzeko eta omentzeko aukera da, lehenengo “globalizazio”aren lorpen handienetako baten buru izan baitzen Elkano, nahiz historiak gaizki tratatu edo gutiz ahaztu duen maiz.

Jaiegun berriak bereziki poztu ditu getariarrak, bertako semea baitzen Elkano. Han, “Elkanoren lehorreratzea” ospatzen dute lau urtean behin, eta Victoria ontzia Sanlúcar de Barramedara heldu zeneko unea antzezten dute. Halaber, Elkanoren garai hartako itsasontzia birsortzen duen Itsas Armadaren ontzia ere hartu dute Getariako portuan, eta bisitari orok izan du ikusteko aukera.

dia-elcano_euskadi

Juan Sebastian Elkano fundazioak berretsi du irailaren 6 batean heldu zela Elkano Sanlúcar de Barramedako portura, ontzi bakarrarekin, Victoria itsasontziarekin hain zuzen, eta hiru urte lehenago Sevillatik “Ekialdeko Indiak” bilatzera irtendako espediziotik bizirik irtendako 18 marinelekin.

Bizirik atera ziren marinel gutxi haien artean sei euskaldun zeuden: Pedro de Tolosa, Zubileta, Chindarza, Acurio eta Arratia, eta Elkano bera, noski. Oso abentura gogorra izan zen.

Espezieen uharteak: azken helmuga

Espezieen Armada deiturikoa, bost itsasontzik eta 250 itsasgizonek osatua, 1519ko irailaren 20an atera zen Sanlúcar de Barramedatik Ozeano Atlantikoa zeharkatzeko asmoz.

Espedizioaren buru Fernando Magallaes portugaldarra zen, Espainiako erregeari ikusarazi baitzion etengabe mendebalerantz nabigatuz gero Espezieen Uharteetara hel zitekeela, denek gutiziatzen zituzten uharteetara alegia. Hau da, Ozeano Atlantikotik Ozeano Barerako pasabide berri eta laburrago bat aurkitzea zuen helburu Magallaesek, handik Moluka uharteetara heltzeko.

XV. mendearen erdialdean kokatu behar dugu, eta kontuan izan Europa osoa portu eta ibilbide komertzial berriak aurkitu nahian zebilela orduan. Eta Espezieen Uharteetan soilik ekoizten ziren produktu oso baliotsu eta preziatu ugari, hala nola iltzea, kanela edo intxaur muskatua.

Tripulazioan, Juan Sebastian Elkano zegoen, euskal marinel zaildu bat, espedizioko ontzi baterako itsas maisu gisa izena eman zuena, eta historiara pasatu dena espedizioan izandako garrantzi handiagatik.

Lehen mundu-itzulia

Hiru urtez, 1519tik 1522ra, hiru ozeano zeharkatu zituen espedizioak, kontinenteak inguratu, eta gerora Magallaesen itsasarte deiturikoa aurkitu zuen.

dia-elcano_euskadi

Azkenik, Filipinetara eta Moluka uharteetara iritsi ziren, baina goseak, nekeak, nabigazio-baldintza gogorrek eta gaixotasunek sekulako hondamendia eragin zuten, eta tripulazioko ehunka lagun hil ziren. Gainera, matxinadak eta exekuzioak ere ez ziren gutxi izan.

Magallaes bera Filipinetako Mactán uharteko bataila batean hil zen. Elkano jarri zen orduan espedizioburu.

Nor zen Juan Sebastian Elkano?

Arrantzaleen semea izanik, lanerako zain zuen itsasoa betidanik Elkanok. Upel-ontzi baten jabe izatera heldu zen, baina, zorte txarra tarteko, saldu egin behar izan zuen. Eragiketa hori garai hartan debekatua zegoenez, kontuak eskatu zizkion justiziak, eta, azkenean, Sevillara ihes egin zuen. Han, Espezien Armadaren espediziorako eman zuen izena.

Magallaes hil ondoren, espedizioburu bihurtu zen, eta berak gidatu zuen ontzia etxerako bidean. Ez, ordea, joandako bide beretik, Indiako Ozeanoa zeharkatuz baizik, “portugaldar bidea” deritzonetik, hain zuzen. Hilabete luzeko itsasaldia izan zen, eskalarik gabea, afrikar kontinentera heldu arte, eta iparralderantz egin zuten handik.

dia-elcano_euskadi

Hiru urte geroago, Sanlúcar de Barramedara heldu ziren azkenean, 78.000 kilometro inguru egin ondoren.

Hala,lehen mundu-itzulia osatu zuen Victoria itsasontziak.

Balentria historiko bat eta euskaldun unibertsal bat, eta, orain, Elkanoren Egunari esker, egindakoaren garrantzia aintzatesten du Euskadik. Esaguzu: zer iruditzen zaizu euskal jai berri hau? Hori bai, jaiegun laburra izango da, aurtengoa baino ez, 2023an ez baitugu izango.

Irudia: Conoce mi ciudad, Wikipedia, Biografías y Vidas.