Gabonak. Azokak bisitatzeko, familiarekin egoteko, dendetara joateko eta opari bila Interneten sartzeko garaia. Zibergaizkileen garairik gogokoena, jendearen Gabonetako erosketak aprobetxatzen baitituzte poltsiko bete iruzur egiteko.

Euskaltelek aholku batzuk eman nahi dizkizu hacker horien iruzurrei iskin egiteko. Egun hauek ahalik eta gehien gozatzeko, iruzurrak saihesteko eta lapurrei datu garrantzitsurik ez emateko, erreparatu jarraibide gutxi hauei.

Egiaztatu webgunea segurua dela

Webgune bat segurua dela ziurtatzeko, ikusi nola hasten den haren URLa. "https"-rekin hasten bada, seinale ona da, segurtasun-protokolo fidagarri bat erabiltzen baitu.

Baina "http://" soilarekin hasten diren orrialdeak zaharragoak dira eta ez hain seguruak; beraz, errazagoa da webgune horiek erasoak jasatea eta, horren ondorioz, gune horietatik bezeroen datuak lapurtzea (izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa, telefonoa edo kreditu-txartelaren zenbakia).

“http://” soilarekin hasten den webgune bat ikusten baduzu, zure daturik ez ematea da seguruena.

Kontuz gehiegizko deskontuekin

Zibergaizkileen metodo ohikoenetako bat da oso eskaintza erakargarriak egiten dituzten webguneak sortzea. Demagun jostailu- edo arropa-denda batek % 70eko deskontuak eskaintzen dituela. Deskontuak aurkitzea normala den arren, ez fidatu oso handiak baldin badira.

Adibidez, gama altuko telefono bat erdi prezioan ikusten baduzu, iruzur bat izango da ziurrenik. Denoi gustatzen zaigu gutxiago ordaintzea, eta oso ondo dakite hori iruzurgileek.

Erosketa egingo duzun webguneari buruzko informazioa lortu

Modu inpultsiboan erosten dugu askotan: gustatzen zaigun zerbait ikusi, gurditxora gehitu, eta ordaintzera joaten gara zuzenean. Baina webgune batean erosten duzun lehen aldia baldin bada, funtsezkoa da hari buruzko informazio pixka bat lortzea aurrena. Bilatu beste erabiltzaile batzuen iritziak edo iruzkinak, egiaztatu webgunea aspalditik dabilela sare sozialetan eta ikusi zer baldintza dituen produktuak itzultzeko, jakinaren gainean egoteko halakorik egokituz gero.

Batzuetan, hobe da bost minutu galtzea eta webgune bat zerbitzua ematen aspalditik ari egiaztatzea, gero ezusteko bat izatea baino erosi duzuna ez delako iristen.

Kontuz mezu elektroniko edo SMS susmagarriekin

Iruzurren biktimak erakartzeko ohiko modu bat da mezu elektronikoak bidaltzea marka ezagun baten izenean. Zibergaizkileek dena delako enpresaren diseinua kopiatzen dute, eta itxura oso antzekoa duen beste webgune batera bideratzen dute bezeroa. Phishing esaten zaio metodo horri, eta helburua da bezeroen konfiantza lortzea.

Begiratu nor den bidaltzailea (alegia, egiaztatu ez dela gmail-eko helbide bat edo beste helbide arraro bat), zein den webgunearen izena (ez dadila izan beste webgune baten izenaren oso antzekoa, edo tartean beste izen bat sartua duena baina betiere webgune ofizialaren bestelakoa).

Zalantzarik baduzu, jarri zuzenean harremanetan markarekin, eta egiaztatu haiek bidali dutela mezua. Ez duzu ezer galtzen hori eginda, eta, okerrenean, disgustu bat saihestuko duzu.

Gainera, garai honetan ohikoa da SMSren bat jasotzea esanez zure paketea ezin aurrera egin dagoela nonbait eta datu gehiago eman behar dituzula entregatu ahal izateko. Mezu horiek webgune jakin batera bideratzen zaituzte, eta han datu pertsonalak eskatzen dizkizute edo ordainketa faltsuak egiteko eskatzen (adibidez, Ogasunari ordaindu beharreko zergak). Horrelakoetan, mezularitza-enpresarekin harremanetan jartzea da onena, eta webgune horretan batere daturik ez ematea.

Egin ordainketa seguruak

Ordainketa-metodo seguru asko daude. Erabiltzaile batzuek nahiago dute PayPal erabili, baina txartelarekin ordaintzea da ohikoena. Egiaztatu webguneak ordainketa-pasabide seguru batera bideratzen zaituela, eta, ordainketa egin ondoren, jakinarazpen bat jasotzen duzula zure banku-aplikazioan, transakzioa berresteko.

Eta honaino zibersegurtasunari buruzko gure aholkuak.

Jai zoriontsuak opa dizkizu Euskaltelek, eta Olentzerok eta Mari Domingik opari ugari ekartzea, baina, batez ere, osasuna eta zoriona, etxekoekin gozatzeko.