Euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa da Azoka. Inoiz baino kultura-jardunaldi gehiago izango ditu Durangoko Azokak, bost egunez, 50. urteurrenean. 

Abenduaren 4tik 8ra, denetik eskainiko dizu Durangoko Azokak: kontzertuak (Esne Beltzak besteak beste), mahai-inguruak, zine-emanaldiak (aipatzekoa da Donostiako Zinemaldian Irizar Saria jaso zuen Amama filmaren proiekzioa, bai eta Goenkaleren azken hiru kapituluena ere, beste inon baino lehen), haurrentzako ekitaldiak (han izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunak), tailerrak eta hainbat ikuskizun-mota (zirkoko jarduerak: malabaristak, akrobatak, bihurrikariak...).

presentación 50 DA

Inoiz egon ez direnei nolabait azaltzearren, euskal kulturaren merkatu handi baten modukoa da Durango Azoka. Euskal Liburu eta Disko Azoka du jatorri Durango Azokak, eta 249 liburu-, disko- eta aldizkari-stand izango ditu aurten. Horiez gain, beste zenbait eremu ere gehitu zaizkio aurten (zortzi, zehatz esanda):

  • Areto nagusia: aurkezpenak, mahai-inguruak eta eztabaidak.
  • Ahotsenea: sortzaileen eremua (musikariak eta idazleak).
  • Irudienea: ikus-entzunezkoen proiekzioak.
  • Plateruena: zerbait hartzeko leku egokia; kontzertu nagusiak ere hor egiten dira.
  • Kabi@: kultura digitala.
  • Saguganbara: neska-mutikoek hizkuntzarekin jolasteko gunea.
  • Szenatokia: arte eszenikoak.
  • Azoka TB: Azokaren zuzeneko emankizuna, streaming
Polonia editoreak eta kazetariak

Aurten, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatutako editore eta kazetari poloniarrek emango diote Azokari nazioarteko kutsua. Euskal Herriko kideekin jardungo dira Poloniakoak Azokan.

Iazko arrakasta errepikatzea da aurten ere asmoa. izan ere, Erresuma Batuko zenbait editore etorri ziren iaz, eta, gero, hiru lan itzuli ziren euskaratik ingelesera. Nazioartera irteteko leiho bat da Durango Azokara euskararentzat.

Durangaldea app

Beharbada, Durangaldea ezagutzeko aprobetxatu nahiko duzu Durangoko Azoka. Hala bada, oso lagungarri izango zaizu Durangaldea app aplikazioa, zeina, Azokak iraun bitartean, martxan izango baitu Gerediaga elkarteak. Durangaldeko jatetxe, garraio, zerbitzu eta leku interesgarriei buruzko informazioa aurkituko duzu aplikazio horretan. Google Playen eta App Storen izango duzu eskuragarri egun gutxi barru!

Jakina, Azokari buruzko informazioa ere aurkituko duzu aplikazio horretan: programa, nobedadeak, kartela...

Ez da askorik falta euskal kulturaren festa handia hasteko. Azokarako gogorik bai? Inaugurazio-ekitaldia: abenduaren 4an, San Agustin Kulturgunean, Szenatokia eremuan.

Bestalde, aurtengo Azokaren amaiera berezia izango da. Jakin ezazu zergatik, eta begiratu Durangoko Azokari buruzko informazio guztia hemen: http://durangokoazoka.eus/eu