Boladan dago Euskadi. Eta ez guk esaten dugulako, e? Pentsa: Zumaia eta Bakio Juego de Tronos-en agertu dira; Bilbo Europako Hiririk Onena da; MTV sarien Europako gala BECen egingo da, Barakaldon; Donostiako Zinemaldian, munduko artistarik ospetsuenak biltzen dira urtero...

Baina ez da hor bukatzen kontua: literaturak ere lagundu du gure hirien ospea zabaltzen. Eta Durangoko azoka ate joka daukagunez, gure herriko hainbat txoko erakusten dituzten eta, hala, ospea bazter guztietara zabaldu duten zenbait liburu aipatu nahi dizkizuegu.

Portada del libro Origen de Dan Brown‘Origen’, Dan Brown

Ezaguna egiten zaizu El código Da Vinci izenburua? Dan Brown-en nobelarik ospetsuena da: mundu osoan 200 milioi ale baino gehiago saldu dituen saga bateko lehena! Trilogia horren hirugarren eleberriak Origen du izenburua, eta argitaratu berria da. Badakizu zein den nobelako agertokietako bat? Gure Guggenheim museoa! Liburuko protagonista, Robert Langdon (Tom Hanks-ek interpretatu zuen zineman), museora joango da berri zientifiko oso garrantzitsu baten aurkezpenera. Nobelaren azalean, gainera, museoaren titaniozko plaka ospetsuak ageri dira, muntaia bitxi batean.

‘Un mundo sin fin’, Ken Follet

Liburu-salmentan marka guztiak hausten dituen beste idazle bat da Ken Follet. Los pilares de la Tierra best seller ezagunarekin hasi zuen Follet-ek Espainian bakarrik 40 milioi ale saldu dituen trilogia. Bada, Follet-ek Gasteizko Santa Maria katedrala aukeratu zuen inspirazio-iturri gisa trilogiaren lehenengo libururako, bai eta bigarrenerako ere: Un mundo sin fin. Galeseko nobelagilea liluratuta gelditu zen katedrala birgaitzeko proiektuarekin; hala, dokumentazio pila jaso zuen Fundazioan, eta, esker onez, Arabako hiriburuan aurkeztu zuen, beste inon baino lehenago, bigarren nobela. Gaur, idazlearen tamaina errealeko estatua batek zaintzen du katedralaren sarrera. Ikusia duzu?

‘El Guardián invisible’, Dolores Redondo

Dolores Redondo gipuzkoar idazlearen nobela honek hasiera-hasieratik harrapatzen zaitu, eta Elizondoko eta Baztango paisaiak ditu agertoki nagusi. Euskal Herriko mitologia, elezaharrak eta tradizioa nahasten ditu, eta, liburuaren arrakastak bultzaturik, film bat ere egin da, Marta Eturak interpretatua

Elizondo

‘Elkarrekin esnatzeko ordua’, Kirmen Uribe

Gogoan duzu Bilbao-New York-Bilbao liburua? Sekulako arrakasta izan zuen, eta Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen Kirmen Uribek liburuarekin. Bada, liburu horretaz gain, Elkarrekin esnatzeko ordua izenburukoa, zeina gehien saldu zenetako bat izan baitzen iazko Durangoko Azokan eta lau hizkuntzatara itzulia baitago dagoeneko, Ondarroan dago girotua, idazlearen jaioterrian. Ez da, gero, publizitate makala! ;-)

‘El silencio de la ciudad blanca’, Eva García S. de Urturi

Erdi Aroko Gasteizen gertatzen da El silencio de la Ciudad Blanca liburuko istorioa. Thriller bat da, zenbait hilketaren ikerketa kontatzen duena. Arkeologo bat, urte batzuk lehenago gertatutako antzeko hilketa batzuengatik espetxeratu zutena, kartzelatik atera berria da... Eva García Sáenz de Urturi da idazlea, gasteiztarra, eta liburuaren 100.000 ale saldu ditu. Alajaina! Trilogia baten lehen zatia da, gainera. Bigarren zatia, Los ritos del agua izan da, eta hirugarrenean buru-belarri sartuta dabil egilea une honetan. A, eta film bat ere egin behar omen dute...

Ikusten duzunez, 5 adibide bakarrik bildu ditugu, baina eleberri arrakastatsu askotan agertu dira gure paisaia eta hiriak. Eta gehiago azalduko dira laster. Seguru! Egiaztatu nahi baduzu, zatoz gurekin, urtero bezala, Durangoko azokara. Abenduaren 6tik 10era bitartean izango da, eta nobedadez gainezka dator!