“Organismo zibernetiko bat naiz, ehun bizi bat metalezko endoeskeleto baten gainean”. Gogoratzen duzu Arnold Schwarzenegger Terminator 2n? Esaldi hori esaten zuen bere burua ziborg gisa definitzeko... Hala ere, filmean ehun organikoz estalitako makina bat baino ez zen. Benetako ziborg-ak beren trebetasun edo gaitasun fisikoak hobetzeko gailu mekanikoak edo elektronikoak txertatuak dituzten pertsonak dira. Zineman badira kontzeptu horretara Terminator baino hobeto egokitzen diren beste adibide batzuk, hala nola Robocop eta Darth Vader. Baina aspaldian ez dugu zineman bilatu beharrik ziborg-ak, gure artean baitaude: teknologiari esker, gizon- edo emakume-makina kontzeptuak zinemaren eta zientzia-fikzioaren mugak gainditu ditu, eta gauza oso erreal bihurtu da.
Adibide bat jartzearren, 2004an gobernu britainiarrak bere herritar bat, Neil Harbisson, munduko lehen pertsona ziborg gisa aitortu behar izan zuen, eta pasaportea eman, hilabetetan ukatu ondoren. Harbisson, abangoardiako artista bat, koloreekiko itsutasun bitxi batekin jaio zen, eta zuri-beltzean bakarrik ikus zezakeen. Orduan, informazioa prozesatzeko eta kolore bakoitza soinu bihurtzeko gai zen antena bat sortzea erabaki zuen. Antena iraunkor hori garezurrean txertatua du, eta hezur okzipitaletik 30 zentimetro inguru ateratzen da. Horren bidez, argi-espektroaren maiztasunak entzun ditzake, baita kolore ikusezinak ere —infragorriak eta ultra bioletak, adibidez—, eta Internetera konekta daiteke telefono-deiak zuzenean buruan jasotzeko. Harrigarria, ezta?
Abangoardiako beste artista bat ere, Moon Ribas kataluniarra, ez da atzean geratzen: duela urte batzuk, erabaki zuen sentsore sismiko bat ezartzea besoan, munduan gertatzen ziren lurrikara guztiak bibrazio arinen bidez denbora errealean hautemateko. Helburua ez zen bolkanologo egitea, beste zentzumen bat garatzea baizik, bere gorputzaren eta teknologiaren batura izango litzatekeena, bere sorkuntzetarako erabiltzen duena.
Kevin Warwicken kasua ere bitxia da. Zientzialaria eta Zibernetikako unibertsitate-irakaslea da, eta Ciborg Proiektua garatu eta bere gorputzean probatu zuen. Warwick-ek, lehenbizi, 1998an txip bat ezarri zuen besoaren azalaren azpian, aukera ematen ziona hurbiltasun-seinaleen bidez ateak ireki, argiak piztu eta beste gailu konputarizatu batzuei eragiteko. Handik urte gutxi batzuetara, beste urrats bat eman zuen, eta neurona-interfaze bat ezarri zuen bere nerbio-sisteman. Haren bidez, kilometrotara zegoen beso robotiko bat kontrola zezakeen berea balitz bezala Gaur egun kirurgialari batzuek urrunetik ebakuntzak egiteko esperimentu gisa erabiltzen dutenaren antzeko zerbait.
Rob Spence hezur-haragizko beste ziborg bat da, baina honena ezintasunari aurre egiteko istorio bat da. Bederatzi urte zituela, eskopeta baten kaxa jo eta eskuineko begitik itsu geratu zen, baina bere minusbaliotasunera egokitzea lortu zuen, eta zinema-zuzendari izatera iritsi zen. Baina begi kaltetuak arazoak ematen zizkion etengabe, eta medikuek kristalezko begi bat jartzera behartu zuten. Orduan, Spencek ez estea erabaki zuen, eta begi-kamerei buruz ikertzea erabaki zuen bere eyeborga aurkitu zuen arte: 25,75 mm-ko haririk gabeko bideo-kamera bat (bi euroko txanpon baten diametroa), 30 minuturaino grabatzeko gai zena. Haren dokumental ezagunenetako bat Deus Ex: Human Evolution da, eta, han, bera bezain errealak diren beste ziborg batzuen istorioak kontatzen ditu.
Baina bada gizaki batena baino terminator baten antz handiagoa duen norbait: Chris Dancy. Beste enpresa batzuentzat software-garatzaile gisa lan egiteaz nekatuta, 2007an erabaki zuen bere gorputzean erabiltzea bere softwarea, eta bere gorputz- eta bizi-funtzio gehienak digitalizatu zituen: mugimenduak eta gorputzeko tenperatura, odol-presioa, oxigenoa eta pisua, eta beste aldagai pila bat, hala nola arnasten zuen airearen kalitatea, bere ahotsaren bolumena, jaten zituen elikagaiak, giro-tenperatura, hezetasuna, argia, soinua eta telebistan ikusten zuen guztia. Eta soinean eramateko gailuak erabiltzen hasi zen. Bloomberg etxearen arabera, “munduko gizonik konektatuena” bihurtu zen. Ez dakigu nola moldatzen den hegazkinez bidaiatzeko...
Halaber, aipatzekoa da Zoltan Itsvan-en kasua ere. Alderdi Transhumanistaren Etxe Zurirako hautagai izan den National Geographyceko erreportari ohi honek dio hilezkortasuna lor daitekeela. Nola? Bada, giza organo zaharrak edo gaixoak organo robotikoez ordezte hutsarekin eta zahartzea terapia genikoekin saihestuz. Esaten du 20 barru posible izango dela... baina hau bai, filma egiteko kasu bat izango da, agian.
Ezagutzen duzu benetako ziborg-en beste istorioren bat? Bada, emaguzu horren berri, iruzkin batean!