Gogoratzen duzu 1989a? Artean asmatu gabe zeuden SMSak, eta merkatuko mugikorrik coolena Motorolaren Micro Tac zen: ia 400 gramo pisatzen zuen (Iphone 7 bat 138 g da), eta haren bidez hitz egiteko muga 75 minutu zen! Zer pentsatuko zenuke esango bagenizu urte horretan estreinatu zela Regreso al futuro II filma, eta ordurako han agertzen zirela bideo-deiak, hatz-marka ezagutzeko sistemak edo betaurreko adimendunak?
Gauza bera gertatzen ari zaigu orain Netflixeko Black Mirror telesailarekin. Gidoilari teknologikoek sormen handia dute, eta tarteka ikusten ditugu zenbait asmakizun gure inguruan eta oihu egiten dugu: Black Mirroren bezala! Ezagutu nahi dituzu seriean agertzen diren berrikuntza futurista horietako batzuk? Telesaila ikusi nahi baduzu, zure 4K deskodetzaile berriaren agintean Netflix botoia sakatu besterik ez duzu egin behar. Oraingoz, guk kontatuko dizkizugu! ?
- Herritarren puntuazioa. Black Mirroren 3. denboraldiko lehen atalak txunditu egin gintuen gutako asko: etorkizuneko gizarte batean, pertsona guztiek kalifikatu zitzaketen beste pertsona batzuk, eta kalifikatuak izan, 1 eta 5 izar arteko puntuazioak emanez, haiekiko harremanaren arabera, jatetxe bat puntuatzen den bezala. Sistema horren helburua zen jendea ondo portatzea; izan ere, pertsona batek puntuazio baxua bazuen, bigarren mailako hiritar bihurtzen zen. Zoramena, ezta? Bada, badirudi Txinan antzeko zerbait egiten ari direla. Txinako Gobernuak proiektu bat prestatu du herritarren egoera ekonomikoa, soziala, politikoa eta finantzarioa kalifikatzeko, eta, hala, haien fidagarritasuna ebaluatzeko. Datu horien artean, honelakoak daude: isunak ordaintzea, zergak ordaintzea eta zer-nolako erosketak egiten diren. Pertsonak puntuazio handia lortzen badu, onurak lortuko ditu, eta, hala, bizikletak edo autoak alokatu ahal izango ditu gordailurik egin gabe, edo lehentasuna izango du denda, banku eta ospitaleetara joateko.
- Lentilla grabatzaileak. Zientzia-fikziozko telesailaren 1. denboraldiko azken atalean inplante neuronal batzuk agertzen dira, ikusten eta entzuten duguna grabatu eta gure begi-ninietan proiektatzen dutenak. Bada, Samsung eta Sony erraldoi teknologikoek dagoeneko patentatu dituzte ukipen-lente batzuk gai direnak begiak kliskatze hutsarekin argazkiak egiteko, smartphone batera konektatzeko eta informazioa hara bidaltzeko. Zoragarria da, ezta? Arazo bakarra ikusten diogu: Nola egingo genituzke selfieak? ?
- Animojiak. Iphoneren azken gailuen erabiltzailea bazara, jakingo duzu zer diren animojiak: avatar birtual batzuk dira, zure aurpegikerekin sor ditzakezunak, X modeloaren 3D teknologiaren eta aurpegi-ezagutzaren sistemaren bidez. Jobs faktoriaren asmakizun txundigarri bat zirudiena aurreratua zuten Black Mirroren bigarren denboraldiko azken atalean; lau urte lehenago! Atal hartan, komiko batek Waldo izeneko avatar bat sortu zuen; aurpegia ezagutzeko teknologiarekin lortutako mugimenduen bidez espresatzen zen, eta Britainia Handiko hauteskundeetara ere aurkeztu zuen bere burua. Zenbaiten Donald Trumpekin parekatu du Waldo...
- Erle-robotak. Bazenekien gure zientzialarien kezka nagusietako bat dela gero eta erle gutxiago daudela loreak, landareak eta laboreak polinizatzeko? Klima-aldaketaren, pestiziden eta Asiako liztorren artean, desagertzeko arriskuan daude erleak. Bada, Black Mirroren hirugarren denboraldiko azken atalean, erle-roboten sailak ikusten dira, fikzioan desagertutako erleen ordez polinizazioa egiten. Eta Harvardeko Unibertsitateak dagoeneko baditu 60 erle mekaniko, fikzioko helburu bera lortzeko sortuak: giza arraza desagertzea saihestea.
- Gimnasio-sorgailua. Duela zazpi urte baino gehiago, Black Mirrorek kontatzen zigun gizakiek kirola egiten zutela, ez gantzak erretzeko, baizik eta energia sortzeko eta diru-sarrerak lortzeko. Eta New Yorkeko gimnasio batek Eco Gym bat jarri du martxan. 21 kardio-makina ditu: bizikleta estatikoak, eliptikoak eta bizikleta etzanak. Pedalei eragitean gizakiek sortzen duten energia elektrizitate erabilgarri eta probetxagarri bihurtzeko prestatuak daude denak, teknologia mikroinbertsore baten bidez, eta kardio-saio bakoitza orduko 160 watt baino gehiago bihurtzeko gai dira. Ez dago gaizki, ezta?
Baduzu beste teknologia-errebelazio interesgarriren baten berri? Idatzi iruzkin bat, eta azaldu iezaguzu! ?