Datorren igandean, denok Santurtzira! Ibilaldia ospatuko dugu, Bizkaiko ikastolen jaia, eta aurten ere marka guztiak hautsiko dira jarduerei eta kontzertuei dagokienez. Bost kilometro ditu antolatzaileek aurtengo festarako atondu duten ibilbideak.

Aurten, Bihotz Gaztea ikastolak antolatu du Ibilaldia, eta herriko zokorik animatuenetara ere eramango gaitu prestatu duen ibilbide bereziak. Erne, zeren eta agian aldaparen bat igo beharko duzu eta!;)

Bidean zabiltzala, ez harritu bat-batean neska-mutiko patinetan ikusten badituzu, edo zaku-saltoan... Kuadrillen ginkana mitikoarekin topo egin duzun seinale. Badakizu zertaz ari garen, ezta? Laguntza bat: Ongi etorri Erronkara!

Gauza asko eskaintzen ditu Ibilaldiak: euskara, familia, giro ona..., eta dibertsioz eta zaporez betetako norgehiagoka bereziak, non talde bakoitzak (sei lagun) oreka- eta patinaje-probak, zaku-lasterketak eta abar egin behar dituen, bai eta elikagai-dastaketa bat ere, fruta- eta barazki-pilo bat behar bezala bereizten saiatzeko. Beraz, brokolia, apioa edo bruselazak oso gustuko ez badituzue, aukera ederra aurtengoaJ!

Final handira iristen direnak, berriz, paddle surfeko lehiaketa batean jardungo dira. Ondo irakurri duzu, bai... Izan ere, Santurtzin gaude, eta ahalik eta etekin handiena atera behar diogu itsasoari! Beraz, ez ahaztu etxean bainujantzia eta toalla, uretan bukatzea ez baita harritzekoa izango.

Ohartuko zinetenez, bikainak dira probak..., eta are bikainagoak sariak. Aurtengo Ibilaldiko Erronkaren irabazleek sari hauek eskuratuko dituzte: piraguismo-ikastaro bat Gorlizen; bigarrenek, berriz, surf-ikastaro bat, doan, Sopelan. Eta —adi!— proba guztiak gainditu dituztenen artean... 10 smartphone zozkatuko ditugu! Beraz, badakizue...

Pauso bat eta zatoz

Irri bat eta zatoz

Berba bat eta zatoz

Gure taupadara

Zurea ere bada