¿Ba al zenekien Bizkaia zubia izan zela transbordadorea duen munduko lehen zubi esekia? Bilboko itsasadarrean egin zuten (non, bestela?). Eta ordura arteko marka guztiak hautsi zituen. Lehenik eta behin, ingeniaritza-lan izugarria izan zen: 728 tona burdina erabili ziren, 10.629 errematxe, 88.248 kilo altzairuzko kable eta 21.041 torloju. Ez dago gaizki, ezta?
Bigarrenik, 125 urte bete berriak ditu; beraz, hiru mende ezagutu ditu jada: XIX.a, XX.a eta XXI.a. Alberto de Palacio y Elissaguek eraiki zuen, 1887tik 1893ra bitartean, Getxo eta Portugalete arteko lotura erraztearren, baina itsasadarreko ontzi-trafikoa eragotzi gabe. Izan ere, etengabekoa zen ontzien joan-etorria sasoi hartan. Makina bat buelta eman zizkion proiektuari Alberto de Palaciok saski esekia jartzea erabaki aurretik. Erreien gainean ibiliko zen transbordadore bat jartzea pentsatu zuen; gabarra flotagarriak ipintzea; zubi birakariak, altxagarriak, baskulatzaileak egitea... Urpeko zubi bat egitea ere pentsatu zuen! Aukera guztiak aztertu ondoren, egun daukaguna hautatu zuen.
Eta badirudi bete-betean asmatu zuela, Palacio transbordadore-zubia (horrela deitu zuten hasieran) izan baitzen Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako Euskadiko lehen obra (2006). Eta hirugarren errekorra. Baina ez du turistak erakartzen, inondik ere. Mundu osoan oraindik funtzionatzen duten zortzi zubi esekietako bat da, eta oso praktikoa: itsasadarra haren saskian zeharkatuz gero, errepidez 20 km-ko bidea egin beharra aurrezten da.
Duela urte batzuk, belzkara zen zubia, baina kolore hori zela-eta zubiak bero gehiegi xurgatzen zuela ohartu ziren teknikariak, eta gehiegi dilatatzen zirela burdinazko piezak. Beraz, aldatu egin zioten kolorea 2010ean. A! Emozioak gogoko badituzu, zeharkatu ezazu itsasadarra oinezkoentzako pasabidetik: 50 m-ko altuerara dago. Eguna argi badago, Bilbo, Nerbioi ibaiaren bokalea eta Abra ikusten dira. Zoragarria bista! Merezi du.
Zubiaren urtebetetzea delako eta guk ere ospatu nahi dugulako kontatzen dizugu hau guztia. Antolatu diren ekitaldi ugarietatik, ziur gara izugarri gustatuko zaizula honako hau: Portugaleteko Express Zinema Jaialdia, zeinak hamargarren urteurrena baitu aurten. Ez baduzu haren berri, jakin ezazu ez dela zinemaldi arrunt bat. Ezta inondik ere. Ikuskizun bitxia da; izan ere, zinemaldiaren egun berean grabatu behar dituzte film laburrak parte-hartzaileek! Larunbatean, hilaren 22an. Antolatzaileek gaia azaltzen die parte-hartzaileei, zeinek hamar ordu bakarrik baitituzte ideia landu, gidoia prestatu, pelikula filmatu eta editatzeko. Mundiala, ezta? Bada San Roke plazan izango gaituzu zure zain, egun osoan.
Eta muturreko kirolak gustatzen bazaizkizu, aparteko leku batean egin ditzakezu orain. Non ote? Hortxe, noski! Lortu baldin baduzu Extreme Suspension Bridge Racerako izena ematea, entrena zaitez, gogotik gainera, oraindik hilabete geratzen zaizun arren. Gogorra da proba, izan ere: erlojuaren kontra igo behar da lehenbiziko dorrea, mantentze-lanetarako eskaileratik, segurtasun-arnes bat jantzita; ondoren, pasabidea zeharkatu behar da, ziztu bizian, eta bigarren dorretik jaitsi. Ez dakigu zenbait maila dituen eskailerak, baina, seguruenik, asko, 50 m-ko altuerara baitago pasabidea. Parte hartzekoa bazara, zenbatu mailak, eta guri jakinarazi, iruzkin bat bidaltzen diguzunean. Ados? A! Ez ahaztu urriaren 19an, 20an eta 21ean izango direla ospakizunak.
Prest al zaude gure monumentu enblematikoenetako baten urteurrena ospatzeko? Aukera ederra duzu zubia lehenbizikoz zeharkatzeko, orain arte sekula gurutzatu ez baduzu behintzat. A! Eta zubiaren historiaz beste bitxikeriaren bat baldin badakizu, bidal iezaguzu irzkin bat.