Urdazubiko leizeak Nafarroako altxor natural handienetako bat dira. Milaka urteko haitzulo harrigarri hauek ikusi nahi badituzu, hementxe kontatuko dizugu jakin beharreko guztia: non dauden, bisitak nolakoak diren, zein diren ordutegiak, prezioak… eta, bide batez, pixka bat gehiago ikasiko dugu koba hauen jatorriari eta historiari buruz.
Urdazubi Nafarroa iparraldeko herri txiki bat da, Pirinio inguruan kokatua, Frantziarekiko mugatik eta Kantauri itsasotik hurbil, eta Leorlas auzoan daude Urdazubiko leizeak, duela milaka urtetik gure arbasoen urratsen lekuko izan diren koba harrigarriak.
Urdazubiko leizeen jatorria
Urdazubiko leizeak duela ehunka mila urte sortu ziren, Urtxume ibaiak eragindako higaduraren ondorioz, eta Nafarroan aurkitu den historiaurreko aztarnategi garrantzitsuena dira, Goi Paleolitokoa zehazki.
Artzain batek ustekabean topatu zituen 1808an, eta benetako altxor natural, historiko zein artistikoak agertu dira bertan.
Hala, agertu dira arpoiak, sukalderako edo josteko objektu arruntak, eta baita ehorzketen arrastoak ere; horrek egiaztatzen du koba hauetan jendea bizi izan zela duela milaka urte.
Izan ere, antzinako koba hauek lurpeko unibertso eskerga bat osatzen dute, askotariko haitz-formazioz josita dauden elkarri lotutako 1.850 metro koadroko galeriekin, eta Urtxume ezkutuko errekastoak zeharkaturik.
Nola iritsi Urdazubiko leizeetara
Haitzulo barrura sartzeko modu bakarra taldeko bisita gidatuak dira.
Beraz, hobe duzu sarrera aldez aurretik erreserbatzea webgune ofizialera joz: https://cuevasurdax.com/
Bisitak 40 minutu inguru irauten du, baina apur bat alda daiteke bisitari-kopuruaren arabera. Taldea gidatzen duen profesionalak markatzen du erritmoa.
Pasabidez pasabide —batzuk nahiko estuak dira—, 6 bat kilometroko ibilbidea egiten da, hainbat galeria eta gela zeharkatuz.
Urdazubiko leizeak balio natural handiko espazioa direnez, debekatuta dago bidean aurkitzen diren estalaktita nahiz estalagmita ugariak ukitzea, bai eta flasharekin argazkiak ateratzea ere. Halaber, ezin da sartu ez janaririk, ez maskotarik.
Barruan ez dago argi askorik, eta 14-16 gradu bitarteko tenperatura izaten da.
Urdazubiko leizeen ordutegiak
Urdazubiko leizeetara sartzeko ordutegia aldatu egiten da urte-sasoiaren arabera
Urtarrila eta otsaila
- Asteartetik ostiralera, 12:15ean.
- Larunbat eta igandeetan, 11:15, 13:15 eta 16:15ean.
- Astelehenetan itxita egoten dira.
Martxotik ekainera
- Asteartetik ostiralera, hiru txanda: 11:15, 13:15 eta 16:15ean.
- Larunbat eta igandeetan, zazpi txanda guztira: 11:15, 12:15, 13:15, 13:30, 15:15, 16:15 eta 17:15ean.
- Astelehenetan itxita egoten dira.
Uztaila, abuztua eta data bereziak (Aste Santua, jaiegunak)
- Zabalik egoten dira astelehenetik igandera 10:30, 11:15, 12:00, 12:45, 13:30, 15:45, 16:30, 17:15 eta 18:00etan.
Iraila eta urria
- Asteartetik ostiralera bisitak egin daitezke 11:15, 13:15 eta 16:15ean.
- Larunbat eta igandeetan, 11:15, 12:15, 13:15, 15:15, 16:15 eta 17:15ean.
- Astelehenetan itxita egoten dira.
Azaroa eta abendua
- Hauek dira bisitatzeko aukera bakarrak: asteartetik ostiralera, 12:15ean eta 16:15ean.
Urdazubiko leizeetara sartzeko salneurriak
Leizeak Urdazubiko Udalaren jabetzakoak dira, eta ordaindu egin behar da barrura sartzeko.
Helduentzako sarreraren prezioa 7 euro da.
0-4 urte bitarteko haurrak dohainik sar daitezke, eta 4-14 urte bitartekoen sarrerak 4 euro balio ditu.
Halaber, baldintza bereziak eskaintzen dira 20 lagunetik gorako taldeentzat.
Urdazubiko leizeak: nola iritsi eta bisitatu
Urdazubiko leizeen kanpoaldean, badago doako aparkaleku handi bat, eta ibilgailu handiak zein autobusak erraz irits daitezke bertaraino.
Urdazubiko leizeetarako sarrera Matxingonea baserriaren ondoan dago
Behin barrura sarturik, haitzarteko pasabide-labirinto txundigarri bat aurkituko duzu, estalaktitaz (zintzilik dauden formazioak) eta estalagmitaz (zorutik hazten diren formazioak) betea. Errepara iezaiezu medusa bitxiei ere, hau da, garro itxura duten formazioei.
Sartu eta berehala ibilbide berezi bat dago, Harrera Gela izenekoa; 30 metro luze eta 23 metro zabal ditu, eta liluratuta utziko zaitu uraren higadurak haitzetan moldatu dituen formekin.
Urdazubiko leizeetan aurkituko dituzun txoko harrigarrienetako bi dira Hiru Erregeen Gela eta Zutabeen Gela, non ur-xirripek estalaktita eta estalagmiten arteko bidea egiten duten; hantxe ikusiko dituzu magnesioak haitzetan eragiten dituen argi-distirak.
Alkerdiko leizea eta Berroberria
Urdazubin bada beste altxor bikain bat, Alkerdiko leizea hain zuzen, estalagmita baten gainean eginiko hiru grabatu dituena: bisonte bat, orein bat eta zaldi bat. Adituek uste dute Goi Madeleine aldikoak direla, hau da, duela 13.000 urte ingurukoak.
Berriki 14 grabatu gehiago aurkitu dira, ziurrenik garai berekoak, baina, tamalez, gaur egun ezin da sartu Alkerdiko eremu horretara, kontserbazio-arrazoiengatik.
Eta ezin ahaztu Berroberria, Norbert Casteret espeleologo frantziarrak 1930ean aurkitua. “Lurpeko aterpe eder bat da”, esan zuen Casteretek berak.
Mendi-ibilaldiak Urdazubin
Esan bezala, autoz joan daiteke leizeetaraino, baina badago kobetara iristeko oinezko bide ezagun bat ere: “Pottoka urdinaren ibilbidea” deitzen da, urdinez margotutako zaldi batek seinaleztatzen duelako, baina gehiago esaten zaio “Kontrabandisten bidea” edo “Sorginen bidea”.
Bide osoa egiteko (ia 35 kilometro) hamabi ordu inguru behar dira, baina zati laburrago bat bakarrik ere egin daiteke, Zugarramurdiko leizetik Urdazubiraino. Hori 12 kilometroko ibilbidea litzateke, gorabehera handirik gabea eta edonorentzako modukoa. Hala, baso eta paisaia ederretan barrena iritsiko zara Urdazubiko leizeen inguruetara, kondaira mitiko nahiz gizakion istorioen eszenatoki izan diren tokietara.
Urdazubiko leizeak: kondairak eta gerrillariak
Kondairak dioenez, Urdazubin lamiak bizi ziren, emakume-itxurako izaki mitologikoak, erdi emakume eta erdi animalia, adats luzekoak eta urari atxikiak ziren, eta haien ahotsen oihartzunak entzuten dira oraindik leizeen barnetik igarotzen den errekastoaren murmurioan.
Gizakion istorioei erreparatuta, jakina da koba hauek babesa eman zietela hainbat bandolero, kontrabandista eta gerrillariri. Urtetan, Urdazubi ohiko pasagunea izan zen mugalarientzat, hau da, gerra garaian iheslariei mugaren beste aldera pasatzen laguntzen zieten haientzat.
Hain zuzen, Urdazubiko leizeez mintzo diren lehen idatziek diote babesleku izan zirela Independentzia Gerraren garaian eta karlistaldietan.
Aldiz, 60ko hamarkadatik aurrera turistak erakartzen hasi ziren. Zehazki, 1965ean jaso zituzten publikoaren lehen bisitak.
Urdazubiko leizeak toki magikoa dira, eta naturazale ugari erakartzen dute urtero, Nafarroako iparraldeko larreen azpian ezkutuan dagoen altxor hau ezagutzeko irrikaz.
Goiburuko irudiaren iturria: Nafarroako Gobernua, Turismoa.