Mugikor on, merke eta polit bat oparitu nahi duzuenean eskatzen diguzue laguntza guri, teknologia-kontuetan aritzen garenoi. SmartWatchen modelorik onena zein den galdetzen diguzue, edo zein den kontsolarik egokiena halako adin-tarterako. Teknologia oparitu nahi duzunean, gehiago gogoratzen zarete gutaz. Gu, berriz, poz-pozik!! Baina gure buruaz hitz egiteaz aparte, besterik ere egin nahi dugu blog honetan; beraz, oraingoan ez gara teknologiaz mintzatuko... Bueno, apur bat bai, baina beste teknologia-mota batez ;)
Bizimodu "teknologikoa" errazten duten zenbait gailu
Kableak baino gauza gogaikarriagorik, gutxi: beti enbarazu egiten, gaizki bilduta... Gailu honek jasoko dizu kablea smartphonea edo tableta kargatu behar ez dituzunean. Beste gailu hau, berriz, sukalderako da. Ikusten duzunean, barrezka esango duzu: "Nolatan ez zitzaion lehenago bururatu inori?" Bi eginkizun hauertarako balio du biribilki-euskarri honek: sukaldeko papera gordetzeko, eta zure gailuak kargatzeko sukaldean ari zaren bitartean. izan ere, lau USB ataka ditu.
Mendizaleentzat da orain gomendatuko dizuegun beste gailu hau. Seguru baduzula etxean edo lagun artean asteburuetan mendira joaten den senide edo adiskideren bat. Tresna hau erabiliz, telefonoa eta era guztietako gailuak karga daitezke, suaz baliatuz. Ondo irakurri duzu, bai: sua. Hainbat eta hainbat egunez eguzkia ikusten ez den garai horietarako ezin aproposagoa da gailua. Sukaldeko lanak amaitzerako, kargatuta izango dituzu bateriak.
Hurrengo gomendioa, berriz, askoz ere xumeagoa da..., baina oso praktikoa! Kubo-formako konexio-bloke baten moduko zera bat da, eta lau korronte-irteera eta bi USB ataka ditu. Etxeko entxufeei etekin handiagoa ateratzeko konponbide ezin egokiagoa. Bi gailu kargatzen dituzun bitartean zure tresna elektronikoak konektatzeko aukera ematen dizu. Ez duzu itxaron behar smartphonea ondo kargatuta edukitzeko, eta nahi adina Watshapp bidal ditzakezu Gabonetako afarietan.
Oparitu deskonexio-unetxo bat
Gaiz aldatuz, hona gure proposamena: lagundu zuen adiskide ezkutuari deskonektatzen eta une on bat igarotzen, lagun artean edo bakarrik.Esate baterako, zergatik ez utzi alde batera mugikorra eta familiarekin jolastu? Abiaduraz gozatzeko eta barre pixka bat egiteko, Jungle Speed gomendatzen dizugu. Joko horretan, ahalik eta azkarrena geratu behar duzu kartarik gabe. Edo, zergatik ez denok elkartu eta istorio dibertigarriak kontatu elkarri? Neska-mutikoen adierazpen-gaitasuna hobetzeko, bikaina da Story Cube jokoa. Bederatzi dado jaurti behar dira eta, emaitzen arabera, honelako edo halako istorio bat asmatu. Oso kontu dibertigarriak entzungo dituzue!
Eta, erabat deskonektatzeko..., liburu on bat! Aurtengo Gabonetan gehien oparituko den liburuetako bat Dolores Redondo idazle donostiarraren bat izango da, 2016ko Planeta Saria irabazi duen Todo esto te daré alegia. Eleberri beltza gustatzen bazaizu, erosi El silencio de la ciudad blanca, Eva García Sáenz de Urturi gasteiztarrarena. Ez duzu jaregingo! Txikienentzat, berriz, hona gure gomendioa: Cuentos de mitología vasca para niños: Euskal mitologiako ipuinen bilduma. Haurrentzako ipuinak: Euskal ipuin herrikoien bilduma-.
Opari solidarioak eginda, bikoitza izaten da poza
Amaitzeko, zergatik ez opari solidario bat? WOPen onlineko dendan, ideia pilo bat duzue: lepokoak, motxilak, Gabonetako saskiak..., eta produktu izarra: “ikerketa-minutuak" kupoiak, 20 minututik ordubetera artekoak. Neuroendekapenezko gaixotasunak ikertzeko erabiltzen da eskuratzen den diru guztia, WOP Fundazioaren bitartez.
Gustu eta poltsiko guztietarako moduko ideiak, ezta? Beraz, zer oparitu behar diozu lagun ezkutuari? Bidali zure proposamenak!