Interneteko dendarik ezagunenetan hasten bazara Nintendo Switch en bila, ez duzu aurkituko, seguruenik, agortuta egongo baita. Wii Uk porrot egin ondoren, garaipen baten premia larria zuen Nintendok. Salmenta-datuei begiratuta, badirudi bide onetik dabilela. Baina, zer diote Switchen erabiltzaileek? Pozik al daude kontsola berriarekin?
Ikusirik grafiko handien alde egin dutela bere lehiakide Sonyk eta Microsoftek, bestelako zerbait plazaratzea erabaki du Nintendok: mahai gaineko kontsolaren eta eramangarriaren arteko konbinazio bat. Ikusmin handia sortu du estrategia horrek bideojokoen zaleen artean, eta, haien inpresioak ezagutzearren, ziztu bizian Switcha jada eskuratua duten hiru lankiderekin hitz egin dugu. Hona hemen zer esan diguten David Sánchezek (marketina), Xiber Aguilerak (gure webmasterra) eta Slipyk (Mikel Ranero, Gameguneren arduraduna):
EUSKALTELEN BLOGA. Zer deritzozue Nintendo Switch-i hilabete eta gero?
DAVID: Aire freskoa dela iruditzen zait, zenbait berrikuntza ekarri baititu xehetasun teknikoak nagusi diren alor honetara. Etxean eta etxetik kanpora egungo kontsumitzaileak bere aisialdiko denbora zertan eta nola ematen duen jakiten eta asmatzen saiatu da Nintendo. Horrela sortu zen Switch. Telebistari seinalea igortzen dion euskarritik (Dock) atera, eta hor duzu kontsola. Zoratu egingo zara egongelatik ohera (edo komunera) lehenbizikoz eramaten duzunean).
XIBER: Biziki harritu nau kontsolak. Harrigarria iruditzen zait telebistan ikusten duzun horretara jokatzeko aukera izatea, denbora errealean, eramangarri batean.
SLIPY: Ez zait txarra iruditzen, baina ez da nire ametsetako kontsola ere. Kontsola eramangarrien eta mahai gainekoen merkatuak berenganatzen saiatu dira, eta erdibidean geratu ote diren irudipena daukat.
EUSKALTELEN BLOGA. Zuen ustez, hobera egin du Nintendoren egoerak Wii Uren porrota eta gero?
DAVID: Nire ustez, bikaina izan du itzulera eta, oraindik ere atariko fasean dagoen arren kontsola berria (joko-katalogoa eta funtzionalitate batzuk falta zaizkio), ederki funtzionatzen du egun duen guztiak. Lehen kontsola oso gazterik eskatzen duten haurrak dauzkaten familiek hori izan behar lukete bideojoko bidezko lehen entretenimendu-aukera, bai joko-katalogoagatik, bai gurasoen kontrolagatik. Eta hona nire iragarpena: Switcherako Pokemon bat plazaratzen duten egunean, kolapsatu egingo da gamer mundua :_D
XIBER: Wii U baino gehiago salduko da, zalantzarik gabe, baina bere bide propioari jarraituz eta harrokeria handirik gabe, Microsoftek eta Sonyk ez bezalako estrategia baitauka.
SLIPY: Nire iritziz, lortuko du hobera egitea Wii Uren porrota eta gero, baina ez du lortuko Wiik adinako arrakastarik.
B.E. Gustatzen al zaizue Switch kontzeptua? Kontsolen estandar berria bihur al daiteke, zuen ustean?
XIBER: Beti izan naiz eramangarrien oso zalea (Nintendo, Sony, Sega, Bandai… marketako zenbait kontsola eramangarri dauzkat); beraz, bete-betean asmatu dute, niri dagokidanez behintzat. Ez dut uste estandar izatera iritsiko denik; beste aukera bat izango da.
DAVID: Nire joko-ordu guztien % 70 edo 80 eramangarrietan egingo nituen. Zalantzaren bat eragiten zidan, bateriaren iraupenak batez ere, baina, probatu ostean, ikusgarria iruditzen zait. Adibide bat: gure etxera Switch sartu denetik, PS4a ez dugu piztu ere egin. Norberak bere erabilera propioa emango dio, baina bat oso argia behintzat ikusten diot nik: saihestu egiten ditu telebista "nagusian" jokatzeagatik sortzen diren eztabaidak. Jolasten ari bazara eta bakarren batek telebista hori erabili nahi badu, oso konponbide erraza du auziak: atera Switcha bere euskarritik, eta eramangarri moduan jarraitu jolasten.
SLIPY: Ni, ordea, ez nau guztiz asebetetzen kontzeptu horrek. Behin bakarrik entxufatu dut telebistara. Gainerakoan, kontsola eramangarri gisara erabili izan dut, baina etxean. Ez dut uste kalean hura besapean dudala ibiliko nintzatekeenik. Handiegia da. Ez zait iruditzen, beraz, gainerako kontsolek bide horretatik joko dutenik aurrerantzean. Potentzia handiagoa nahi dute besteek, eta PCekin lehiatu, nolabait. Alabaina, badu Nintendok bere merkatu propioa, non eroso sentitzen den eta merezi dion potentzia txikiagoa duten baina berritzaileak diren kontsolak merkaturatzea.
Zelda Breath of the Wild
B.E. Oso harrera ona izan duen joko bat dakar kontsolak: Zelda Breath of the Wild. Probatu duzue jada?
SLIPY: Egia esan, oso ona da jokoa, Zeldarik onenetarikoa, "kontsola-saltzaile" ezin aproposagoa. Hura gabe, Switchen salmentak ez ziren inondik ere izango hain onak.
DAVID: Hain zuzen ere, horregatik ez dut uzten bazterrera nire kontsola. Horrelakoa da Nintendo: zerbaitetan asmatzen badu, maisulan bat izan ohi da. Nire ustez, bat etorriko gara asko honetan: inoiz erabili izan dugun Sandbox (onlinekoa ez den bideojokoa) "sanbodxtarrena" da. Ikusgarria da ematen duen joko-askatasuna. Adibide bat jartzearren, ez dira gauza bera metalezko ezkutuak eta ezpatak eta zurezko ezkutuak ematen dizuten isiltasun-maila: metalezkoek, elkarrekin talka egin eta zarata metalikoa egiten dute oinez zabiltzala; zurezkoek, berriz, bestelako soinua egiten dute. Ez dut uste dagoenik maisulan horren mailara iristen den Zeldarik edo antzeko jokorik.
XIBER: Niretzat, Zeldarik onena da. Ikusten diodan akats bakarra framerate-arazoak dira (segundoko irudi-kopuruaren jaitsierak). 10 puntutik 9 ematen dizkiot nik. B.E: Gustatu al zaizue merkaturatu berri den beste jokuren bat? Ba al dago nahikoa aukerarik katalogoan?
DAVID: Hori da plazaratu duten guztiaren ahulguneetako bat. Dena dela, berri on bat ere badago: Nintendok hilero atera behar du merezi duen jokoren bat. Zelda alde batera utzita, eta Mario Kart kontuan hartu gabe, Super Bomberman R azpimarratuko nuke nik.
SLIPY: Zeldaz gain, 1-2-Switch bakarrik probatu dut. Oso dibertigarria da; lagunekin jokatzen da, eta gogotik egiten da barre. Beste jokoren bat ere badut begiz joa: Super Bomberman, adibidez. Baina hasierako katalogoa oso eskasa zen, hutsegite erabatekoa.
XIBER: Zeldarekin ez ezik, FAST RMXrekin ere jokatu dut, bai eta Snipperclipsekin ere. Lehenbizi aipatu dudana F-ZEROren "kopia" bat da, oso dibertigarria bi lagunen artean edo online jokatzeko. Snipperclips ere oso originala eta dibertigarria iruditzen zait, hasierako katalogoko harribitxi bat. Merezi du, egiazki.
Online modua
B.E. Batez ere zein jokoren zain zeundeten?
XIBER: Berretsi dituzten horien zain: Xenoblade 2, Mario Kart Deluxe, RIME, Fire Emblem, Dragon Quest… Eta oraindik deusik ez dakigun arren laster plazaratu dituzten horien zain ere bai: Animal Crossing, Pokemon, Pikmin…
SLIPY: Rimera eta Splatoon 2ra jokatzeko gogoa dut (azken hori, online). Itxura ona dute.
DAVID: Zalantzarik gabe, alde horretatik irabazlea Super Mario Odyssey da.
B.E. Jokatu al duzue online ? Zer iruditu zaizue?
DAVID: Ez dut probatzeko aukerarik izan oraindik.
SLIPY: Nik ere ez.
XIBER: Nik jokatu dut, Fast RMXrekin, eta ez dut nabaritu inongo atzerapenik eta antzekorik partidetan; primeran zebilen dena. Alegia, horixe eskatzen diot jokoari.
Eta zuk? Jokatu al duzu Nintendo Switchekin? Arrakasta izango duela uste duzu? Probatu baduzu, gustatu zein ez, utz iezaguzu iruzkin bat. Zu entzuteko irrikaz gaude!