Badakizu Dolomitetan via ferrata ikusgarriak daudela, Lehen Mundu Gerrako aire libreko museotzat jo daitezkeenak? Eta Zegama-Aizkorri lasterketako denbora-kontrola oso zorrotza dela erreskateak oso zailak direlako ibilbidearen bigarren zatian?

Bada, ideia horiek aperitiboa besterik ez dira, askoz gauza gehiago kontatu baitzizkiguten Karlos Zuñiga, María Luisa Alonso, Iker Rojas, Aitor Saiz eta Nekane Ortega lankideek duela egun batzuk haiekin izandako solasaldian. Mendizale amorratuak dira bostak, eta eskarmentu handikoak gehienak. Hori jakinik, eskatu genien kontatzeko beren esperientzia eta bizitako abentura batzuk, emateko gomendio batzuk eta gomendatzeko ibilbide batzuk. Hain izan zen atsegina solasaldia, Iker animatu egin zen, eta Euskaltelen mendi-talde bat antolatzeko aukera proposatu. Elkarrizketa grabatua dago, Aitor; beraz, ezin duzu ihes egin orain!

Eta zergatik mendia? Bada, kolore laranja Euskaltelekin bezain estu lotua dagoelako mendia Euskadirekin: “Odolean daramagu”, dio Nekanek. Eta, hemendik kanpo ere ezaguna da gure mendi-zaletasuna. Karlosek dio Zegama-Aizkorri proban parte hartzen duten nazioarteko korrikalariak harrituta gelditzen direla ikusirik zenbat zale euskaldun biltzen diren lasterketaren ibilbide guztian. “Ez da kasualitatea, noski, Salomon  marka izatea lasterketaren babesle nagusia eta Vibram etxeak zola-mota jakin bati Zegama deitu izana”.

Eta guk zera jakin nahi genuen: zein da biderik zailena? Nekanek ez du batere zalantzarik: Oraingoz, Bisaurín mendiko igoera, neguan. Ez zuen behar bezala zaindu hidratazioa, eta, tontorretik gertu zegoela, haren ondorioak jasan zituen. “Kalanbreren bat edo beste izan nuen, eta ohi baino gehiago kostatu zitzaidan tontorrerako azken metroak egitea”.

María Luisak ez du ahaztu Sorapiss mendia, Dolomitetako 3.200 metroko igoaldi benetan zaila. Igoerari ekin aurreko egunean kazkabarra egin zuen, eta izotzak estali zuen lurra. Baina aterpera iristear zirela heldu zen okerrena: mendiak ez du abisurik ematen, eta, minutu gutxiren buruan, zerua belztu, eta gain-gainean zuten ekaitza. Zorte handia izan zuten, hala ere, aterpera iristeko denbora eman baitzien ekaitza lehertu aurretik. María Luisak eta haren lagunek ordu eta erdi luze itxaron behar izan zuten aterpean, mendian gora segi aurretik.

Halako egoera arriskutsuei aurre egiten jakin behar da mendian. Baina, arriskuak gora-behera, bide berrien bila dihardute etengabe. Nepalen barrena Baltoroko trekkingean; 3.400 metrotik gorako Anetora, Kataluniako Pririnioetako Carros de Foc ezagunera... Horixe da, hain zuzen, Ikerrek egin nahi duen ibilbidea; berak dioenez “buruan sartuta daukana”, lesio baten ondorioz: Pirinioetako ibilbide hori egiten ari zela, orkatila bihurritu zuen bigarren etapan, eta zaintiratu larri bat egin. “Ez nuen beste aukerarik izan; orkatila ondo lotu, eta jaitsi egin behar izan nuen; ezin izan nuen bidea osatu”, dio nahigabetuta.

Nahitaezkoa da aurrez ondo prestatzea

Gure lankide mendizaleek gomendio hau eman diete kirol honetan hasi nahi dutenei: pixkanaka hasteko, helburu errazetatik gero eta zailagoetarantz. “Herriko menditik hasi behar da; gero Pagasarri igo, Ganekora... Eta horrela, pixkanaka”, dio Ikerrek. Ez dago mendi-bide erraz edo zailik; “prestakuntza eskatzen dute denek”, dio Nekanek. Hasteko, federatzea gomendatzen du Aitorrek, eta mendi-talde batean izena-ematea.

Behin ibilbidea aukeratuta, prestatu egin behar da, eta nahiatezko direnak sartu motxilan. Lehenengo, garrantzitsuena: ura, ur asko, bai neguan eta bai udan. Uraz gain, bisera bat, eguzkiaz babesteko krema, janaria, haize-babes bat eta zira bat. Karlosek dio, gainera, oso garrantzitsua dela hotzetik babesteko arropa ere eramatea halako ibilbideetan, hasieratik bukaerara 10 oC-ko aldea egon baitaiteke. Gogorarazi digu korrikalari profesional bat “hotzak hil” zela Cavalls del Vent-en. “Gustuko dute mendia, eta buru-belarri sartuta daude kirol honetan, baina ez dakigu zergatik badira batzuk erotu egiten direnak eta kamiseta hutsean joaten direnak korrika egitera”.

Mendian ere badu lekurik teknologiak?

Horixe baietz, Euskalteleko langile mendizaleen artean batik bat. Mendikat, Wikilock, eta Alpify tresna garrantzitsuak dira, eta informazio baliagarria emateaz gain, ataka gaizto batetik ateratzeko laguntza handia izan daitezke. Behin batean, oso lagungarri izan zitzaion María Luisari Alpify lokalizazioko aplikazioa: “Kolitzatik behera gindoazela, gaixotu egin zen lagun bat. Larrialdietara deitu genuen, eta berehala aurkitu gintuzten. Mediku batek jarraibide batzuk eman zizkigun lehen sorospen gisa, eta ez zuten helikopteroan eraman behar izan. Eskerrak!”.

Aitorrek, berriz, mendiari buruzko ikuspegi erromantikoagoa du. Nahiz eta aitortzen duen tresna teknologikoak oso garrantzitsuak direla, mendizaletasuna berarentzat erronka berezi bat da, utzi egin behar dena ezin bada egin GPS baten laguntzarik gabe, adibidez. Hala ere, Aitorrek dio ibilbide bati ekin aurretik informazioa jaso behar dela, dena ondo antolatu, eta telefono mugikor bat eraman, noski, seguru abiatzeko. Baina era berean dio bera ez litzakeela sekula igoko mendi batera gidari batekin, ezta “nondik joan behar duen” esaten dion gailu batekin ere.

Izan ere, zuhur izatea bezain garrantzitsua da norberaren mugak onartzea. “Batzuetan, garrantzitsua da plana bertan behera uzten jakitea”, dio Nekanek. Eta ondo iristeko, prestakuntza fisiko egokia behar da; “behar bezala prestatuz gero, ondo iritsiko gara tontorrera, eta ez ito beharrean, arnasa ezin hartu”.

Solasaldia bukatzear zegoela, denek agindu zuten parte hartuko zutela, maiatzaren 15ean, San Isidro egunez eta Euskaltelen jai egiten dugula aprobetxatuz, Ikerrek urtero antolatzen duen mendi-irteeran. “Talde bat bildu, mendi batera igo, eta bazkaritxo bat egiten dugu gero. Primeran pasatzen dugu. Orain arte, inguruko mendietan ibili gara: Eretza, Pico de la Cruz edo Txindoki. Aurten, Ganekora igo gara, Laudiotik”. Mendiaz gozatzeko biderik onena.

Eta zuk? Ezagutzen duzu mendi-bide berezirik? Gomendatuko diguzu bakarren bat? Idatzi iruzkin bat, eta eman horren berri.