Inauteri berezienetako bat da Nafarroako Ituren eta Zubieta herrietan egiten dena. 2024ko urtarrilaren 29an (astelehena) eta 30ean (asteartea), joaldunak bi herrietako kaleetan zehar ibiliko dira, arropa koloretsuak eta joare ozenak soinean. Honelakoak dira Iturengo eta Zubietako inauteriak.
Bertizko Parke Naturaletik oso gertu daude Ituren eta Zubieta, Nafarroako Malerreka haranean. Bertan, ohiko egunetan baino lehenago ospatzen dituzte inauteriak, urtarrilaren azken igandean eta hurrengo astelehen eta asteartean. Beraz, 2024an, urtarrilaren 29an eta 30ean izango dira.
Interes turistikoko festa eta kultura-intereseko ondasun izendatu zituzten, eta ondoen mantentzen diren Inauterietako tradizioen artean daude.
Tradizioaren jatorri zehatza ezagutzen ez den arren, naturaren "esnatzeari" lotutako antzinako errituekin eta negu hotzaren ondoren espiritu eta deabru txarrak uxatzearekin lotzen da.
60ko hamarkadan hasi ziren inauteriak urtero ospatzen, eta geroztik oso ezagun egin dira, eta nabarmen handitu da partaidetza.
Egun, Iturengo eta Zubietako joaldun enblematikoek interesa pizten diete urtero bisitari askori, pozez, kolorez eta zarata handiz betetako ospakizun original horretaz gozatzeko aukera baitute.
Iturengo eta Zubietako inauterien agenda
Iturengo eta Zubietako bizilagunek beti modu berean antolatzen dituzte inauteri herrikoiak, tradizioak ezartzen dituen errituak betez.
Astelehenean, Zubietakoak Iturenera joaten dira. Asteartean, Iturengoek bisita itzultzen dute, eta joaldunen segizio guztia ondoko herrian zehar ibiltzen da. Joaldunak "joareak dituztenak" dira, "joaredunak".
Bi egunak txerri-puskak biltzearekin hasten dira. Trikitiaren eta fanfarreen musikak girotzen ditu puska-bilketa eta herri bakoitzeko kaleetan zehar egiten den desfilea.
Bildutakoan, egun luzeari aurre egiteko, indarrak berreskuratzen dituzte joaldun guztiek hamaiketako batekin, eta, gero, arropa ofizialak janzten dituzte.
Behin dotoretuta, 12:00ak aldera, Zubietakoak Aurtitz auzora joaten dira. Iturengo joaldunek Zubiburuko zubian harrera egiten diete, eta herrirako bisitan lagun dituzte. Bisita berezi honetan hartzak gidatzen ditu, hots, Nafarroako inauterietan ohikoa den hartz gorputza eta ahari-burua duen izaki iletsu erraldoiak.
Asteartean, antzeko plana izaten da, baina Iturengoek egiten diete bisita Zubietakoei.
Bide batez, bi herrien arteko distantzia 3 kilometrokoa da.
Iturengo eta Zubietako inauterien jantziak
Zer janzten dute Iturengo eta Zubietako inauterietako joaldunek?
Abarka tradizionalak janzten dituzte artilezko galtzerdi zurien gainean. Alkandora zuria, eta haren gainean gerria eta sorbaldak estaltzen dituzten artilezko txaleko bat. Paxa gerrian, eta gonazpiko zuri parpailladuna galtzaren gainean. Koloretako zapiak lepoan, gehienetan koadro urdinekoak edo tonu gorrixkakoak.
Bereziki deigarria da metro erdiko altuera duen txano konikoa, erpinean zintaz eta hegazti-lumaz hornitua. Txano horri ttuntturroa deitzen zaio.
Jantzia biribiltzeko, zaldi-zurdaz egindako isipu bat, urre-koloreko tatxetekin iltzatutako kirten bati lotua. Eskuineko eskuaz gobernatzen dute, eta beti lurrerantz oso makurtuta izaten da.
Eta, jakina, joareak: batzuk, gerriari lotuak (soinua egiten dutenak), eta beste txikiago batzuk, apaingarri gisa, omoplatoen parean.
Badira alde txiki batzuk Iturengo eta Zubietako jantzien artean: Iturengoak larruz estaliak ibiltzen dira leporaino, eta Zubietakoak, berriz, gerriraino bakarrik.
Joaldunen arropak janztea lan neketsua da, eta, horretarako, gutxienez bi maisu aparejadoreren laguntza behar izaten dute.
Garrantzitsua da zintzarriak ondo lotuta egotea, soinua atera dezaten eta eramaileari minik ez diezaioten eman.
Joaldunen desfilea Iturengo eta Zubietako inauterietan
Joaldunak bi lerro paralelotan ibiltzen dira beti, jauzi txikiz tartekatutako urrats laburrak eginez, joareek soinua aldi berean egin dezaten.
Erritmoa joaldun batek markatzen du garrasiekin, eta aldizka adar bat jotzen du.
Joaldunekin batera, piztiak, ahariak eta jende mozorrotua ibiltzen dira. Maskaratuta daude, eta lanbide tradizionalak irudikatzen dituzten karrozak egiten dituzte. Hala ere, bizilagunak eta bertan dabiltzanak gogaitzea eta zikintzea dute zeregin nagusia.
Maskarada honi buruz gehiago dakizunez orain, ez galdu inauteriei aurre hartzeko aukera. Zoaz Ituren eta Zubietara, eta gozatu Nafarroako tradizio ezagunenetako batez.
Goiburuko irudiaren iturria: Nafarroako turismoa.