Euskal Kazetarien Elkartearen Kazetaritza Digitalaren Saria  jaso zuen Iker Merodiok duela egun batzuk, Euskaltelen Harreman Instituzionaletarako zuzendari Nerea Lupardoren eskutik. Urte luze darama eremu digitalean lanean Bogando por la reden idazleak, eta harengana jo du Euskaltelek bere lanaz hitz egin eta eguneroko jardunean teknologia berriak nola txertatzen dituen azal diezagun.

EKT bloga: Noiz erabaki zenuen kazetaritza digitalari ekitea?

- Iker Merodio: Egia esan, kazetaritzari ekin diodan garaiaren ondorio da nire erabakia. Alde batetik, hedabide "tradizionaletan" argitaratzen nituen edukiak Interneten ere zabaltzea erabaki nuen, egunkarietako eta irratietako kolaborazioak, batez ere, zeinak nire blogera igotzen nituen lehenbizi eta, ondoren, Facebook edo Twitterrerako estekak jartzen. Aldi berean, hedabide erabat digitalen kolaboratzaile ere aritzen nintzen: Coolpable izeneko Bilboko aldizkari kulturalean eta, geroago, Sesión de Controlen, besteak beste. Niretzat, nahikoa naturala eta logikoa izan da erabakia.

- EKT: Aldatu al da zure irakurleen profila alor honetan gehiago lan egiten duzunetik?

- I.M: Bai. Albiste gehiago irakurtzen ditu jendeak, eta gutxiago albiste bakoitzetik. Nire ustean, hori da aldaketa nagusia: titularra ez da jada erakargarri hutsa, baizik eta informazio osoa, bere denbora-lerroan tuitak etengabe irakurtzeko ohitura duenarentzat behintzat. Facebooken, berriz, garrantzitsuagoa da, batzuetan, eduki-estekatzailearen ikuspegia esteka edo albistea baino. Kontraesan-garaia da hau irakurleentzat: handiagoa da informazio-eskaria, baina haren irakurketa ez da hain kritikoa. Informazio-iturri gehiago dago, baina horrek ez du esan nahi informazio osagarri gehiago duenik irakurleak bere iritzi propioa eratzeko. Geroz eta "iritzi-emaile" gehiago dago hedabide digitaletan, sare sozialetan, blog txit interesgarrietan..., baina, azken batean, bi eratako iritziak bakarrik eman ohi dira askotan (gehiegitan): aldekoak edo kontrakoak.

- EKT: Sare sozialak ezinbestekoak dituzu zure lanerako. Zer ekarpen egiten dizute sare horiek, eta zer arrisku dituzte?

- I.M: Kazetaria naizen aldetik, izugarrizko ekarpena egiten didate: zenbait gai iradokitzen dizkidate; oso interesgarria den eta, agian, informazio-iturri izan daitekeen jendea ezagutzeko aukera ematen didate; testuinguru bat sortzen laguntzen dute... Edo bat baino gehiago... Arazoa, berriz, hau da: aseezinak dira sareak. Kontua, beraz, memoria ona edukitzea da... Edo zure edukien artean arakatzen ibiltzeko blog bat edukitzea, auskalo noiz idatzi zenuen testu haren bila. Alegia, gai baldin bazara zure ideiak ordenatzeko, jende interesgarri horren arrastoa ez galtzeko, unean uneko modaren mendeko ez izateko..., bada, oso-oso baliagarriak dira sare sozialak. Jakina. Baina denek dauzkate beren arriskuak: egia ez ziren zenbait informazio argitaratu izan dut (eta, ondoren, zegokion zuzenketa); zenbait iritzi zabaldu ditut nire irakurleen artean ustez gehiengoaren ustea islatzen zutelakoan, baina denborak aurrera egin ahala ohartu naiz ez zirela oso iritzi zuzenak edo gomendagarriak... Kontu handiz ibili behar da, ezinezkoa baita, gaur egun, akatsik ez egitea sare sozial digitalez baliatzean.

- EKT: Harritu al zaitu, inoiz, plataforma horiei esker zure artikuluek izan duten oihartzun zabalak?

- I.M: Bai. Uste ez nuen foro batzuetan aurkitu izan ditut zenbait argazki eta artikulu. Batzuetan, ederra izaten da sentsazio hori, hau da, konturatzea zuk argitaratutako zerbaitek bultzatuta ari direla eztabaidatzen zenbait lagun gai interesgarriren bati buruz, nahiz eta zugandik oso urruti egon. Beste batzuetan, aldiz, ikusten duzu manipulatu egiten zaituztela, edo zure iritziaz baliatzen ari direla, maltzurki antzean, beren buruari arrazoia emateko. Baina berehala ikasten duzu hori online lan egiten baduzu: argitaratu orduko, edukiak ez dira jada zureak, erabat galtzen duzu haien gaineko kontrola, eta alferrik da haiek "lotzen" edo "garbi" iraunarazten saiatzea. Denbora eta energia asko galtzen da ahalegin horretan.

- EKT: Zertan aldatu dituzte teknologia berriek zure laneko ohiturak?

- I.M: Lan gehiago egiten dut, egiatan diotsut. Ordenagailu bati geroz eta estuago lotuta bizi naiz; izan ere, online argitaratzen den guztian oinarritutako edukiak ez ezik, neureak ere sortzen laguntzen dut. Baina bideoak grabatzen ez dakidanez eta ni baino argazki hobeak edozeinek egiten dituenez, nik edukia jaso, ordenatu eta hedatzen dut. Beraz, teklatu bati kateatuta bizi naiz, eta naiz askorik mugitzen. Horretaz aparte, ordu gehiago lan egiten dut sare sozialak direla medio, edo, zenbaitetan, ez diot inoiz lan egiteari uzten. Dena ez da negatiboa, hala ematen badu ere, baina ezin aipatu gabe utzi sare sozialek sedentarismoari egiten dioten "ekarpen" hori, edo lana eta bizitzaren gainerako alorrak uztartzeko aukerari egiten dioten kaltea.

- EKT: Gailu bakar bat hautatu beharko bazenu (ordenagailua, tableta, mugikorra...), zein aukeratuko zenuke? 

- I.M: Gaur egun, mugikorra. Duela urte-parte bat, berriz, tableta esango nukeen, seguru aski; duela bi atzerago joz gero, berriz, ordenagailua. Dena dela, etengabe erabili izan dut ordenagailua nire eguneroko jardunean, eta beti izan du garrantzi handia. Sare sozialetan bideoa hainbeste hedatuz geroztik, tabletaren erabilerak behera egin du; ordenagailua, berriz, ezinbesteko bihurtu da berriz ere. Nolanahi dela ere, bakarra hautatu behar banu, argazki-kamera aukeratuko nuke. Hori bai iruditzen zaidala ezinbestekoa.

- EKT: Zure eguneroko jardunean behar-beharrezkoak zaizkizun bost aplikazioren izenak esango al dizkiguzu?

- I.M: WhatsApp, Facebook, Twitter, agenda eta Gmail. Bigarren mailan, berriz: Instagram, Google Maps, Spotify, ataza-zerrenda... Eta eguraldiarena.